Amagoia Mujika Telleria

LEHENAK ETA AZKENAK

Jon Urbe/ Argazki press
Jon Urbe/ Argazki press

Lehenak ederrak izaten dira. Aspaldian dastatu gabeko itsasoaren gazia ezpain bustietan, ur freskoak eragiten duen hozkirriaren atsegina, zure gorputza itsasoko uretan hain desberdin sentitzearen bitxia... Udako lehen saltoak, lehen bainuak, lehen pulunpak ederrak dira, berriak, freskoak...

Baina lehenak bezain ederrak dira azkenak. Desberdinak. Egutegiak normaltasunera arrastaka zaramatzanean zuk kontra egin eta desorduetan uretara salto egitea plazer hutsa da. Ordurako itsasoak ezaguna du zure azala, ezpainetatik gazia kendu ezinik zabiltza, ura ere epelxeagoa iruditu zaio zure sabelalde horri, eguzkiaren zatitxo bat daramazu ilean... eta ez diozu agur esan nahi itsasoari. Neguan ere hor egongo da, baina desberdin.

Zein ederrak diren lehen aldiak eta azkenak. Batzuk antsiaz bizi dituzu, probatu beharraren grinaz. Eta, besteak, ba, horixe, intentsitatez, azkenak izan daitezkeenaren jakituriaz.

amagoia.mujika@gaur8.info