Aimar ETXEBERRIA KORTA

Gaelikoa, erromantizismoaren hutsala

Biziki kezkagarria da gaelikoak egun Irlandan bizi duen errealitatea. Hutsala da Irlandako berezko hizkuntzaren erabilera Ipar Irlandan, anekdotikoa izatera ere hel daiteke zenbaitetan. Alabaina, garai latzenetan «dozenaka» familiak bakarrik hitz egiten zuten hizkuntzaren biziraupena bermatuta ikusten dute egun haren bueltan lanean dabiltzan zenbait pertsonalitatek, eta hezkuntzan jartzen dute itxaropena. Zentzu horretan, batzuetan erromantikoa suerta daitekeen hizkuntzak erronka bat du: beronen erabilera sustatzeko bideak bilatzea.

Sarri kezkatuta agertzen gara euskaldunok gure hizkuntzaren etorkizunarekin. Soziolinguistika Klusterrak 2011n eginiko inkestaren arabera, euskal herritarren %13k soilik erabiltzen dute euskara; gainera, egungo baldintza soziolinguistikoekin, euskararen erabilerak goia jo duela ondorioztatu zuten egileek. Bada, badira munduan gurearen gisako hizkuntza minorizatuak, gaelikoa edo irlandera kasu. Beti esan izan ohi da irlandarrek eta euskaldunok badugula zerbait komunean, bi herriok bizi izan dugun gatazka politikoaren adierazle, baina, horrez gain, gure izatearen oinarri den hizkuntza bat dugu komunean, hizkuntza minorizatu bat, izena eta izana ematen digun hizkuntza bat.

Ongi baino hobeto ezagutzen du gaelikoaren garapenaren alde lan egiten duen Conradh na Gaeilge elkarteko Julian de Spainn lehendakariak irlanderaren egungo egoera soziolinguistikoa, eta berau ulertzeko hainbat giltza eman dizkigu. 2011ko datuak ditu esku artean, bai Estatikako Bulego Zentralak Irlandako Errepublika ardatz hartuta plazaratutakoak bai Ipar Irlandako Estatika eta Ikerkuntzako Agentziak Ipar Irlandari buruz kaleratutakoak. Euskaldunok kezkati agertzen bagara gure hizkuntzaren etorkizunarekin, are kezkagarriagoak dira gaelikoaren inguruko zenbakiak.

Aipatu iturrien arabera, Irlandako Errepublikari dagokionez, herritarren %38k adierazi zuten 2011ko apirilean gaelikoz hitz egin zezaketela. 2006ko datuekin alderatuta, %7,1 gehiago ziren irlanderaz hitz egin zezaketenak. Hala ere, gaelikoz hitz egiteko gaitasun hori ez da egunerokotasuneko erabileran islatzen: Irlandako Errepublikan herritarren %1,68k soilik hitz egiten dute gaelikoz egunerokotasunean –erdia 44 urtez azpiko jendea–.

Ipar Irlandako datuak ere ez dira bereziki ospatzekoak. Aipatu iturrien arabera, Ipar Irlandako herritarren %11 dira egun gaelikoa ulertzeko gai. Hitz egiteko gai direnak, berriz, herritarren %6 dira. Azkenik, %5 irakurri eta idazteko gai dira. Erabilera datuak ere ez dira batere onak: katolikoen %1ek esaten dute irlandera dela euren etxeko lehen hizkuntza; protestanteen artean, berriz, %0,5ek diote gauza bera. Herritarren %4ak, aldiz, gaelikoa «aisialdiko hizkuntza» gisa erabiltzen du.

Ikus daiteke, beraz, datu eta zenbaki soilei begiratzen badiegu euskal hiztunon egoera hobea dela, hizkuntzaren erabilerari dagokionez bederen. Bada, irlandarrek itxaropenez ikusten dute etorkizuna; eginiko urrats oro baloratzen dute, txikia izanagatik ere, askotan gaelikoaren kaleko presentzia soila txalotzeraino (kale izenak bi hizkuntzetan egotea, autobus geltokietan gaelikoaren presentzia, eta abar).

Hizkuntza eta gatazka ezin bereizi

Julian de Spainn bera baikor agertzen da. Pixkanaka bada ere datuak hobetzen ari direla dio, eta hezkuntzan jartzen du arreta berezia. «Gero eta jende gehiagok hitz egiten du irlandera. Gainera, gauza garrantzitsu bat aldatu da: lehen jende txiroaren hizkuntza bezala ikusten zen gaelikoa, eta, egun, ez», azaldu du. Gaelikoa Irlandako Errepublikako hezkuntza sistemako «arima» dela dio, eta egun 5 eta 18 urte bitarteko 450.000 ikasle inguru irlanderaz ikasten ari direla gogoratu du. Hala ere, aitortzen du bestelako alor batzuetan gaelikoaren osasuna ez dela batere ona: «Nahiz eta Errepublikan hizkuntza ofiziala izan, administrazio publikoan ez da ia batere erabiltzen».

Irlanderaren inguruko jakintza handia du Rosie McCorley politikariak ere. Sinn Fein alderdiko legebiltzarkidea da bera Stormonten (Ipar Irlandako legebiltzarra), eta, preso ohia izanik, lehenengo pertsonan ezagutzen du gatazkaren eta hizkuntzaren arteko harremana. McCorley beraren hitzetan ere baikortasuna atzematen da; gaelikoak dituen aukerez eta oztopoez mintzo da, baina enfasi berezia jartzen du alderdi positiboetan. Dioenez, eguneroko erabileraren datuek islatzen dutena baino babes sozial handiagoa du gaelikoak, eta, De Spainn berak bezala, hezkuntzari begiratzen dio itxaropenez. Gaelikoz ikasten ari den ikasle kopurua Ipar Irlandan ere gora egiten ari dela dio, eta horrek kalean bere isla duela iruditzen zaio.

Zentzu horretan, eskola gaelikoak dauden tokietan beronen presentzia nabarmen indartzen dela adierazi du McCorleyk, baina zintzotasunez hitz egiten du: «Belfasten denda batera bazoaz, ziur gaelikoz ez dakitela. Belfasteko mendebaldean entzuten da zerbait, baina hirigunean batere».

Gaelikoaren gaur egungo egoeraz baino, honek politikarekin duen harremanaz mintzo da legebiltzarkidea. Gaelikoa Irlandako Errepublikan Ipar Irlandan baino hedatuago dagoela onartzen du. Errepublikako lehen hizkuntza izanik, bertan garapenerako mugarik ez duela uste du, hizkuntzak duen babes instituzionala zabalpenerako lagungarri dela nabarmenduz.

McCorley, Belfastekoa izanik, Ipar Irlandan bizi da, hizkuntzak «aurkakotasun» gehien sortzen duen lurraldean. Alderdi unionisten aldetik gaelikoak pairatzen duen errespetu faltaren lekuko da egunero. Legebiltzarkide izanik, hitzartze aunitz egitea egokitzen zaio, baina ez berak nahi lukeen gisan. Gaelikoak Ipar Irlandan bizi duen egoeraren isla da McCorley berak jasaten duena: legebiltzarkide guztiak ingelesez hitz egitera behartuta daude. Sinn Feineko ordezkariek gaelikoaren presentzia bermatzea nahi dutela-eta, sarri erabiltzen dute gaelikoa euren hitzartzeetan, baina esaten duten oro ingelesera itzultzera behartuta daude. «Modu horretan, gure interbentzioaren erdia galtzen dugu, gaelikoz esaten dugun oro ingelesera itzuli behar baitugu».

Baina horren aurkako erremedioan ere pentsatu du legebiltzarkideak. Stormonteko ganberako lehendakariak aldibereko itzulpen sistema dauka, eta gaelikoz ez dakiten legebiltzarkide guztiei aukera bera ematea eskatzen du McCorleyk. Hori horrela ez den heinean, lehengoan jarraitu beharko dute. Ondorioz, McCorley berak onartzen du askotan hitzartzeetako zati garrantzitsuenak ingelesez egiten dituztela, eta, gaelikoa sartzen ahalegintzen badira ere, anekdotikoa izan ohi dela irlanderaren presentzia hitzartze garrantzitsuetan.

Espetxea eta gaelikoa

Arlo politikoan gaelikoaren presentzia anekdotikoa bada, hutsala da Ipar Irlandako justizian. Etorkizuneko borroketako bat dela dio McCorleyk, baina jakitun da Erresuma Batuak egun irlanderaren gainean mantentzen duen jarrerarekin zail izango dutela.

Lehen pertsonan ezagutu zuen espetxea McCorleyk, eta, ondorioz, ondo baino hobeto daki gaelikoak bertan jokatu zuen papera. Atzera begira jarriz, britainiarren okupazioarekin lotzen du legebiltzarkide errepublikanoak hizkuntza gaelikoaren galeraren hasiera. Okupazioarekin batera zonalde industrialetan ingelesa gailentzen hasi zela azaldu du, herritarrek bizirauteko zonalde horietara jo behar izan zutela gaineratuz. Horri XIX. mendeko Gosete Handiaren garaian irlatik alde egin beharrean suertatu ziren irlandarrak gehituta, hizkuntzaren galera afera sozioekonomikoa ere izan zela nabarmendu du. «Oinarrian arazo politiko bat badago ere, errealitate sozioekonomikoak zerikusi handia izan zuen. Jendeak bizirauteko ingelesa behar zuen, ez gaelikoa», adierazi du.

Gatazka politikoarekin gertatzen den bezala, gaelikoarentzat ere mugarritzat jotzen du McCorleyk 60ko hamarkadaren amaiera eta 70ekoaren hasiera. Garai hartan, preso politikoek gaelikoa espetxean komunikatzeko tresna bezala erabiltzen zutela gogoratu du: «Euren identitatea indartzeaz gain, elkarren arteko elkarrizketak britainiarrentzat ulertezinak izatea lortzen zuten horrela». Joera hori preso politikoek abiatutako protesten garaian (manten protesta, protesta zikina eta gose grebak) areagotu egin zela nabarmendu du, eta, zentzu horretan, ez du zalantzarik egiten: «Gaelikoak espetxean oso paper garrantzitsua jokatu zuen».

Hizkuntzaren aferak ere izan zuen lekurik Ostiral Santuko Hitzarmenean. McCorleyk gogora dakarrenaren arabera, akordioan gaelikoaren «garapena» eman behar zela adostu zen. Zentzu horretan, hitzarmenak hizkuntzaren garapenerako «aukerak» ematen dituela dio, baina horiek gauzatzeko behar den bultzada politiko faltaz hitz egiten du. «Hitzarmenak aukerak ematen baditu ere, errealitatean horrek ez du ezer esan nahi. Gu bakarrik gaude gauzak egiteko orduan», dio. Hala, hizkuntzaren arazoari benetako bultzada emateko gaelikoaren marko legala adosten behin eta berriz ahalegindu direla azaldu du, baina alderdi unionisten partetik beti ezezkoa jaso dutela. «Guztion arteko akordioa behar du lege berriak, bestela ez luke ezertarako balioko», adierazi du.

Biziraupena ziurtatuta

Unionismo politikoaren jarrerak kezkatzen badu ere, McCorleyk ez du uste berau bere oinarri sozialen isla denik. Legebiltzarkidearen arabera, gehiengo unionista duten zonaldeetan ere jendeak bere egiten du gaelikoa, eta batzuk hizkuntza ikasteko urratsa ematera ausartzen direla gaineratu du. «Euren herentziaren eta kulturaren parte gisa ikusten dute gaelikoa», azaldu du.

Etorkizunera begira jarrita, Ipar Irlandan gaelikoaren garapenaren alde egitea helburu duten proiektu indibidual asko daudela dio McCorleyk. Baina bere ustetan, proiektu indibidualetan zentratu beharrean hizkuntzaren garapen kolektiboa ziurtatuko luketen proiektuak behar dira. Legebiltzarkide errepublikanoaren arabera, horren adibide dira Belfast, Derry eta Newry hirietako Culturlan edo gaelikoaren garapenaren aldeko gune sozialak.

Ziur agertzen da McCorley irlanderaren biziraupenari buruz hitz egitean: «Bere garaian dozenaka familia ziren Ipar Irlandan gaelikoz hitz egiten zutenak, eta lortu zuten hizkuntzak aurrera egitea». Hori bai, etorkizuna ingelesarekin konpartitu beharko dutela dio. Ingelesa «beti» hor egongo dela uste du, hori onartu beharra dutela gaineratuz. Horren aurrean euren hizkuntza garatzean ikusten du etorkizuneko estrategia, jakitun baita soilik gaelikoz hitz egitea ia ezinezko kontua dela gaur egungo Ipar Irlandan.

«Puntu erromantikoa» ere ikusten dio McCorleyk gaelikoari. Jendeak hizkuntzaren soinua gustuko duela dio, horregatik, eremu edo egoera jakin batzuetan erabiltzeko hizkuntza bezala ere ikusten du.

Batasunaren indarrarekin hitzetatik praktikara eramateko proiektua

Honela dio Belfasteko mendebaldeko “Gaeltacht Quarter” proiektuaren azalpen liburuxkaren paragrafo batek: «Eiffel dorrea Parisentzat bezala, Belfast munduarentzat izango da 2033an». Esaldi horrek bikain laburbiltzen du Belfasten garapen globalaren alde lan egiten duen Forbairt Feirste elkarteko kideek, gaelikoa oinarri, hiriaren mendebaldean burutu nahi duten proiektua, bereziki Falls Road etorbide ezagunaren inguruetan. 1994an abiatu zen berau. Anbizio handikoa bezain zehatza da proiektua, zer, non eta noiz egin bikain dakiena: 2013 eta 2033 artean Belfast mendebaldea eraldatzea du helburu.

Ongi gogoan du proiektuaren lehen harriak jarri zituzten garaia Caral Ni Chuilin elkarteko lehendakari Jake Mac Siacaisek. IRAren su-etena aldarrikatu berri, gaeliko hiztunen komunitatea eztabaida baten erdian zela ekin zioten proiektuari. Ipar Irlandari dagokionez, Belfasteko mendebaldea gaelikoa oinarri duten proiektu askoren sorburu izan dela dio Mac Siacaisek, eta honakoa ez da salbuespena. Mac Siacasisen arabera, hizkuntzari lotutako proiektu pila bat zeuden abian Belfast mendebaldean 90eko hamarkadan, eta, gaelikoak bertan zuen indarra aintzat, Estatuaren jarrerei aurre egin eta Belfast mendebaldea Gaeltacht gune izentzea eskatu zuten (hizkuntza arloan trataera berezia jasotzen dute Gaeltacht guneek). Halakorik oraino ez dute lortu, baina hainbat urteko borrokaren ostean helburura iristeko bideari ekin diote.

2011n heldu zitzaien “oparia”, Sinn Fein alderdiko Caral Ni Chuilin Ipar Irlandako Kultura ministro izendatu zutenean. Hitzartze bat eskatu eta proiektuaren baitako akordio bat proposatu ziotela oroitzen du Mac Siacaisek. Hala, proiektuarekin ados zegoela esan zien. Are gehiago, pasa den urteko irailean hitzordu handi bat deitu zuten elkarteko kideek eta bertara beste sail batzuetako ministroak ere gerturatu ziren, proiektuarekin bat eginez.

Belfast mendebaldea gaelikoa ardatz eraldatzeko asmoz, zonaldea Gaeltacht gune izendatzea dute xede nagusi, eta, helburu horrekin, eremu ezberdinen garapena ahalbidetzeko proiektuak zehaztu dituzte: lana, hezkuntza, hizkuntza, hiriarekiko harremanak, identitatea, turismoa, etxebizitza, kirola, finantzaketa, zuzendaritza eta bestelakoak. Zentzu horretan, Belfast mendebaldean bizi den herritar orok gaelikoa ikasteko nahia izatea da euren ametsa. Era berean, gaelikoz egiten duten familiak bertara eramatea dute buruan. «Iraultzak hirian egiten dira. Gaeliko hiztunen fokuak behar ditugu», azaldu du.

Etorkizunean beste eremu batzuetan garatu ahal den estrategia dela uste du Mac Siacaisek, eta harro agertzen da proiektuak egindako bideagatik. Bi astero elkartzen da Ipar Irlandako Kultura Ministerioko arduradunekin, proiektuaren garapena bermatze aldera, eta orain artekoa betetzen ari dela dio. Baina zalantzak ditu etorkizunera begira jarrita. 2016an Stormonteko legebiltzarreko hauteskundeak izan daitezke, eta Kultura Ministerioan eman daitekeen aldaketaren beldur da Mac Siacais: «Gauza bat da proiektuari babesa erakustea, eta beste bat proiektua finantzatzea». Hala ere, zail ikusten du alderdi unionistek proiektua «guztiz» gelditzea, zailtasunak jarri nahiko dituztela jakin arren.