ENEEKEuskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua

12 lursail ekologiko berri Gasteizen Basaldea proiektuaren baitan

Tokiko ekonomiaren bultzada, lanpostuen sorrera, integrazioa, osasuna, ingurumenaren zaintza eta elikatze ohitura egokiak sustatzen dituen proiektu batek, ezinbestean, babes zabala beharko luke. Hala gertatu da Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Lakuako Gobernuak eta beste erakunde batzuek (ENEEK tarteko) bultzatu duten Basaldea Proiektuarekin.

Izan ere, Gasteizek baliabiderik badauka, hori lurra da: hiriaren eraztun berdea inguratzen, 11.000 ha nekazaritza lur daude. Baina lurraz gain, hiriburuak badu nekazaritza ekologikoaren garapenerako oso garrantzitsua den beste baliabide bat: gizartearen eskaria. Basaldea proiektuaren xedea da egun erantzuten ez den eskariarentzat eskaintza sortzea, eta nekazaritza eredua ekologikorantz bideratuko duen dinamika piztea, horretarako nekazaritza ekologikoan arituko diren enpresak sortzea sustatuz.

Garapen logiko baten segida

Basaldea Abetxukoko herri baratzeen ondoan da dago. Proiektua hiriaren garapen logikoaren testuinguruan kokatzen da: eraztun berdearen nekazaritza lurrak ekoizpen ekologikoan jartzea eta bertoko produktu ekologikoen eskariari erantzutea dira helburu nagusiak. Izan ere, hiriburua inguratzen duten nekazaritza lurrak “lanpostu meategiak” dira, deslokalizatu gabeko lanpostuak sortzeko aukera bazterrezina.

Hiru urteko garapena izan duen proiektu honek lau lerrotan egin du lan: ekoizpen ekologikoan trebatzeko formazioa; lurren eskuratzea/enpresa haztegiaren abiaraztea; produktu ekologikoen merkaturatzea; eta komunikazioa. Lau lerroak paraleloki garatu dira, baina bakoitza bere martxarekin. Prestakuntzaren antolakuntza HAZIren bitartez egin da, eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu du. Lurren eskuratzea eta enpresa haztegiaren abiaraztea Gasteizko Udalak hartu du bere gain, lurra, lursailak egokitzeko lanak eta azpiegitura ordainduz (230.000€ behar izan dira horretarako). Jaurlaritzak arlo honen finantzaketan ere parte hartu du. Arabako Foru Aldundiak etengabeko aholkularitza teknikoa emango duen enpresa ordainduz egingo dio bere ekarpena proiektuari.

Merkaturatzea errazteko, baserritar ekologiko berriek salmentarako zein produktuen manipulazio eta eraldaketarako azpiegitura anitz izango dituzte eskuragarri, azaroan guztiz zabalik izango den Hornidura Merkatu Plaza berrian. Proiektu estrategikoa izanik, bistan da alderdi asko jorratu direla Basaldearen garapenean.

Nekazaritza ekologikorako erraztasunak

Datorren urtearen hasierarako, 12 baserritar ekologiko berri beraien lursailetan (bakoitza hektarea bete ingurukoa) lanean hasteko moduan izango dira, 5 urteko “froga epeari” hasiera emanez. Rezikleta erakundeak ere bazterketa sozialaren arriskupean dauden pertsonen integraziorako baliatuko ditu 4,8 ha (kasu honetan, Rezikletak 15 urterako akordioa dauka udalarekin).

Partzela bakoitzak Zadorratik jasotako ur iturri bat eta kontagailu independentea izango du. Azpiegitura komunak ere izango dira. 3 etxe aurrefabrikatu jarriko dira, bata aldagela modura erabiltzeko, beste bat biltegia izango da, eta hirugarrena erabiltzaileei etengabeko aholkularitza teknikoa emango dien enpresa ezartzeko baliatuko da. Partzela bakoitzarengatik 300€ ordaindu beharko dituzte baserritarrek, urtero.

Eskatzaileek baldintza jakin batzuk bete beharko dituzte, hala nola, prestakuntza jaso izanaren akreditazioa (ekoizpen ekologikoan pilatutako esperientzia ere aintzat hartuko da, nahiz eta kasu honetan ere, prestakuntza minimo bat akreditatzea ezinbesteko izango den), eta 60 urte baino gutxiago izatea. Hasiera batean Basaldea gazteen laneratzera bideratuta bazegoen ere, hori aldatu behar izan da, egun lana topatzeko gazteek beste arazo baitute 50 urtetik gorako pertsonek. Deialdia azaroa eta abendua bitartean egingo da, eta espero da hurrengo urte hasierarako denak martxan egotea.

Etorkizunera begira, Udalaren Landa Eremurako Saila eta CEA Gasteizko Lur Bankuaren garapenean lan egiten ari dira. Hurbileneko erronka da inbentario bat egitea, eta ahalik eta azkarren lurrak ekologikorako konbertsioan jartzea. Era horretan, Basaldean lanean hasten diren laborari berriek, behin 5 urteko egonaldia bukatuta, ekologikoan jarraitu ahal izateko lurra izango dute.