Amaia Agirre

Diruzurrak

Zer da egia? Zer da gezurra? Zer da aurpegia izatea? Eta zer iruzurra egitea? Javier Marotoren hitzek aurkako iritziak sorrarazi dituzte, eta zenbaitengan mina eragin ere bai. Baina bada aldekorik ere, bai noski. Izan gaitezen errealista. Joka dezagun garbi, dirua tartean denean joko zikina nagusi baldin bada ere. Etorkinak gizarte laguntzetatik bizitzera etortzen direla esan zuen Gasteizko alkateak, eta urak harrotu dira.

Nik duela urtebete zortea izan nuen hainbat eta hainbat etorkini egindako elkarrizketak entzuteko, eta horietako bakar bat ere ez zen Euskal Herrira bizkarroi zereginetara etorri. Norbere sorterria eta jaiotetxea uztea bizitzako erabakirik gogorrenetakoa da. Zer esanik ez seme-alabak eta bikotea han utzi behar badituzu.

Nire arreta bereganatu zuen kontu bat bazen elkarrizketa horietan, ordea. Gipuzkoako herri txiki batean bizi zen familia baten testigantzak hunkitu ninduen. Baserri batean lanean ari zen bikote baten kontakizuna zen. Hiru seme-alabarekin bizi ziren eurena inoiz izango ez zen baserri batean. Lanaren truke irabazten zuten eguneroko ogia, eta baserriaren jabeekin batera bizi ziren, errespetuan eta elkarbanaketan oinarritzen zen bizimodua eraikiz. Euren sorterrian eskuratzea ezinezkoa zitzaien etorkizun batekin ametsetan.

Euskal herritarrok etorkinekiko genuen jarreraren inguruan galdegin zitzaienean, honelaxe erantzun zuen amak: “Gu geu etorri gara beste lurralde batera, eta guk geuk eman behar ditugu lehenengo pausuak. Guk geuk egokitu behar dugu bertara eta bertako ohituretara zein hizkuntzara. Ahalegin hori eginez gero, nonahi izango gara ongietorriak”.

Xapo! Herri txiki eta euskaldun batean bizitzeak onurak eta zailtasunak ere bazituela gaineratzen zuten, baina euren seme-alabak dagoeneko euskaldunak zirela aitortzen zuten, eta horrek zimiko bat eragiten zion. Hego Ameriketakoak dira, baina Euskal Herriko biztanleak, eta nortasuna bakoitzak bere modura eraikitzen du.

Barne gatazka izugarria bizi du familia horrek. Seme-alabek ez dute gurasoen sorterrira itzuli nahi, baina gurasoek ez dute beste desirarik. Inpotentzia, esker ona eta poz gazi-gozoen artean, bazen samina eragiten zion zerbait, eta elkarrizketatzaileari argi utzi nahi izan zion: “Etorkinok ospe txarra dugu zenbaiten artean, baina gure artean ere denetarik dago. Egia da batzuk kolpe zorririk jo gabe bizi direla gizarte laguntzei esker, baina nik lehenengo lau hilabeteetan soilik eskatu nuen laguntza, eta ez dut kanpotik gatozen langileon izena zikintzen utziko. Etorkinen artean, euskal herritarren artean bezalaxe, zuzen jokatzen dutenak daude, eta ahal duten heinean laguntzetatik bizi nahi dutenak ere bai”.

“Bejondeizula!”, pentsatu nuen neure artean. Gure etorkizunak kolore beltza omen du, baina ez dut uste euren azalak eman dionik kolore hori. Han eta hemen, era guztietako pertsonak eta jokabideak omen. Amen! •