Amagoia Mujika Telleria

Azido erasoak jasan dituzten Indiako emakumeak aurpegia ematen

Rupa diseinatzailea da. Duela sei urte, 16 urte zituela, bere amaordeak azidoarekin eraso egin zion, bere aurpegia deformatu zuen eta begirada itzali. Orain arropa marka propioa sortu du eta bera bezala azido erasoak jasan dituzten emakumeen konplizitatea bilatu du bere diseinuak erakusteko, ez dutelako ezkutatzeko ezer.

Rupak 22 urte dauzka eta diseinatzailea da. Betidanik izan da bere ametsa diseinatzailea izatea, baina tarte batean bere ametsa aparte utzi behar izan du. 2008. urtean, lo zegoela, bere amaordeak azidoa bota zion gainera. Bere aurpegiera deformatu egin zen, eta begirada tristatu.

Amaordea kartzela zigorrera kondenatu zuen Indiako justiziak, baina 18 hilabetera kalean libre zegoen. Ruparen aitak, berriz, bere bikotearen alde egin zuen eta Rupak aitaren abizena kentzea erabaki du.

Ordutik bere bizitza gogorra izan da. Hamaika ebakuntzaren ondoren, bere aurpegian oso bistakoak dira oraindik ere azidoaren arrastoak. Denbora luzea eman du aurpegia zapi batekin tapatuta, bere zauriek eta orbainek lotsa eragiten ziotelako. Arnasa hartzea bezala behar zuen konfiantza eta segurtasuna berreskuratzea. Lortu duenean, aurpegitik zapia kentzearekin batera bere arropa marka propioarekin lanean hasi da.

Jarrera aldaketa horretan parte handia izan du bere egoera berdina sufritzen ari diren beste emakume batzuekin bildu izanak. Azido erasoen biktima izan diren emakume horiek elkartu eta Stop Acid Attacks elkartea sortu dute, Indian emakumeen kontrako indarkeriaren aurka gehien mugitzen den elkartea. Erronka garbia dauka: Indian emakumeen kontrako erasoen inguruan dagoen ikuskerari buelta ematea. Izan ere, Indian bada biktima errudun egiteko joera, eta aktibista feministen lana hori aldatzera bideratua dago: erasotzaileak dira errudunak eta, beraz, erasotzaileak dira aurpegia tapatu behar dutenak, ez biktimak.

Rupa ere bide horretan abiatu da, elkartearen magalean. Eta bere ametsa berreskuratzea erabaki du: arropa marka propioa sortzea. Ametsaren hurrengo etapa New Delhin bere denda irekitzea izango da. Bertan azidoaren biktima izan diren beste emakume batzuekin lan egin nahiko luke. Dagoeneko iritsi zaizkio lehen enkarguak.

Eta arropa marka guztiek bezala, Ruparenak ere behar zuen jendaurreko aurkezpena. Bere diseinuak erakutsiko zituzten modeloen aukerak aztertzen ari zela sortu zitzaion ideia: Zergatik ez proposatu azidoaren biktima izan diren emakumeei modelo lanak egitea?

Pentsatu eta egin. Rahul Saharan 24 urteko argazkilari gaztea arduratu da irudiez. «Argazkien helburua emakume horien ausardia nabarmentzea eta edertasunaren inguruan daukagun ikuskera estu hori zabaltzea da. Nire ustez pertsona guztiak dira ederrak, eta inork ez luke onartu behar beste batek erabaki dezan ederra den edo ez», esan du argazkilariak.

Saharan harrituta dago irudiek izan duten oihartzunarekin. Orain, azidoaren biktima izan direnekin dokumental bat prestatzen ari da, haiei ahotsa emateko eta jendarteari mezu garbia helarazteko: «Ez dira maitasun ekintzak, krimenak dira».

Astean bi edo hiru eraso

Argazki sesioa ederra izan zela nabarmendu dute modelo bereziek; Rupa, Rita, Sonam, Chancha eta Laxmi, tartean. «Hasieran oso lotsatuta geunden, baina Rahulek oso eroso sentiarazi gaitu eta azkenean gure aurpegia duintasunez erakustea lortu dugu», esan du Rupak.

Aipatu bezala Laxmi egon da modelo horien artean, Indian azidoarekin egindako erasoen kontrako borrokan ikono bihurtu den emakume gaztea. 2005. urtean, 14 urte zituela, atzetik zebilkion gizonezko batek azidoarekin eraso egin zion Laxmiren ezetzaren ondoren. Laxmik salaketa jarri zuen Epaitegi Gorenean eta salaketa horren ondotik etorri zen Indian azidoaren salmenta mugatzen duen legea, 2013. urtean. Hartara, azidoaren biktima izan direnek 3.800 euroko kalte-ordaina jaso dute. Biktimek begi onez ikusi dute neurria, baina ez dela nahikoa salatu dute. «Eraso guztiak amaitu arte eta erasotzaile guztiak zigortu arte borrokan jarraituko dugu», nabarmendu dute.

Indian astean bi edo hiru eraso gertatzen dira azidoarekin. Gehienak oharkabean pasatzen dira, ez direlako ezagutzera ematen eta salatzen.