Unai Belaustegi

«Pamplinas»

Buster Keaton Ameriketako Estatu Batuetako aktore, zine zuzendari eta gidoilaria “Pamplinas” goitizenarekin ezagutzen zuten espainiar Estatuan. Umorezko pelikulekin egin zen mundu guztian famatu, tartean, goitizena eman zion 1920an grabatutako “Pasión y boda de Pamplinas”. Donostiako zinemaldia datorrela aitzakia hartuta, Keatoni buruz idaztea pentsatu dut.

Duela 80 urte inguru, Buster Keaton Donostian egon zen abuztu amaieran. Garaiko egunkariek zezenketa bat ikusten agertu zela kontatu zuten, eta zezenketarekin harrituta geratu zela: «Hollywooden ni hiltzaile (matador) paperean agertzen naizen pelikularen bat grabatu beharko genuke». Hurrengo egunean Biarritz bisitatu zuen, bere emazte eta aktore Natalie Talmadge eta jatorri euskalduneko Luis Alonso (Gilbert Roland) mexikar aktorearekin batera. Donostiara itzuli eta elkarteren batean bertoko janariarekin gozatzeko aukera ere izan zuten.

El Pueblo Vasco garaiko egunkariak “Pamplinasen” elkarrizketa bat kaleratu zuen, tartean galdera-erantzun hauek: «Diru asko irabazten al duzu?. Bai jauna, nahikoa; Soinudun pelikulek pelikula mutuen lekua hartuko al dute? Ziur asko gertatuko da; Zineak antzerkia hilko al du? Arlo desberdinak dira baina zinemak ikusle asko kenduko dizkio».

Harrigarriena zera da, ordea, umorezko pelikulengatik ezaguna zen aktoreari beste hau ere galdetu ziotela: «Keaton jauna, beti hain serio egoten al zara? Etxean eta pelikuletan ere bai? Bai, pelikuletan eta jendaurrean bai, baina etxean eta familiakoen artean ez, berez gizon zoriontsua naiz eta!». Aipatu, pamplinas hitza beste gauza batzuen artean, fundamentu gutxiko zerbait izendatzeko erabili ohi dela. Keatonek ez omen zuen goitizena maite. •