Iratxe Urizar

Trantsizioak

Gure Herri txiki honetan aspaldi salatu dugu ez zela benetako trantsizio bat eman Estatu espainolean estatu kolpe militarraren ondoren ezarritako gobernutik eta demokrazia deitu duten beste garaira, baina hitzak berak gaurkotasun osoa berreskuratzen du Trantsiziozko Justizia bezalako terminoekin.

Horrelako justizia mekanismoen helburua, gatazka egoera batetik (non eskubideen urraketa jarraitu bat ematen den) bake egoera baterako trantsizioan lagundu eta horretarako beharrezkoak diren mekanismoak eskaintzea da. Mekanismo sorta hauek, gainera, tokian toki diseinatuak izan behar dute, errealitate bakoitzari modu egokian erantzungo dutenak eraikiz, landuz eta martxan jarriz, non gainera, nazioarteko elementuen parte hartzea kasu hauetan oso lagungarria suertatzen den maiz. Bakerako pausoak eman eta gatazken erresoluzioa bultzatzeko beste mota bat, eraginkorra gainera. Egia bilatzea Komunitate edo Herri oso baten eskubide moduan ulertuta, eta egiaren bitartez, aitorpena, eta erantzuleek egindako krimenengatik erantzun dezatela, ez errepikatzearen bermearen gainean etorkizuna eraikiz.

Trantsiziozko Justiziak biktimen eskubideak aitortuak izateko markoa eskaintzen du, hala nola erantzukizunak erreklamatzeko eta egia, justizia, konponketa eta ez errepikatzeko bermeak ezartzeko bideak bilatzea ditu oinarri moduan. Hau aurrera eramateko bide eta mekanismoak, judizialak (erantzuleak egindakoagatik epaitegira bidaltzea eskatu daiteke) edota ez judizialak, (egiaren komisioak, esaterako) eskaintzen ditu eta gizarte zibilak funtsezko rola izango du, kudeatzaile eta bultzatzaile nagusia izanik. Oso ohikoa izaten da gainera beste esperientzia batzuk ikusita, estatuaren errezeloa justizia mekanismo hauek martxan jartzeko orduan, beraien balioa gutxietsiz.

Baina, kontu emateko modu berri hau interes handiarekin hartu dugu etxean: hainbat udako unibertsitateko ikastarotan ardatz nagusia izan da eta luze hitz egin da Baigorrin eta Oñatin eskaini diren saioetan, non Euskal Herrirako erabilgarriak izan daitezkeen formulak nolakoak izan daitezken eztabaidatu den.

Modu horretan deitua izan ez bada ere, Euskal Herrian aspaldi dakigu etorkizunean konponbide bat emateko aukerak eraikitzeko, funtsezkoa izango dela urte luze guzti hauetan gertatu denaren kontzientzia izatea eta egia jakiteko eskubidearen balioa. Kontakizun hori eraikitzeko, txosten, dokumentu, datuak hartu beharko dira oinarri. Ez da lan erraza izan eta ez da izaten ari, eskubideen urraketaren salaketa bera, salaketa hori zeinek egiten duenaren baitan, kriminalizatua izan den eta den honetan. Baina datuak hor daude, Herri honek urte luzeak daramatza horretan lanean, eta horien sistematizazioa beharrezkoa da, errealitate gordin horretatik zenbaki hotzak ateratzeko, gertatu denaren dimentsio osoa begien parean izateko eta zertaz ari garen hobeto ulertu ahal izateko. Zenbakiak. Txileko Valech Komisioaren antzeko euskal txosten bat. Zenbat torturatuz ari gara tortura salatzen dugunean? Zenbat behin-behineko kartzelaldi urtez? Akusazio formal gabeko zenbat inkomunikaziopeko polizia etxe egun eta gau? Zenbat zauritu polizia kontroletan? Eta manifestaldietan? Zenbat exekuzio estrajudizial?

Datorren astean, Trantsiziozko Justiziarako Esatari Bereziaren eta Indarrez Desagerrarazitakoentzako Lantalde Bereziaren ondorio txostenak aurkeztuko dira Genevako Nazio Batuetako egoitzan aurten Estatu espainolera egin duten bisita eta gero. Bietan badago komunean zerbait: biek azpimarratzen dute Estatu espainiarrak gizarte zibilak gai hauen inguruan eskatzen duen argitasuna eta azalpenak emateko agertu duen interes nulua. Azalpenak emateko garaia helduko da hala eta guztiz ere, benetako trantsizio bat. Eta ordurako Herri honek etxerako lanak eginak izango ditu. •