Gorka Zozaia

Lurrik gabeko landaketa

Opor garaiko trantzeetako bat etxean ditugun landareak ureztatuta nola mantendu asmatzea izaten da. Ni neu horretan ari naiz oraintxe, landareak astebetean ez idortzeko ea zer asmatzen dudan... Mekanismoak mila dira, baina, soluziorik eraginkorrena, zalantzarik gabe, lurrik gabeko landaketa edo sistema hidroponikoa deritzona da. Era batera edo bestera, sistema honetan landarearen sustraiak etengabe urarekin kontaktuan mantentzen dira, eta, landarearen beharren arabera, ureztatzerik behar ez duten loreontziak ere egin litezke. Hiru dira kontuan hartzeko faktoreak: loreontzia, substratua eta elikagai disoluzioa.

 

1.- Loreontzia: Irudian jaso dudan loreontzi mota eskura ditugun baliabideekin osa dezakegun sinpleenetarikoa da. Bi litroko freskagarrien botilek tamaina txukuna dute lehen esperimentuak egiten hasteko: botila erditik zatituta, ahoaren aldea landarea edukitzeko izango da, eta, ipurdiarena, berriz, elikagai disoluzioa izateko. Muntaketa lanak oso sinpleak dira: ahoaren aldeari zulo batzuk egin, ahotik bizpahiru zentimetrora; ahoan muki edo metxa bat ezarri substratua urarekin kontaktuan mantentzeko (tela zati bat papera baina hobe); eta, azkenik, ahoa botilaren ipurdiaren zatian sartu behera begira dela, hau da, ahoa urarekin kontaktuan egoteko moduan dela (ura ezin da ahotik gertu egin ditugun zuloetara heldu; zulook, hain zuzen ere, ura eta landarearen sustraiak oxigenatuta mantentzeko egin ditugu). Orain, ahoaren zatia substraturen batekin bete. Jada landarea jarri eta botilaren ipurdia urarekin betetzea besterik ez da falta.

2.- Substratua: Izen honekin ezagutzen da landarearentzat euskarri izango den ingurua. Landarearen ezaugarrien arabera bata edo bestea izango da komenigarriagoa, baina ohikoenak honokoak dira: buztin zabaldua (buztin bolatxoak), koko zuntza, arroka artilea, perlita (arroka bolkanikoa), bermikulita, apar harria (piedra pómez), turba prentsatua, artilea, hartxintxarra (gravilla) eta harea. Ura jasotzea eta euskarri izatea funtzio duten substratu horiek guztiak topa ditzakegu dendetan, baina, esperimentua are eta etxekoagoa egin nahi izanez gero, hainbat fruituren azalak ere oso substratu interesgarria eskaintzen dute: arroz azala, almendra azalak, intxaurrenak... Kontuan izan beharrekoa aukeratutako substratuak uraren azidotasuna nola baldintzatzen duen izango da, beraz, behin esperimentatzen hasita, pH-metro bat eskura izatea ez da soberan egongo.

3.- Elikagai disoluzioa: Noski, ura ez da landarearentzat elikagai nahikoa. Honekin batera kaltzio, magnesio eta potasio katioiak eta nitrato, sulfato eta dihidrogeno fosfato anioiak dira landareak behar dituen ioi garrantzitsuenak. Hauekin batera, elementu esentzialak dira ere burdina, manganesoa, kobrea, zinka, boroa, kloroa eta nikela. Zalantzarik gabe, landare bakoitzak bere “zopa” optimoa izango du, eta badira sarean disoluzioak prestatzeko lagungarriak diren tresnak. Horretara joan barik, eta gure helburua erosketarik egin behar izan gabe landarea aurrera ateratzea bada, etxeko konposta egitea soluzio ona da landareak behar dituen elikagai nagusienak urari gehitzeko. Horrekin batera, gernua ere oso erabilgarria izan ahal da, elikagai organiko asko metatzen baititu. Uretan 1:5 (landare helduak) edo 1:10 proportzioan diluituta, pertsona baten gernuak metro karratu bat ongarritzeko lain ematen du, baina, beharbada, eragingarriena, txiza etxeko konposta azeleratzeko erabiltzea da.

Ikusi dudan landaketa hidroponikoen artean gehien gustatu zaidana Kratky deritzan metodoa da. 5 litro inguruko hontzi bat izanik, argirik ez pasatzeko estali (pintatu, forratu...), ahoan uhaza edo antzeko landare bat jarri turba zati batean (adibidez), eta, ezertxo ere egin gabe, uhaza sustraiak luzatzen joango da, ura amaitzen doan neurrian. Uhazak 5 litro ur inguru eskatzen ditu.

Beraz, bai, badago lurrik gabe landatzerik, baina inolaz ere ez dago urik gabe bizitzerik. Lurra kentzen digutenean ere aurrera egiteko gai gara, baina, urik gabe, idortzera kondenatuta gaude. «Be water my friend» zioen Bruce Leek, eta ez zitzaion arrazoirik falta... Izan ura, lagun! •