2014/09/27

Eta orain zer?
Gorka Elejabarrieta
Ez dute deus oparituko, Erresuma Batuaren baitako nazioetako gehiengoa «pozik» izatea da helburua; ehunka urteko kolonizazioak, borroka ideologikoak, kontrol mediatikoak... egingo dute gainontzekoa

Ezetzak irabazi du Eskozian, asko idatzi da prozesua eta emaitzen inguruan, alde guztietatik aztertu da gaia, eta lerro hauetan idatziko dudana errepikakorra gerta daitekeen arren, horra doa nire ikuspegia, ez horrenbeste erreferendum prozesuaren eta emaitzen inguruan, baizik eta honek guztiak Erresuma Batura ekarriko dituen ondorioen inguruan.

Emaitzak publiko egin eta berehala, David Cameron, Erresuma Batuko lehen ministroak, deklarazio garrantzitsua egin zuen. Iniziatiba politikoa berreskuratu asmoz, hiru dira nire ustez bere hitzetatik azpimarratu beharreko ideia nagusiak.

Galdeketa egitea beharrezkoa zen. Azken asteetan nazioarteko hainbat mandatarik Cameron kritikatu dute, haien ustez erreferenduma “baimentzea” akats larria izan zen eta ideia hori zabaltzen aritu dira ezker-eskuin. Ez zuten nahi Eskoziako esperientziak beste inon aurrekaririk ezartzea. Eta Cameronek gogor erantzun ditu kritika horiek. Guk pentsatu eta defendatu dugunaren kontra, Eskoziako ereduaren arrakasta eta zilegitasuna etengabe defendatu beharko ditugu etorkizunean ere. Ez dezagun pentsa eskoziar prozesuaren ondorioz estaturik gabeko nazioen erabakitzeko eskubidea oro har onartu denik. Ondorio oso positiboak izan ditu, dudarik ez; erabakitzeko eskubideak aurrerapauso nabarmena eman du ariketa demokratiko zilegi bezala. Horrelako eztabaida eta arazoak konpontzeko tresna eraginkorra dela frogatu du Eskoziak, baina nazioartean eta etxean ere asko kontrako ideia gogorki zabaltzen saiatzen ari dira.

Baietz bozkatu dutenen iritzia aintzat hartu behar da. Baietz bozkatu dutenen kopurua handia izan da, eta haien iritzia kontuan hartu ezean, Cameronek badaki etorkizunean balizko beste erreferendum bat galtzeko aukera asko izan ditzakeela. Prozesuarekin amaitzea ez ezik, gobernu britainiarraren nahia momentu politikoa Erresuma Batuaren etorkizun batua ziurtatzeko ere erabiltzea da.

Estatuaren erreforma berri bat aurreratu du Cameronek. Erreforma horrek ez du Eskozia bakarrik aintzat hartuko, Gales, Irlandako iparraldea eta Ingalaterran ere aldaketa garrantzitsuak egiteko erabiliko da.

Hau guztia hobeto ulertzeko joan gaitezen denboran atzera. Irlandako bake prozesua eta Ostiral Santuko Akordioa Erresuma Batuaren erreforma sakona egiteko erabili ziren. 1998an sinatu zen bake akordioa eta urte berean adostu ziren ere Scotland Act eta Wales Act oinarrizko legeak, bi nazioei autonomia, parlamentua eta gobernu propioa izateko eskubidea aitortuz. Orduan, egun bezala, Erresuma Batuaren etorkizun batua kolokan jarri zezakeen ekimen historiko bat (bake akordioa), erreforma sakonak egiteko erabili zuen gobernu britainiarrak. Orduan ez bezala, eta geroztik Ingalaterrako hainbat sektorek aldarrikatu duten bezala (bereziki UKIP alderdiak eta talde atzerakoienek), badirudi Ingalaterrak ere autonomia eskuratuko duela prozesu berri honen ondorioz.

Helburua orduan eta orain berdina da: Erresuma Batuaren batasuna. Britainiarren ikuspegia batasun hori ziurtatzeko modu eraginkorrena nazio horiei aitortza eta eskumen zabalak ematea dela da. Orain egingo duten erreforma hiru nazio hauei eskumen gehiago emateko erabiliko da. Ez dute deus ere oparituko, nazio hauetako populazioaren gehiengoa “pozik” izatea da haien helburua; ehunka urteko kolonizazioak, borroka ideologikoak, kontrol mediatikoak... egingo dute gainontzekoa. Irlandar batasunaren alde ematen ari diren pauso garrantzitsuak oztopatu nahi ditu erreforma honek ere. Ostiral Santuko Akordioen inplementazioak, eta irlandar egoera politikoaren garapenak berak, erreferendum bat aurreikusten dute datozen urteetan. Londres dagoeneko hasi da bere burua prestatzen prozesu horri begira. Hori baita nire ustez, Irlandako bake akordioaren eta eskoziar erreferendumaren ostean, Erresuma Batua kolokan jarriko duen hurrengo gertakaria. •