Xabier Mikel Errekondo

Non daude Alba eta Urkixo?

L asai doaz uda honetan herrietako jaiak. Lasaiegi akaso… Non ote daude Carmen Alba eta Carlos Urkixo (kar-kar…) zaindari nekaezinak? Iaz, urtebete soilean, ikurrinaren aurkako gurutzadan ehundik gora salaketa jarri zituzten. Zelatatua, zelatatua dela jakinagatik ere, lasaiago dago zelataria non dabilen dakienean. Bat baino gehiago urduritzen hasiak egongo dira dagoeneko ezin ulerturik aurtengo udan nolatan falta diren bi aurpegi maitatuenak…

Dagoeneko salaketa aukerarik gabe geratu ote dira? Edo, aspertu egin ote dira beren burugabekeriak ezpata kolpez betearazten? Mirarietan sinesteko gazteegia naiz oraindik. Uda honetan ezpata soinurik ez bada ere, nire pirata begibakarra jokatuko nuke Espainiako erregeak izendatu Alba eta Urkixo kortsarioak atsedenik gabe katalejutik zelatatzen ari direla altxorraren irlatzat duten Euskal Herria. Kortsario ontzia ez dago zatikatzera eramana edo hondoratuta, ainguratuta eta erne baizik, Kantauri itsasoan, Donostiako portuaren sarreran bertan. Eta begia lehertzear jartzen zaie katalejutik leiho edo masta erraldoi batetik zintzilik ikurrina atzematen duten bakoitzean...

Gogorra eginen zaie gero Francoren zein Juan Carlosen hiri bitxia izandakoa txuri-gorri-berdez jantzia ikustea. Bat-batean, lenteak begiraino ekarri dion irudiak katalejuak eskuetatik erortzeraino asaldatu du Urkixo eta behatza porturantz zuzenduz hitz totelka hasi zaio Albari: «Pi..., pii…». Albak, itxaron ezinik, irudi bera atzeman du… lau haizetara harro bandera beltza! Piratek Donostia abordatu dute! Salbu da erregearen kortsarioengandik. Bandera beltza dagoen bitartean, kortsario ontzia ez da porturatuko. Sutan dira Alba eta Urkixo, bandera beltzaren alboan ikurrina salbu dela jakitun. Izan pirata!•