joseangel.oria@gaur8.info

Ebolak kutsatu eta bizirik atera direnak ezjakintasunak baztertzen ditu orain

«Eskerrak ematen dizkiot Jainkoari medikuek emandako laguntzarengatik. Ebolarik ez dudala ziurtatzen duen agiri bat eman zidaten, bakarren batek zalantzan jartzen duenerako», esan du Saah Tambah liberiarrak. Ebolak kutsatu egin zuen baina sendatu egin da. Orain estigma mingarri batekin bizi behar du, ordea.

Estigma hau ebola bera baino okerragoa da». Melvin Korkor doktorearen hitzak dira. Liberiako Phebe erietxean mediku lanetan ari zela kutsatu zen, baina gaixotasuna baino indartsuagoa dela erakutsi du Korkorrek eta bizirik atera da esperientzia beldurgarritik.

Front Page Africa Online sareko hedabideak jakinarazi duenez, orain bestelako arazoei aurre egin behar die doktoreak, etxekoak zein lagunak bera ukitzeko beldurrez baitira.

«Korkorrek behin eta berriz ebola gainditu eta sendatu egin dela esaten badu ere, jendeak ihes egiten dio: ‘Orain auzoan izurria izango banuke bezala begiratzen naute guztiek’. Front Page Africa Onlineko kazetaria Phebe erietxeko medikuarekin ibili zen Cuttington campusean. Berehala konturatu zen jendeak ihes egiten zuela Korkor azaltzean. Lagunek, ikasleek eta berak gehien maite dituen pertsonek ere ez diote ez bostekorik eman nahi ez berarekin bazkaldu nahi. ‘Jainkoari esker sendatuta nago, baina orain gaixotasun berria daukat: une honetan jasaten dudan estigmatizazioa’», idatzi dute aipatu webgunean.

Gbarnga irratian esan zuen medikuak «estigma hau ebola bera baino okerragoa» dela.

Koarentena Sierra Leonan

Afrikako mendebaldeko herrialdeetako egoera gero eta larriagoa da ebola gaixotasunari dagokionez eta adituek uste dute gauzak gehiago nahastuko direla datozen asteetan. Dagoeneko 2.200 pertsonatik gora hil dira ebolaren eraginez, horietako 1.000 baino gehiago Liberian. Eta bizirik ateratzen direnen dramaren berri badute herrialde horietako agintariek.

Joan den astelehenean Addis Abeba Etiopiako hiriburuan egindako gaixotasunari buruzko bilera berezi batean, AB Afrikar Batasunak eskatu zuen inor isolatu gabe eta biktimak estigmatizatu gabe egiteko aurre ebolari. Nkosazana Dlamini-Zuma ABeko presidenteak adierazi zuen erakundeak izurritearen aurkako «erantzun osoa» prestatu behar duela.

Izurritearen aurkako borrokaren faktore guztiak kontuan hartu behar direla diote adituek, bestela atzera egingo baita, aurrera egin beharrean. Esaterako, MSF Mugarik Gabeko Medikuek salatu dute eremu batzuk koarentenan jartzeak ez duela ezer lortuko, gaixo batzuk ezkutatzera eraman ditzake-eta. Gainera, MSFko medikuek diote jendeari etxetik irten gabe egotera behartzeak medikuen eta gizartearen arteko konfiantza suntsitu egingo duela, eta hortik abiatuta, gaixotasuna gehiago eta bizkorrago hedatuko dela.

Sierra Leonak MSFk baztertutako gauza bera egin nahi du datorren astean, hilaren 19tik 21era. Egun horietan herritar guztiek etxean geratu beharko dute, osasun langileen bisitaren zain. Etxez etxe joango dira osasun taldeak, ebolaren sintomen bila. Agintariek uste dute gauzak horrela eginez gero, ebolaren hedatzea geldiaraztea lortuko dutela. Gauza bera egingo lukete aurrerago, oraingo honetan gaixotasuna erabat gainditzea lortzen ez bada.

Ezjakintasuna eta tristura

Ebola gaixotasunak oso hilkortasun tasa handia zuen orain ia 40 urte Kongoko eremu isolatu batean lehen aldiz deskribatu zutenean, %90 ingurukoa, baina Afrikako mendebaldeko herrialdeetan %50 ingurukoa da gaur egun, adituek emandako datuen arabera. Horrek esan nahi du kutsatutako bi lagunetik bat hil eta bestea bizirik ateratzen dela, gaixotasuna gaindituta.

Baina une horretan arazoak bukatu beharrean, bestelakoak sortzen zaizkio kutsatutako pertsonari. Bizirik atera direnek gaixotasuna atzean uzteko bizitako istorio izugarriak kontatzen dituzte. Gainera, osasun langileen ahalegin heroikoaren berri ere ematen dute. Horrekin batera, ordea, ezjakintasuna eta tristura uzten dituzte agerian.

Arazo horiei aurre egiteko, ezjakintasuna gainditzeko batez ere, MOE Munduko Osasun Erakundeak bideo bat eman du argitara Youtuben, bizirik ateratako hiru lagunen esperientziak kontatuz. Saah Tambah eta Harrison Sakilla Liberiakoak dira eta Matu Kamara, berriz, Sierra Leonakoa.

Koindu eta Foya

«Koindun kutsatu ninduen ebola nire osabak», kontatu du Saah Tambahk. «Inork zaindu ezin zuenez, bi gau egin nituen bere ondoan. Handik egun batzuetara hil egin zen. Gero, haren emaztea eta alaba zendu ziren. Gonbitoka hasi nintzen, beherakoa hasi zitzaidan, eta erietxera joatea erabaki nuen. Gaixotu nintzenean, etxekoek uste zuten oso zaila izango zela ni sendatzea. Eskerrak ematen dizkiot Jainkoari medikuek emandako laguntzarengatik. Ebolarik ez dudala ziurtatzen duen agiri bat eman zidaten, bakarren batek zalantzan jartzen duenerako», esan du Tambahk.

Foya Liberiako iparraldean dago, Sierra Leona eta Gineako mugetatik oso gertu. Harrison Sakilla 39 urteko gizona bertakoa da. Bere ama hil zuen ebolak eta bera kutsatu egin zuen. Gainditu zuen gaitza; Foyan eta eskualde osoan bizirik atera zen lehen pertsona. «Nire ama zaintzen ari nintzela kutsatu nintzen. Norbaitek sintomaren bat sentituz gero, erietxera joan beharko luke lehenbailehen. Han begiratuko diote zer duen eta horrela gaixotasuna gainditzeko aukeraren bat izango du», esan du Sakillak, agintariek behin eta berriz esan dutena errepikatuz, hau da, osasun zerbitzuengana joan behar dela sintomak hasi bezain pronto.

Erietxera lehenbailehen

Hildakoen kopurua handiagoa da Liberian Sierra Leonan baino. Hala ere, antzeko egoerak bizi dituzte bi herrialdeetan gaixotutakoek; baita bizirik atera direnei dagokienez ere.

Matu Kamarak 52 urte ditu eta ebolak ahizpa eta alaba eraman zizkion. «Nire senarraren beste emaztea zaintzen aritu ondoren gaizki sentitu zen nire alaba. Hotzak zegoen. Erietxera eraman nuen eta botikak eman zizkioten. Hobeto zegoela zirudienean, gonbitoka hasi zen. Gure besoetan hil zen. Ondoren neroni gaizki sentitu nintzen. Gonbitoka hasi nintzela-eta, erietxera joan nintzen. Handik bi egunetara askoz hobeto nengoen. Gaixotasun honetatik bizirik ateratzen garenok jendeari erakusteko moduko agiri bat behar dugu, ebolaz kutsatu eta sendatu egin ginela esanez. Sintomaren bat sumatuz gero, berehala joan behar da erietxera, oso gaizki egon arte zain egon gabe», borobiltzen du bere mezua Kamarak.

Gaixotasunaren inguruko zurrumurru eta gezur ugari zabaldu dira azken hilabeteotan ebolak gehien kaltetutako herrialdeetan, herritar askoren ezjakintasunari esker. Min ematen du norbere lagunen arbuioak eta horixe eragiten du ebola nola kutsatzen den garbi ez edukitzeak, bizirik atera direnek esplikatu dutenez. Alaiena deprimitzeko moduko arbuioa da hurbilen dugun pertsonena.

Melvin Korkor medikuaren esperientziaren tankerakoa du Claudius Barnawolo liberiar osasun langileak ere. Front Page Africa Online sareko hedabideak ebolak kutsatu eta bizirik ateratako erizainaren eta bere etxekoen hitzak jaso ditu, jasaten duten estigmatizazioa nabarmenduz. Osasun langileek oso garesti ordaindu behar izan dute ebolaren aurkako borrokan esku hartu izana. Liberian, esaterako, 152 langile kutsatu ditu ebolak eta horietako 79 hil egin dira. Korkor eta Barnawolo bizirik ateratako 73 lagun horien artean daude.

Liberia, okerrera

MOE Munduko Osasun Erakundeak aste honetan bertan jakinarazi duenez, datozen hiru asteetan milaka lagun kutsatuko ditu ebolak Liberian eta «aparteko neurriak» hartu beharko dituzte. Herrialdeak dituen 15 konderrietako 14tan baieztatu dituzte ebola kasuak eta, egoera ikusita, adituek diote kutsatutakoen eta hildakoen kopuruek ikaragarri egingo dutela gora oraindik.

«Liberiako tragedia ulertzeko kontuan hartu behar da izurritea hasi aurretik mediku bakarra zegoela 100.000 biztanlerentzat, 4,4 milioi biztanle dituen herrialdean. Gauzak ondo egin ahal izateko, 70 paziente zaintzeko 200dik gora osasun langile behar dira», dio MOEk.

Monrovia hiriburua hartzen duen Montserrado konderriak milioi bat biztanle ditu. Dagoeneko kutsatuta dauden herritarrak hartu ahal izateko, egun duten ohe kopuruari (240 soilik) beste 1.000 erantsi beharko litzaizkioke. Herritarren laguntza ezinbestekoa izango da.