Nagore BELASTEGI MARTIN
Elkarrizketa
Constanza Tobio
Soziologian katedraduna

«Patriarkatua antipatikoa da: gizonezkoen pribilegioek ez dute legitimitaterik»

Berdintasunean oinarritzen den gizarte baten bidean gaude baina emakumeak eta gizonak ez doaz abiadura berdinean aldaketa horren norabidean.

Montevideon jaio zen Constanza Tobio baina zortzi urte zituela Madrilera joan zen bizitzera. Bertan hazi zen eta bertan egin zituen Soziologia ikasketak, bereziki emakumeen lan munduratzea ikertuz. EHUk urtero eskaintzen dituen uda ikastaroen baitan hitzaldi bat eskaini du aste honetan Donostian eta gai horren inguruan mintzatu da; emakumeek etxetik kanpo lana bilatzen duten bezala gizonek haurren zainketaren ardura hartzen ari dira. Familia eta lanaren arteko uztarketa hori, ordea, ez da hain erraza eta laguntza publikoak garrantzitsuak dira egoera normalizatzeko.

Duela gutxi jakin dugu Lakuako Gobernuak kontziliaziorako zehaztutako neurrien aurrekontua joan den abuztuan amaitu zela. Laguntza horiek gabe familiak, oro har, dira kaltetuak, baina emakumeak batez ere.

Etxetik kanpo lan egiten duten amak, haurrak zaintzen dituzten aitak. Egoera hori benetakoa al da?

Aldaketa prozesu bat bizitzen ari gara. Azken hiru hamarkadetan emakumeak eta amak lan merkatuan sartzen joan dira. Prozesu azkarra izan da eta lanean ari diren amak ikustea normalena da egun: haur txikiak dituzten emakumeen gehiengoak etxetik kanpo egiten du lan.

Logikoki, prozesu honek zerikusia dauka gizonezkoek etxeko lanetan eta haurren zainketan ardurak hartzearekin, lehen lan horiek emakumearenak zirelako esklusiboki. Genero berdintasuna duen gizarte baten eta familia eredu berri baten bidean gaude, non emakume eta gizonek lanak banatuko dituzten, etxean eta etxetik kanpo.

Emakumeen eta gizonezkoen bideak abiadura berdinean al doaz?

Arazoa hori da, aldaketa prozesua ez dela simetrikoa. Emakumeen aldetik aldaketa oso azkarra eta gogotsua izan da, baina gizonak askoz ere motelago ari dira gerturatzen etxeko lanen eremura.

Baina, gizonek nahi al dute aldaketa hori gertatzea?

Bai eta ez. Galdera da, zer irabazten dute gizonek aldaketa honekin? Nik uste dut berdintasunaren eredu honetan asko irabazten dutela. Euren familia diruz hornitzearen ardurak ematen zien presioa galdu egiten da eta lasaitu egin daitezke ez direlako familia hornitzen duten bakarrak. Bestalde, orain arte ezezaguna izan duten mundu afektibo batera gerturatzeko aukera ere irabazten dute, alegia, familiarteko harreman intimoez eta maitasunaz gehiago goza dezakete, gainera etxe eremuan kreatibitate asko dago eta horrek euren izaeraren atal berriak deskubritzeko aukera ematen die.

Esan dezakegu, noski, gizonezkoentzat orain dagoen egoera dela ideala. Emakumeek familia hornitzen dute baina etxeko lan gehienak ere haiek egiten dituzte. Gertatzen dena da nahiko eredu desorekatua dela. Kontraesan bat sortzen da eta gizonezkoek horren inguruan hausnartu behar dute harremana desorekatua bilakatzen bada krisialdian sartu daitekeelako.

Desberdintasun horren adibidea hitzaldian erakutsi duzun grafikoa da. Bertan ikusten da nola gizonezkoek euren aisialdirako denbora dezente gehiago duten emakumeek baino.

Egia da berdintasunaren bidean une historiko batean gaudela, baina, era berean, gaur egun oraindik desberdintasunaren elementu ugari aurkitzen dira lan kargari dagokionez. Eremu publikoan berdintasunaren bidean gaude, baina arlo pribatuan ez hainbeste, beraz, emakumearen lan karga gizonarena baino askoz handiagoa da eta hau gatazkarako arrazoi garrantzitsu bat izan daiteke.

Berdintasunaren bidean gaudela, zein pauso eman behar dira bide hori erraztu eta azkartzeko?

Arlo pribatuan gauza asko daude egiteko, baina uste dut funtsezkoa dela politika publikoekin aurrera egitea. Berdintasun Legea edota autonomia erkidego bakoitzak egindako proposamenak onuragarriak dira baina nik esango nuke politika horiek gizonezkoei etxeko lanak egiten laguntzera bideratu beharko liratekeela, adibidez, aitatasun baimenaren baldintzak hobetuz.

Bestalde, emakumeei lana eta haurren zainketa konbinatzen laguntzen dieten bideak sustatu behar dira, baina ez lan baimenen bidez –kontrako emaitza lor daiteke– baizik eta zerbitzuen bidez, haurreskola zerbitzu ona eskainiz, adibidez.

Eta azkenik, uste dut garrantzitsua dela ideologikoki gauzak aldatzea, alegia, inguratzen gaituzten desberdintasunak aztertu, identifikatu eta azaleratzea. Euskaran ez dakit zer gertatzen den, baina gaztelanian eta ia hizkuntza indoeuropar guztietan sexualitatea oso sustraitua dago eguneroko lengoaian. Irainek eta gauza txarrek sexualitate femeninoarekin dute harremana eta gauzak onek, aldiz, maskulinoarekin.

Uste dut ideologikoki asko aurreratzen ari dela gizartea. Adibidez, txiste matxista bat kontatzea orain ez da lehen bezain erraza, zenbaitetan erantzun bat egongo delako. Egia da matxismo mota hau hor egoten jarraitzen duela baina nekez biziraungo du. Orain gizon batek txiste matxista bat kontatu aurretik bi aldiz pentsatu eta mingainean hozka egingo du, eta hori garrantzitsua da.

Lengoaian badago diskriminazioa, baina baita eguneroko beste gauza askotan ere. Jostailuekin gertatzen dena, esaterako, harrigarria da. Bitxia da, baina neskentzako bizikletek besterik ez dute saskia eta mutilenak, berriz, lohi-babesa.

Arlo honetan ere zeregin handia dute politika publikoek, baina arlo pribatuan ere lan handia dago, batez ere jende gaztearekin eta haurrekin. Berdintasunaren bidean atzerakadak eman dira, adibidez, arropa arrosa neskarentzat hautatzen dugunean eta urdina mutilarentzat. Duela 30 urte egoera hori zalantzan jarri zen eta hala izateari utzi zitzaion, oso kritikatua izan baitzen koloreak sexualizatzearen afera. Jostailu ereduak ere aldatu egin ziren eta harritzekoa da ikustea nola orain atzera joaten ari garen. Hori aldaketak linealak ez direlako gertatzen da, mezu kontrajarriak daude: alde batetik, berdintasunean hezten ditugu haurrak baina, bestalde, sexualizatzen ari gara, baita haur txikienak ere. Neskatxak 20 urte izango balituzte bezala pintatu eta janzten ditugu.

Haurrak berdintasunean hezten direla esaten duzunean, orokorrean ari zara?

Neskak eta mutilak hezteko modu desberdinekin egin dut topo. Neskak hezteko lehentasun bat dago, unibertsitatera joan daitezen eta ahalik eta gehien ikas dezaten etorkizunean lanpostu on bat lortu ahal izateko, jarrera biolentoak edota diskriminatzaileak jasan ez ditzaten… baina era berean arrosaz janzten ditugu. Mutilak, berriz, euren kabuz uzten ditugu eta ohea egin gabe uztea onartzen diegu. Honela, asimetria bat dago hezkuntzan eta etorkizunean gatazka bat suerta daiteke.

Etxetik kanpo lana egiten duen gizon batek, agian, pentsatuko du hori dela bere betebehar bakarra gizarte patriarkalak hala dioelako.

Gizonak ulertu behar du etxetik kanpo lana egiteak ez duela hornitzaile soil bihurtzen, bestelako betebeharrak –eta eskubideak– badituela, eta gainera orain ez dela hornitzaile bakarra, emakumeak ere kanpoan lana egiten duelako. Lehen zituen pribilegioak desagertu egin dira.

Krisiarekin gauza bitxi bat gertatu da: lanpostua galdu duten zortzi gizon bakoitzeko emakume batek galdu du. Beraz, gero eta gehiago dira familia bien artean hornitzen dituzten bikoteak.

Baina inork ez ditu bere «pribilegioak» galdu nahi. Nola planteatu behar zaie aldaketa gizonei?

Ez da gai erraza. Gizonek jada pribilegio ugari galdu dituzte, eta uste dut askok badakitela guztiak galduko dituztela. Gizonezko kontzienteenak oso pozik daude Berdintasun Legearekin, horren arabera bi sexuetako %40ren presentzia ziurtatzen delako arlo guztietan, baita gehiengoa emakumeak direnetan ere. Adibidez, epaile izateko oposizioak gainditu dituztenen %80 emakumeak dira. Aukeraketa prozesua oso objektiboa denean emakumeek dena ematen dute eta emaitza onak lortzen dituzte.

Gizonezkoak konturatu behar dira gizakien erdia, gutxi gorabehera, emakumeak direla eta beste erdia gizonezkoak, eta horregatik lanpostuak bien artean banatu behar direla. Uste dut belaunaldi berrietako gizonak logika horretara ohitzen ari direla. Gizon zaharragoei gehiago kostatzen zaie ulertzea enpresa batean hiru postu badaude eta hautagaiak bost gizon eta bi emakume badira horiek ez direla gizonezkoentzat izango, kostatu egien zaie ulertzea nahitaez bat edo bi postu emakumeentzat izan behar direla. Postu horiek gizonezkoentzat izango direla pentsatzea inongo logikarik ez duen pribilegio bat mantendu nahi izatea da. Horregatik berreziketa bat egin behar da. Ez da zaila gazteentzat, haiek ez dutelako pribilegio hori dutenik pentsatzen, ez dute espero gizona izateagatik zuzenean administrazioko kontseilari izendatuko dituztela. Gizonezkoek beraiek izan behar dute egoera hori onartzen dutenak. Nik pentsatzen dut patriarkatua antipatikoa dela [barreak]. Jauntxo feudalek jaun feudal izate hutsagatik pribilegioak zituzten, baina, une batean, legitimitate osoa galdu zuten. Hala, beste une bat iritsiko da, eta gizonezkoak konturatuko dira ez dutela legitimitaterik. Baina horretarako gizarteak pribilegio horien alde itsusia erakutsi behar du.

 

Bietako batek bakarrik lan egiten dutenen kasutan, uste duzu gero eta emakume gehiagok etxetik kanpo egingo dutela lan gizonezkoak etxean gelditzen diren bitartean?

Dudarik gabe. Joan den astean aurkitu nuen honelako kasu bat. Bikoteko gizona industriako langilea da eta urte eta erdi darama langabezian. Diru laguntza amaitu egin zaio eta uste du ez duela lana topatzeko inolako aukerarik une honetan. Bikoteak 8 eta 10 urteko seme-alabak ditu eta erabaki dute lana bilatuko duena emakumea izango dela geriatriako ikasketak dituelako eta lana aurkitzeko aukera gehiago dituelako. Familia tradizional bat izan arren, rolak aldatzea erabaki dute. Uste dut egoera hori normala izatetik gero eta gertuago dagoela.

Honela izanik, gizarteak ez du hainbesteko presiorik izango ez emakumeengan ezta gizonezkoengan ere.

Hala da, ulertu behar da ez dela ezer gertatzen. Egun osoa etxean ematea ez dago ondo nahitaezkoa bada eta beti alde berdinera erortzen badira erantzukizun guztiak. Baina bizitzako une zehatz batean gertatzen bada bietako batek kanpoan lan egiten duela eta besteak ez, ez da ezer gertatzen. Egoera hori zakartu egiten da nahitaez gizonak etxetik kanpo lan egiten duenean eta emakumeak barruan. Hobe da biek etxetik kanpo lan egitea eta etxean ere bai, baina baliteke norbaiti etxetik kanpo lana egitea ez gustatzea eta hori bada bere aukera, ondo dago.

 

Baina biek etxetik kanpo lana egiten dutenean ez da erraza izaten lana eta familia uztartzea. Kontziliaziorako zein laguntza publiko daude?

Estatu espainiarrean 2006tik aurrera laguntza ugari egoten hasi ziren, baina 2010etik aurrera haiek laburtzen hasi ziren berriro. Lau urte horiek izan ziren onenak, Educa3 plana zegoen [0-3 urteko haurrak zituzten familien beharrei erantzuteko plangintza], baita haurreskoletara sarbidea errazteko sistemak, Mendekotasun Legea, Genero Berdintasun Legea… ere; laguntzak koherenteak ziren kontziliazioa errazteko neurri horiekin.

Baina 2010ean laguntzak epeetan atzeratzen hasi ziren eta 2012an, zuzenean, aurrekontuan mozketa handiak izan ziren: Educa3 desagertu egin zen, Mendekotasun Legeari eskainitako laguntzak txikitu egin dira zaintzaileei babesa kenduz eta aitatasun baimena ere murriztu egin dute, lau astetik bi astera.

Egia esan, une honetan oso egoera zailean gaude. Etorkizun oparoko aroa atzean gelditu zen eta, gainera, urte haietan proposatutako politika sozial onak ez ziren guztiz garatu.