Beñat Gaztelumendi

Zerbaitegatik du egunsentiak kolore laranja

Nik ere polizia daramat nire baitan; mugazainak dauzkat biriketan mugaz gaindi arnasarik hartu ez dezaten, desfile militarrak bihotzean pausutik irten ez dadin, komisaria ilunak sabelean, banderak begietan, alanbre txarrantxa masailetan eta bizkarra aurrerantz okertuta ibiltzen naiz, ez zara sekula ohartu?, historia oso baten zama aldean banerama bezala, nire eta nire aurrekoen ikarak harri txintxarrak bezala poltsikoetan pilatu balitzaizkit bezala, eta belaunek dardara egiten didate eman behar ez nukeen pausu bat ematen dudanero, dardara eskuek idatzi behar ez nukeen hitz bat idazten dudanero, dardara ahoak kantatu behar ez nukeen zerbait kantatzen dudanero eta dardarka kamustu ditut bideak, hitzak, kantak; bide seguruetatik bakarrik doanak bide bera egiten baitu behin eta berriro.

Eta bat-batean Loiola. Baina ez flashek argitutako basilikaren Loiola hori, isiltasunaren Loiola hori, bilera sekretuetako Loiola hori. Gaur zapi laranja erraldoi bat dago basilikaren arean zintzilik, ehunka beso elkarri loturik eta ehunka kasko gorri eta aurpegi estali parean. Loiolako hegiak eta Loiolako begiak. Begirada laranjak eta kapusaipean ezkutatutako begirada urduriak. Eta koloreak, ileordeak, berokiak, maskarak, mozorroak, hitzak eta isiltasunak. Eta hatzak begietan, sudurretan, porrak buruan, bizkarrean, ostikadak, ukabilkadak, bultzakadak, jendea arrastaka eskaileretan behera, begi itsutuak linternaren fokupean, «no, no es éste», eta berriro kolpeak, hatzak begietan, sudurretan, porrak buruan, bizkarrean, besoetan, eskuetan, ostikadak, ukabilkadak, bultzakadak, jendea arrastaka, jendea linternapean, eta bat-batean kantuak, bat-batean oihuak eta nire zainetako polizia ihesi, biriketako mugazainak ihesi, pausutik ateratako desfile militarrak ihesi, sabeleko komisaria harriz harri eroria eta zuzenduz doan bizkar bat, pareko kapusaipeko begi urduriei, begi ilunei parez pare begiratzen dieten bi begi, dozenaka begi, ehunka begi; eta berriz oihuak, berriz kantuak eta eskutik heldu didazunean dardarka sumatu zaitut, edo ni izango naiz akaso, auskalo, baina dardara sumatu dut gure eskuen artean, elektrizitatea Loiolan barrena eskuz esku eta ezin diot hitzik jarri, ezin diot formarik eman, baina zainetan barrena doakit eta gero eta ozenago ari naiz kantuan, gero eta ozenago ari zara, gero eta ozenago ari gara eta denok zuzendu ditugu bizkarrak, denok altxatu ditugu begiak; harresia adreilu laranjaz adreilu laranja ari dira desegiten, nik ere banituen harresiak barruan, ez nintzen esatera ausartu hitzak ere irentsi egin nituelako, urte askoan eraman ditut eztarrian korapilatuta hezurren gisara, baina nik ere harresiak neuzkan barruan arnasa mozten zidatenak, begiak kizkurtzen zizkidatenak, sabela estutzen zidatenak, baina gaur dardarka ari dira, lurrikarak lehertu zaizkit barruan eta lurrera doaz pixkanaka-pixkanaka, eta ondoan daukadan esku bakoitza, beso bakoitza sentitu, estutu nahi dut. Ez baitago maitatzea baino ekintza desobedienteagorik.

Gutu garenean gautu du Loiolan; gau bat gehiago Euskal Herrian eta zenbakiak buruan: bost, hogeita zortzi, berrogei, bostehun eta hirurogeita lau… ekuazio makabroak ekarri dizkigu gauak urte gehiegitan, gau apurtu gehiegi, agurrik gabeko gau gehiegi. Gaur ere ez dugu begirik bilduko, gaur ere badirelako etxera helduko ez direnak, baina Aske Guneak daramatzagu azalean, Aske Guneak begietan, ahoan, biriketan, eskuetan, pausuetan, hitzetan, absentzietan. Hitzak liberatu ditugu ahots kordetatik, kantuak, oihuak, eta belaunek dardara gutxiago egiten digute goazen bidea joan beharko genukeena ez denean; begiak ausartzen dira begiratu behar ez luketen hodeiak zeharkatzera. Gau gehiegi pilatu zitzaizkigun bizkarrean, baina zerbaitegatik du egunsentiak kolore laranja. •