Naiara Garzia

Liluramenduz

Pasa den asteartean 100 urte bete izanen lituzke, intelektualki, berak esaten zuen bezala, 35 urteko pertsona bat bezala sentitu arren. Julio Cortazar idazlea (1914-1984) 70 urterekin hil zen, bizitzaz eta liluramenduz beteriko begirada horrekin.
Cortazar transzendentala Cortazar umoretsua bezain aberasgarria da. Parisen pisu xume batean Aurora Bernardezekin bizi zela (hasieran etxe barruan komunik gabe eta gero Auroraren zorionerako sukaldean dutxa bat jarri zuten, plastikozko gortina batez inguratutako kubo bat besterik ez bazen ere), sukaldean ke-erauzgailua jartzen hasi zen, bere 1,92 metrorekin. Ohartu gabe alderantziz jarri eta haizea hartu ordez tramankulua ufaka hasi zen, sukalde guztia hautsez betez. Horrelako pasarteak umore handiz kontatzen ditu Alfaguara argitaletxeak argitaratutako gutunetan.
Autoarekin ere gorabehera batzuk izan zituen Cortazarrek (“Rayuela” bertan ere honen inguruko pasarte barregarri bat bada). Koadro baten truke auto txiki bat hartu zuen, “jogurt itxura” zuena, ustez martxan ongi jarri eta aurrera joan ordez atzera zihoala ohartu gabe (eta zuhaitzak atzeraka), loteria saltzen zuten etxola baten kontra joan zen. Ohartu orduko autoaren ihes-hodia etxetxoaren barruan zegoen loteria saltzailearen harridurarako (“Un Julio habla de otro”).
Julio Cortazar Parisen hil zen. Argentinarra izan arren, bere bizitzako azkeneko urteetan nazionalitate frantsesa hartu zuen, Argentinako diktaduraren aurkako bere ezadostasuna modu baketsu eta tinkoan azaltzeko.