Maider EIZMENDI

Dora Akunyili, botika faltsuen aurkako borroka Nigeriatik mundura zabaldu zuen

Dora Akunly
Dora Akunly

Bere herriaren alde erpin askotatik egin zuen borroka, eta bere heriotzaren ostean beste hainbeste txokotatik iritsi zitzaizkion errekonozimendu keinuak. Dora Nkemdilin Akunyili bere lanagatik egin zen ezaguna, bai eta pentsatzen zuen hori esan eta defendatzeko beti erakutsi zuen kemenagatik ere. Ekainaren 9an hil zen 59 urte zituela gaixotasun luze baten ostean eta Nigeria doluz jantzi zen, bere heriotzaren berri izan bezain laster.

Ikasketez farmazialaria, unibertsitatean aritu zen lanean, eta Nigeriako funtzionario gisa Ohorezko Hartzaile Nazionala izan zen. Bestelako lan eta karguak izan zituen ordea: Elikagai eta Medikamentuen Kontrol eta Kudeaketarako Nigeriako Agentziako zuzendaria izan zen, eta Informazio eta Komunikaziorako ministroa, Umaru Musa Yar’Aduaren Gobernuan.

Elikagai eta Medikamenduen kontrolean egindako lanagatik egin zen batez ere ezagun; behar horretan jarri zuen indarragatik eta erakutsi zuen ekiteagatik. Medikamentu faltsuen trafikoa ekiditean jarri zuen jomuga eta arlo horretan jarduten duten trafikante handienen arerio bilakatu zen horregatik. Bazuen borroka hori bere egiteko arrazoi sendorik; 1998an 21 urteko ahizpa galdu zuen. Diabetea zuen hark, baina gaixotasunak baino, azukre igoera saihesteko faltsifikatutako medikamentua hartu izanak eragin zion heriotza. Botika hartzen zuelakoan, ura baino ez zuen hartu, hain zuzen.

Etxean bizi izandako zorigaitza eta bere herrian arrazoi beragatik gertatutakoak akuilu izan zituen bere lanean. 2003an lau haur hil ziren ospitaletako ebakuntza geletan, eman zieten adrenalina ura baino ez zelako. 2008an kutsatutako botika bat hartu ondoren hil ziren 28 haurren heriotza agentziako zuzendari gisa bizi izan zuen, halaber.

Nigeriako egoera zentzu honetan, izan ere, tamalgarria zen. 2001ean argitaratutako ikerketa batean jaso zenez, Lagoseko farmazietan saltzen ziren medikamenduen %80 faltsifikatuak ziren. Zenbaiten osagarrietan olioa baino ez zegoen eta beste asko iraungi ostean berriz ere etiketatu zituzten botikak ziren. Beste batzuetan, medikamentuek izan beharreko osagaia oso kantitate murritzean zuten eta, hori dela eta, malaria edota tuberkulosiaren anduia sortzen lagundu zuten.

Arazoa herrialde osora zabalduta zegoen. Hala, 2001eko txosten batean jaso zenez, botika faltsuekin arazorik handienetarikoa zuen herri gisa definitu zuten Nigeria. Horregatik, bertan ekoitzitako medikamentuak ez ziren begi onez onartzen Afrikako beste herrialdeetan. Eraginkorrak ziren botiken banatzaileek, beraz, arazoak zituzten eta horrezaz gain, «Nigeriako osasun sistemaren gaineko konfiantza zalantzan jarri» zen. Izan ere, Nigerian salerosten ziren botiken %48-80 zeuden faltsutzearekin erlazionatua, txostenek jaso zutenez.

Etekin asko, arrisku gutxi

Akunyilik 2006an idatzitako artikulu batean medikamentu faltsuen arazoa Nigeriako mugetatik at ere ikustarazi zuen. «Produktu faltsuen salmenta arazoa da herrialde gehienetan», nabarmendu zuen. Izan ere, 2003rako Osasunaren Mundu Erakundeak argitaratu zuen moduan, medikamentu faltsuen salmentak 32 bilioi dolar suposatzen zituen, munduan saltzen ziren medikamentu guztien %10. «Negozioan dabiltzan pertsonentzat dauden arrisku legal eta ekonomikoak oso eskasak dira, eta lor daitezkeen etekinak berriz oso handiak», nabarmendu zuen Akunyilik.

Nazioarte mailan adostasunetara iristea proposatzen zuen, «botika faltsuak mundu guztian zabalduta egonik ere, nazioarteko komunitateak mantsotasunez erreakzionatu» zuela uste zuelako eta agintariak ez zirelako arazoak zuen dimentsioaren adinako ardurarekin jokatzen ari.

Afrikako herrialde askotako egoera modu argian azaldu zuen aipatu artikulu horretan: «Herrialde afrikar askotan dagoen ezegonkortasun politikoak eraginda, osasun autoritateek behar adina medikamentu izatea eragozten du», azaldu zuen Akunyilik. Arazoaren beste erpin bat ere azaldu zuen: «Ondo sentitzen ez diren pertsona txiroek ezin dituzte medikamentu onak erosi eta ez dira konturatzen zein puntutaraino den arriskutsua merkeagoa den alternatiba bat hartzea». Kontzientziazioren bidea behar-beharrezkoa zela uste zuen Akunyilik, frogatua baitzegoen kasu askotan herritarrek ez zekitela botika faltsutuaren merkatuak zuen pisua; horregatik, gidatzen zuen erakundetik makina bat kanpaina sustatu zituen.

Bestelako neurriak proposatu eta aurrera eraman zituen: botikak atzemateko sarekadak agindu zituen, publikoki erre zituen faltsututako medikamentuak, eta haien banatzaileak kartzelaratzeko aginduak eman zituen. Areago joan zen; izan ere, Nigeriako bankuak konbentzitu zituen medikamentuekin lotutako proiektuak finantza ez zitzaten, baldin eta gidatzen zuen agentziak baimentzen ez bazuen. Ekintza horiekin guztiekin medikamentuen merkatu beltza ezbaian jartzea lortu zuen. Horregatik, 400 sari baino gehiago eskuratu zituen, baina, era berean, sarea gidatzen zutenen jomugan jarri zen. Behin baino gehiagotan saiatu ziren agentzia bera txikitzen, baita Akunyili hiltzen ere. Saialdi haietako batean, sei pertsona inguratu ziren bere autora eta tiroka hasi ziren. Onik atera zen, ordea, eraso guztietatik. Erasook ez zuten kikildu emakumea.

Bestelako keinuak

Arlo horretan egin zuen borrokagatik bakarrik ez, beste arlo batzuetan izan zituen keinuek ere lagundu zioten, herri mailan zuen izena handitzen eta borobiltzen. 1998an altxor nazionalak 17.000 dolar eman zizkion Gobernuak onartuta, Ameriketako Estatu Batuetan ebakuntza bat egin ziezaioten. Medikuek, ordea, ebakuntza ez zela beharrezkoa esan ziotenean, dirua itzultzea erabaki zuen. Keinua «ohiz kanpoko» jo zuten herritarrek, are gehiago ustelkeria horren present dagoen herrialdean.

Gobernuan zela izan zuen papera ere estimatu zuten herritarrek. Umaru Musa Yar’Adua presidenteak gaixotasun luzea igaro zuen eta hori dela eta une askotan bururik gabeko Gobernuak gidatu zuen Nigeria. Orduan diputatu zen eta egun Nigeriako presidente Goodluck Jonathanek boterea nahi zuen eta hari ere aurre egin zion. Nigeriako konstituzioaren defentsa sutsua egin zuen eta presidentearen laguntzaileak traidore jo zituen, hain justu ere, boterea Jonathanen esku uztea gomendatu ziotelako.

Ia azken hatsa hartu arte mantendu zuen Akunyilik bere herriarekiko konpromisoa eta herritarrek zituzten arazoen gaineko ardura. Gaixotasuna aurreratuta izanik ere, maiatzaren hasieran Nigerian Boko Haramek bahitu zituen ikasleen kasuaren aurrean ahotsa altxa zuen, eta erregu egin, ikasleak euren etxeetara itzul zitezen.

Bere ibilbidean egin zuen lanarengatik, bere heriotzaren berri izan bezain laster sare sozialetan bolo-bolo zabaldu zen albistea eta dolua. «Nigeriaren ordurik ilunenetako argi» gisa definitu zuten batzuek. «Gaixorik zeuden nigeriarrak guztiz itzalpean zeudenean; Dora argia izan zen, argi izpi bat. Bere kargu publikoan, zikindutako beira zeharkatzen duen argia izan zen. Azkarra zen, geldiezina, justizia egarrian defendatzaile sutsua», idatzi zuen Bayo Oluwasanmik.

Honakoa, berriz, Saatah Nubarik: «Ez dut sinesten kalean oinez indartsu eta osasuntsu dabiltzan nigeriarren kopurua. Hori zure bihotz eta indarrari esker da. Hamarkadetan, konturatu gabe gure bizitzak agortzen zituzten botikak hartu ditugu. Agentziako buru gisa egin zuen lanagatik izan ez balitz, ez dakit zenbat ama, aita, anai-arreba edo lagun ez ote genituen galduko».

«Dorak oso garaiz abiatu zuen osotasunaren bidea; izan ere, oraindik gaztea zela, bere buruaz eta familiaz arduratzen zen, baina baita Nigeriako herritarrei bizimodua aldatzeaz ere. Gizon eta emakumeei maitasuna zien, eta horregatik egiten zuen, ez aberastasunik edo osperik ematen ziolako», idatzi zuen Bukola Adelou-Dele blogariak.

Bere alabak, berriz, zera idatzi zion sarean: «Askorentzat bera ikur bat izan zen eta beste batzuentzat inspirazioa. Niretzat, ama eta beste guztia izan zen».