Mikel Zubimendi

Gatazka partikular eta kurioso honetaz

Gehienen oporrak eta herrietako jaiak bukatu dira. Atentzioa eman didate aurten turismo datuek, jaietako balorazioetan eta gainontzekoetan nabarmendu direnak: Donostiako Piratak «oso pozik» daude, Bilboko Konpartsek «inoizko Aste Nagusi alai eta trankilena» izan dela diote. Milaka eta milaka turista, jana eta edana lepo, parranda ala atsedena aukeran, ez da ariketa erraza kanpotik datorren bati gure herri maite eta demontre hau gatazka betean murgilduta dagoela azaltzea. Azaltzea baino, kanpotarrek hori ulertzea; sentitzea, alegia.

NBAko izarrak Bilbon Munduko Txapelketa jokatzeko. Eta Athletic Txapeldunen Ligan! San Mames Barria zirraragarri ikusi du munduak, argi joko eta telebista irudi bikainekin, gau magiko batean. Hori ikusi duen munduari, noiz eta mundura begiratu eta nonahi gerrak eta sarraskiak ikusten ditugun honetan, nola esplikatu hemen «gatazka latz» bat dela? Neure baitarako sarritan pentsatu dut nazioartetik soluzioak bultzatzen laguntzera datozenek, Brian Currin, Ram Manikalingham eta enparauek, Afrikako edo Sri Lankako sarraskiak ezagutu eta konpontzen saiatu direnek, zer pentsatuko duten gure gatazka partikular eta kurioso honetaz. Hemen dagoen bizi mailarekin, kaleetan ikusten den bizi patxadarekin, gure kontsumo eta bizimodu estandarrekin... zer pentsatuko dute beren baitarako? Ez dakit. Imajinatu dezaket, baina ez dakit. Badakit, ordea, munduan ikusten direnak ikusita, beren esperientzia lagun ikusi dituztenak ikusita, gatazka hau ez zaiela beste mundukoa irudituko. Ezta konponbidea ere.

Jesus Egigureni aditu nion behinola elurraren metafora. Alegia, gatazka hau gaindituko zela elurra eguzkiaren lehen printzekin desagertzen den bezala. Bat-batean, tupustean, ia konturatzeke ohartuko ginela gaindituta zegoela guztia eta orduan utzi dituen ondorioetan zentratu beharko ginela. Ez dakit adituek eta akademikoek «gatazka osteko» bezala definitzen duten aroan bizi garen jada ala ez. Ekintza armaturik ez dago, armagabetzen ari den erakunde bat dago, kaleetan ez da biolentziarik ikusten, jendearen gogoan ez da iragan garaien gaineko inolako nostalgiarik sumatzen.

Egia berdaderoa da estatuen biolentziak hor dirauela. Ehunka euskal preso eta errefuxiatu etxeratu gabe daudela. Minaren aitorpenean eta bizikidetzan egitekoak badaudela. Egiaztagarria ere bada, gatazkaren adierazpide biolentoa desagertu ahala, adierazpide politikoak beste dimentsio bat hartu duela. Beste gehiengo batzuk osatu direla, hauteskundeetako aritmetikak beste jokaldi batzuk ahalbidetu dituela, orain ari dela Euskal Herriaren geroa ezaugarritzen.

Horiek horrela, udako kalapita eta polemikak entretenimendu baino ez dira izan. EAJren batzokien gaineko ustelkeria salaketa merke horiek, Loiuko autobusak herri eta denbora honetakoak ez diren txotxolokeriak errekreatzeko aitzakia bihurtuta, politikakeria dosi handiegiak... Bai, horiek denek beren abuztua egin dute. Eta isilduko ahal dira ikasturte berrian!

Hauteskundeak ate joka daude, eta, hurreratu ahala, hauteskundeek eztabaida eta giroa baldintzatuko dutela suposatzekoa da. Lagundu, ez dakit asko lagunduko duten konponbidearen bidean. Ohi legez, tentsio larregi eta antzezpen gehiegizkoak dakartzate altzoan hauteskundeek, eta horietatik gehiegitxo bada, berez, gure panoraman.

Besterik da hauteskundeak ideia berri, jokaldi ausartagoetarako aukera bezala hartzearena. Zentzu horretan, fronte zabal baten hitza dabil bolo-bolo. Polita da ideia. Jokoa du eta jokoa asko zabal dezake. Baldin eta zabala bada. Hots, alderdien artean prestaturiko platera baino, mahai gainera, plaza publikora, askoz ere zapore herritarragoa duen menua badakar. Independenteak, protagonismo berriak, biltzen baditu. Alderdien ahaleginaren pare, sindikalgintzan, euskal komunikabideetan... konpetentziatik elkarkidetzara doan eskema berri batekin lagunduta badator. •