Xabier Mikel Errekondo

V

Via, Voluntad, Votar y Victoria. Kataluniak egina du hautua, irabazteko unea da eta V erraldoiak erakutsi du bidea: herritarren borondatea errespetatu eta –ariketarik demokratikoena– bozkatu. Ezin uka katalanak irudimentsuak direnik. V irudiak gauza asko ditu adierazten, baina guztien gainetik pixel bakoitza eta guztiak batera, herritarrak, lehen lerroan eta prozesuaren protagonista. V ez da irudi polit soil bat. Etsaia ere ohartu da.

Bartzelonatik bueltan, bularrean V erraldoi bat ekarri dut tatuatua. Begietara ikusezina bada ere, hortxe daramat, esteladak gidatutako lerro hori eta gorri amaiezinen dantzak sutan pirograbatutako lubaki sakona. Bero sentitu ditut Kataluniaren bihotz eta giharrak.

Sentitu dut nola Bartzelonaren arteria nagusiak herritarrez bete diren, eta nola bakoitzaren odol tanta batez zainak uholdetu egin diren herri katalan berriaren bihotza taupadaka hasteraino. 1714ko errautsak hauspotu eta, hirurehun urtera, sugar gorituek erditutako herri librea balitz bezala. Izan ere, orain urtebete iparretik hegoraino Katalunia gurutzatu zuen gorputz erraldoiak ezinbestean behar zuen bihotz taupadarik, aitzinerat egingo bazuen.

Bularretik bizkarrerainoko sakonera duen lubakia goldatu dit plazerezko erredurez Diadak ortzegunean.

Datorren ortzegunean, 18an, independentzia gailenduko ez balitz ere, eskoziarrek irabazi dute jada, bidea prest dute eta izan nahi dutena erabakitzeko. Espainiaren ukazioaren gainetik, Kataluniarrak ere irabazten ari dira eta geldiezina da dagoeneko irabazi arterainoko borondatea, geldiezina herri berriaren bihotz taupada. Gu ere bagoaz. Ari gara gure bidea egiten. Pazientziaz baina odol beroz. Bat nator Arnaldorekin irabazteko jaio ginela eta prest gaudela dionean. Gure borondatea bada, irabaztea gure esku dago. •