Arantxa Urbe. Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Egokitzapena: elkarlanean ongizatearen bila

Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS
Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS

Eskola garaiaren hasiera egokitzapen garaia da, urduritasun garaia. Ongi begiratuta, egokitzapen asko gertatzen dira hasiera horretan: eskolako ordutegira eta martxara, hezitzaile berrira, ikaskide taldera, eskolako espazioetara... auskalo zenbat egokitzapen gertatzen ari diren egunotan gure eskoletan!

Mataza handiko hari guztietatik, lehen aldiz eskolatuko direnen egokitzapenarenari tira egin nahiko nioke. Bi estatu eta hiru administraziopean dauden gure eskola guztietan derrigorrezko hezkuntza 6 urterekin hasten da –horretan denak berdinduta gaude, behintzat–. Hala ere, familia gehienek, 2 edo 3 urterekin eskolatzen dituzte beren seme-alabak.

Haurra eskolatzeko unea bizitzako ataketako bat omen da. Kontuan izan eskolatu aurretik haurraren giza ingurunea izan dela harremanen erreferentzia nagusia, eta bere heziketa, hein handian, ingurune horren baitan garatu dela. Orain, eskola gehituko zaio horri. Han, bere adineko haurrekin topo egingo du; aintzat hartzen, entzuten, haiekin gauzak eta hezitzailea partekatzen eta abar ikasi beharko du. Hezitzailea pertsona ezezaguna da beretzat, baita eskolako espazioa ere.

Etxean erreferentziako pertsonak ditu: atxikimendu irudiak. Irudi horiek hain beharrezkoa duen segurtasun afektiboa ematen diote. Hasieran, eskolan ez du segurtasun hori eskainiko dion erreferentziarik. Horregatik, hezitzailea atxikimendu irudi bihur dadin, atxikimenduaren transferentzia eman behar da etxekoen eta hezitzailearen artean. Lotura berri hori eraiki beharko dute, beraz. Lotura horrek ahalbidetuko dio haurrari seguru sentitzen, beldurrik ez izaten, eskolan gustura egoten, beste haurrekin harreman aberatsak izaten eta geroko lan guztiaren oinarria izango den esploraziora jotzeko oinarri sendoak eratzen. Egokitzapen lan hori ongi burutzen bada, testuinguru berri horrek eskaintzen dizkion aukerak esploratzera abiatzeko laguntzaile bihurtuko da atxikimendu irudi seguru bilakatu den hezitzailea. Hamaika iritzi daude, ordea, eskolatzea samurtzea eta ongizatea helburu duen prozesu horren gainean. Etxekoek oporrak eta denbora moldatu behar izaten dituzte eskolan egoteko, eta hezitzaileok haien aurrean lan egin behar izaten dugu, eta ez gaude ohituta. Errealitate horiek gutxietsi gabe, nazioartean egin dituzten ikerketa guztiek diote egokitzapena egiteko arrazoi sendoak daudela.

Maiz, baina, egokitzapena soilik haurrak egin beharreko lan gisa hartu dugu. Prozesua ahalik eta arrakastatsuena izan dadin, haurrarekin batera aritu behar dugu etxekoek eta hezitzaileok. Eta elkarlan hori harmoniatsua izateko, eskola eta etxekoak informazioa trukatu beharrean daude. Hainbat hezitzaileren ustez, gainera, elkarrekin zerbait ikasteko jarrera eduki beharko genuke.

Helduon jarrera positiboa funtsezkoa da. Atxikimendu irudi seguru horren trantsizioak leuna izan beharko luke, lasaia, haurraren erritmo biologikoen moldaketa errespetatzen duena, sentikortasunez egina. Eta elkar ezagutze horrek bere denbora behar du: haur bakoitzak eta prozesu bakoitzak berea. Presarik gabeko elkarlana, dudarik gabe.

Etxekoentzat larritasun garaia izan daiteke. Hezitzaileok haurrarekin egon behar dugu, eta etxekoengandik hurbil, lasaituz eta konfiantza emanez. Haiek, beren aldetik, hezitzaileongan konfiantza eta segurtasuna izan beharko lukete. Tentsio uneak konfiantzak irabazteko eta eraikitzeko garaiak dira, ezbairik gabe: jende askoren ustez, gerora eskola ibilbide osoan eragina izango duen ataka.

Bien bitartean, zenbait hezitzaile hasi dira egokitzapenaz baino harreraz hitz egiten. Izan ere, haien ustez, familiak eta haurrak eskolara egokitu beharrean, eskolak harrera egin beharko lieke. Edonola ere, pazientziaz eta maitasunez lan egiteko garaia da. Urratsak lasai, hausnartuta eta adostuta emateko garaia. Ez dira garai errazak, baina haurren, etxekoen eta hezitzaileon ahalegina behar duen lanak mereziko du! •