Jonebati ZABALA

Fernando Botanz, XX. mende hasieran bizi den bildumagilea

XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako piezak biltzea da Fernando Botanzen zaletasuna, baina afizioa baino «pasioa» dela dio berak. Izan ere, garai hartako objektuen artean bizi da, horrela, orduko «edertasuna» gogoratzen saiatzen da San Telmo eta Balentziaga museoei ere hainbat donazio egin dizkien bildumagilea.

Fernando Botanz
Fernando Botanz

Txikitatik du Fernando Botanzek XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako piezekiko lilura. Izan ere, amona 1900. urtean jaio zen, eta, familiarekin batera haren etxera bisitan joaten zenean, «gozatu» egiten zuen Botanzek garai hartako gauzak ikustean. «Zein politak ziren ohea, logela, argazkiak, izarak, koadroak... Amona ez zen aberatsa, baina garai hartako gauzak zeuzkan. Garbiketa egitean amonaren lozazko kafeontzia bota nahi zuten, eta, nik ezetz, eta gorde egiten nuen». Horrela hasi zuen bere bilduma. 15 urterekin gurasoek ematen zioten dirutxoarekin ere gauzak erosten hasi zen.

Urte asko daramatza Botanzek 1900 inguruko objektuak biltzen. Donostian, Bilbon, Bartzelonan eta Madrilen aritzen da horiek erosten, batez ere antigoaleko gauzak saltzen diren azoketan. Baina urte batzuk badira lagun batekin batera Estatu frantsesera ere joaten dela, eta bertako azoka txikietan zein antigoaleko objektuen ferietan ere hainbat gauza erosi ditu.

«Objektuak garai hartakoak direla jakiteko informazioa izatea beharrezkoa da. Artearen historiari buruzko jakintza izan behar duzu. Hau nire pasioa da, modaren historiari, antzinako gauzen eta artearen historiari buruzko liburuak neuzkan. Asko ikusi eta asko gozatu dut horiekin. Liburu horietan asko irakurri dut eta horrela ikasi egiten da historiari buruz», zehaztu du. Bizitzan zehar antigoaleko objektuen museo askotan izan da Botanz, baina Donostiako San Telmo museoan ikasi zuen «ikusten». Izan ere, urte askoan Legazpin bizi izan bada ere, Donostian jaiotakoa da Botanz, eta horixe da bere hiria.

San Telmo museoan 16 urterekin sartu zen lehenengoz, eta liluratuta geratu zen. «Orduak pasatzen nituen bakarrik, margolanak dastatzen: gauza bat ikustea da eta beste bat dastatzea, denbora hartuta, bake giroan eta isiltasunean. Garai hartan jende gutxi egoten zen museoan eta horrek bazuen bere magia. Horrela, gauzak ikusiz, zure begiak hezten dituzu, koadro baten kalitatea edo margotu zuten garaia jakin ahal izateko».

Museoa sortzea, ametsa

Arte Ederrak ikasi ostean, irabazi zuen lehen soldatarekin hasi eta poliki-poliki bere bilduma osatuz joan da Botanz. Objektu kopurua handituz joan ahala, 30 urte zituela, proiektu bat piztu zitzaion buruan, bere «ametsa»: gauza horiekin guztiekin museo txiki bat egitea. 1920ko etxe txiki bat garai hartako altzari, arropa, lanpara zein margolanekin jantzi eta berak erakustea, hain zuzen. Baina hori lortu ezik ere, areto batzuetan erakusketa bat atondu eta bera gidari aritzea asko gustatuko litzaiokeela kontatu du.

Izan ere, etxean dituen piezen egileei buruz ikertzen hastea «liluragarria» iruditzen zaio, eta hori pertsona batzuei azaltzea oso interesgarria izango litzateke bildumagilearentzat. Hala ere, piezok gustuko izateko berezko zaletasuna izan behar dela uste du, horrelako gauzekin gozatzeko «sentikorra» izatea ezinbestekoa baita. «Nik emozioaren emozioz negar egiten dut ondo errezitatutako poesia bat entzuten badut, edo ondo jotako piano partitura bat, baita koadro eder bat ikusten dudanean ere. Baina gutxiengo bat gara gauza hauek ikustean hainbeste disfrutatzen dugunak».

Urteek aurrera egin ahala, 1.700 piezako bilduma izatera heldu zen Botanz, baina, hainbat arrazoi zirela medio, bildumagile donostiarrak ez zuen bere ametsa egia bihurtzea lortu. Horrenbestez, orain dela zazpi urte Bizkaira bizitzera joatea erabaki zuenean, bere etxe berrian ondo geratuko ziren objektuak aukeratu eta gainontzekoak Donostiako San Telmo eta Getariako Cristobal Balenciaga museoei oparitu zizkien. «Gogorra» izan zen arren, era berean, «poztasun izugarria» sentitu zuela azaldu du bildumagileak.

Jende askok aholkatu zion objektuak saltzeko, oparitzea erabaki txarra zela. Baina «horrelako jendearekin» denbora galtzeak ez duela merezi uste du Botanzek. «Nola saldu nik hainbeste lan egin ostean erosi dudana? Hori saltzerik ez dut. San Telmo museoa nire bihotzean daramat, nire museoa da, eta lehen momentutik bertatik hartu nuen objektuak museora eramateko erabakia. Niri, 16 urterekin esan izan balidate 30 urte barru zure gauzak kristalezko bitrina hauetan egongo dira, ez nuke sinetsiko».

Kapelak, soinekoak, liburuak, altzariak, telak... Balioa duten gauzak oparitzeko eskuzabaltasuna eduki behar dela onartu du, baina, kasu honetan, eskuzabaltasuna baino, maitasuna dela dio, bere «hiriarekiko maitasuna», hain zuzen.

Getariako Cristobal Balenciaga museoan, izen bereko diseinatzailearen soineko, kapela, beroki, trajeak eta lurrinak biltzen dituzte, besteren artean. Bere bildumako ehunezko hainbat pieza ematea zuen pentsatuta Botanzek, hori dela-eta, museora deitu eta donazio bat egin nahi zuela esan zien. Piezak ikustera hurbildu ziren museoko arduradun batzuk eta interesatzen zitzaizkiela esan zioten; izan ere, Botanzek zituen piezak diseinatzailea jaio eta hil arteko denbora tarte berekoak ziren, 1880. eta 1950. urte artekoak, hain zuzen ere. Ehun pieza inguru eman zizkien, tartean Balenciaga beraren kapela bat. Botanzek dioenez, oso zaila da diseinatzaile getariarraren piezak aurkitzea. «Madril, Bartzelona edo Parisera joan eta Balenciagaren kapela bat ikusten badut, argazki batzuk egiten dizkiot eta Getariako museora bidaltzen ditut korreoz. Horrela, pieza erosten ez badute ere argazkiak behintzat badauzkate, etiketa, forma, ehuna... ikusteko», azaldu du bildumagileak.

Museoak oso esker onekoak izan direla kontatu du Botanzek, Balenciaga museoan, adibidez, sarrerako bobedan bere izen-abizenak daude idatzita egindako donazioengatik. Inaugurazio egunetara gonbidatu izan dute, eta oso momentu «zirraragarriak» bizi izan ditu bildumagileak. Balenciaga museoan Hubert de Givenchy diseinatzailea ere ezagutu zuen; Balenciagaren lagun handia zen, eta “Breakfast at Tiffany’s” film ezagunean Audrey Hepburn aktoreak zeraman soinekoa egin zuen.

1900. urteko dekorazioa

Egun Botanz bizi den pisua XX. mende hasierako objektuz beteta dago. 1880tik 1930era arteko epea da Botanzen «pasioa»: moda, altzariak, kapelak, jantziak, tapizeria... Garai hartan fabrikatzen ziren «gauza guztiak» ederrak dira bildumagilearen ustez. «Bizitza daukate, eta gauza hauekin inguratuta egoteak magia eta edertasuna dauka niretzat», azaldu du.

Etxera sartu eta mende aldaketa nabaria da. Sarrerako armairuan hainbat traje, emakume beroki eta lebita aurki daitezke. Aldamenean, bastoi, euritako eta eguzkitarako sonbrillatxoz beteriko altzaria. Egongelan antigoaleko eta gaur egungo objektuak elkarren ondoan daude, baina ez da zaila bakoitza noizkoa den jakitea. Besteak beste, kapelak eramateko antzinako kutxa multzoa, Moreau anaien eskulturak edo antzinako liburuz betetako apalak ikusiko ditugu –libururik zaharrena 1691koa da, “Breviarium Romanum”–. Etxean duen pieza baliotsuena neska gazte bat irudikatzen duen marmolezko bustoa dela kontatu du Botanzek. Ederra da eta gaztea bizirik dagoela dirudi; beheko partean “Gaztaroa” hitza du idatzita, oraindik loratzear dauden loreen ondoan.

Zenbait margolanez gain, antzinako argazki eta erretratuak ditu. Ezagutzen ez duen jendea agertzen da horietan, baina horrek Botanzi berdin dio, «liluratuta» baitago irudien kalitatearekin. «Egun argazkiak ia ez dira existitzen; ez dira inprimatzen eta ordenagailuan geratzen dira ahaztuta. Gainera, ez du inork garai hartakoak bezalako argazkirik ateratzen; argitasuna, hodeiak diruditen moldaketak... eskuz egiten zituzten orduko argazkilariek», azaldu du.

Baina etxea apaintzeko edo begien gozamen hutserako izateaz gain, pieza horietako batzuk erabili ere egiten ditu Botanzek. 1900. urteko izaretan egiten du lo, eta urte bereko beste izara batzuk moldatu eta egongelarako gortina bihurtu ditu. Bere otorduetan 100 urte baino gehiagoko platerak, mahai-tresnak eta kopak erabiltzen ditu. Hartara, arrautza frijitu bat garai hartako portzelanazko plater batean jatea «plazera» dela aitortu du.

Gaur egun gizonentzat saltzen dituzten lurrinak ez ditu batere gustuko Botanzek, eta pasa den mende hasieran sortutako Heno de Pravia perfumea erabiltzen du, kolonia ur freskoa.

Bildumagile izan den urte hauetan guztietan zehar mota guztietako arropak bildu ditu Botanzek, eta horietako batzuk bere etxean ditu gordeta. Kalera hitzordu berezietarako baino ateratzen ez dituen arren, batzuetan gustuko du arropa horiek jantzi eta iraganean arropa horren jabea izan zenarekin lotura moduko bat izatea. «Gaur egun ez da horrelako ehunik existitzen, bizitzak eman digun ohorea da ukimena, eta, 1900eko arropak esku artean izatean, aprobetxatu beharra dago».

Ez da batere ohikoa pasa den mende hasierako objektuen artean bizitzea, hori jakin badaki Botanzek, baina ez zaio axola. «Batzuek esango dute: gizon honek errealitatetik ihes egiten du bere antigoaleko gauzekin. Nolabait hala da, irla batean egotea bezalakoa da, kalean edo erakusleihoetan ikusten dudana gustatu ez eta gehiago gustatzen zaidan garai batera bidaiatzen dut», dio harro bildumagileak.

Baina gauza hauskor asko izateak badu bere arriskua, horiek apurtzea, noski. Kontuz ibili beharra dago, eta objekturen bat puskatzen zaionean «atsekabe» itzela izaten duela kontatu du, pieza bakarrak dira eta. Hori bai, ez du ezer ere zakarrontzira botatzen. «Plater bat apurtuz gero, modu egokian prestatu eta museora bidaltzen dut, badakidalako hor konpondu egingo dutela».

Oraindik baditu San Telmo museoari eman nahi dizkion zenbait pieza, eta udan lanetik kanpo izaten duen denbora aprobetxatzen du Donostiara joateko. Trena hartu eta bertan joaten da Botanz eraman beharreko pakete guztiekin.

Artea du bizimodu

Antigoaleko piezak erostea da bere «pasioa», baina marrazkilaria eta abesbatzako zuzendaria da ogibidez. Bere bizitzan zehar pisu handia izan du arteak eta artistatzat du bere burua Botanzek: «Artea pasioarekin sortzen dena da, errutina gisa egiten ari zarena ez da artea, arteak hunkitu egin behar du, eta sortzaileak dena ematen duenean gertatzen da hori».

Enkarguz marrazkiak egiteaz gain, Bizkaiko zazpi koru desberdin zuzentzen ditu egun. Ez du piano edo solfeo ikasketarik, baina musikarako belarri oso ona duela azaldu du, eta betidanik erraztasuna izan duela musika eta dantza kontuetarako. Oroimena, burmuina, belarri ona eta sentikortasuna ezinbesteko osagaiak dira Botanzen esanetan. Euskal kantak zein gaztelaniazko kanta tradizionalak abesten dituzte, eta teklatuarekin laguntzen du berak. Koruetan edonork parte har dezakeela dio, horretarako baldintza bakarra dagoela nabarmenduta: «ilusioa izatea».

Bilbao 1900 desfilea, duela bost urte hasi eta ohitura bihurtzeko bidean

Marrazkilaria eta koru zuzendaria izateaz gain, Bilbao 1900 desfilearen sortzailea ere bada Fernando Botanz. Orain dela bost urte inguru hasi zen ideia horren inguruan pentsatzen, Bizkaiko hiriburuak XX. mende hasieran zuen ospe eta distira gogoratu nahian, eta aurtengo ekainaren azken larunbatean ospatu zuten desfilearen hirugarren edizioa. «Pentsatu nuen munduari erakutsi behar zitzaiola Bilbo 1900. urtean Europako portu garrantzitsuenetariko bat zela. 1850 arte hiria Alde Zaharra baino ez zen, baina, XIX. mende bukaeran, Bizkaiko hiriburuan garapen ekonomiko, industrial, kultural, artistiko izugarria bizi izan zen. Hortik aurrera, industria iraultzarekin, populazioa biderkatu egin zen», gogoratu du Botanzek. Garai hartako Bilboko bizilagun guztiei omenaldia egin nahi die berak, meatzari xumeenetatik hasi eta orduko arkitekto, margolari zein merkatariei ere.

Bilboko Santiago katedraleko plazan hasten da desfilea urtero, Mikel Bilbao txistulariaren doinuen laguntzarekin, eta Kale Nagusia zeharkatzen du hiriko hainbat lekutan geldialdiak eginez. Botanzen hitzetan «edertasuna oparituz, bilbotar eta kanpotar guztiei eskainitako ikuskizuna» izaten da, eta antzinako jantzien zaleak zein edertasuna preziatzen duten pertsonak elkartzen dira bertan. Hainbat adinetako jendeak parte hartzen du ekitaldian, aurten 90 pertsona inguruk, horietako asko Botanzek zuzentzen dituen abesbatzetako emakumeak. Horrez gain, bildumagileek ere oso gustuko izaten dute desfile berezi hau. «Koruko emakumeei esaten diet euren armairuetan bilatzeko. Beti aurkitzen dute zerbait: amaren mantelina bat, eskularruak, arrosario bat, lepokoak... Josten dakitenei, berriz, garai hartako hirietako emakumeen look-a nolakoa izaten zen azaltzen diet, gonak edo soinekoak eurek egin ahal izateko», nabarmendu du.

Pozik dago emaitzarekin Botanz, izan ere, berak antolatzen du guztia. Hori dela eta, urtero egiten die deialdi berezia komunikabideei ekimena ezagutaraz dezaten, zenbat eta jende gehiagok parte hartu «politagoa» izaten baita desfilea. Proiektuan ilusio eta lan handia jarri duela azaldu du bildumagileak, eta orain ereindakoa jasotzen ari dela dio, gero eta jende gehiagok parte hartzen baitu egun berezian. «Bilbao 1900 desfilea hiriko jai tradizionaletako bat izatea lortu dut poliki-poliki», adierazi du pozik Botanzek.