Iratxe Esnaola

Aztarna digitala

Internet Society erakundeak garatu du «Aztarna digitala» proiektua. Bederatzi bideo dira (gaztelaniaz eta frantsesez eskuragarri, Internetsociety.org). Bideoen helburua kontzientzia hartzea eta aukera posibleak erakustea da. Ordenagailu, mugikor eta tabletez dihardute; bederatzi bideookin, aztarna digitala eta gailu bakoitzak aztarna digitalarekiko duen harremana definitzen dituzte, eta aztarna digitalaren gaineko legeria ere aipatzen dute.

 

Zer da aztarna digitala? Aztarna digitala Internet sarea erabiltzerakoan banatzen dugun informazioa da, informazio pertsonala. Jakina da Skype, Facebook edota gisako beste bitarteko bat erabiltzean gure aztarna digitala elikatzen dugula. Baina zer gertatzen da sarean nabigatzean? Zein informazio banatzen dugu?

Zergatik hasi gara aztarna digital hain handia uzten? Interneten nabigatzerakoan, nabigatze hutsagatik, informazioa banatzen dugu: zein nabigatzaile erabiltzen dugun, zein sistema eragile eta gailu mugikorretan, askotan, baita geolokalizazio datuak ere. Hori guztia batu eta hari bat sortzen dute cookie-k. Eta, era berean, cookie-ak banatu egiten dira.

Zein onura ditu Interneteko elkartrukatze ekonomikoak erabiltzailearentzat? Internetek arlo komertzial bat ez balu ere, aztarna digitala berdin-berdin existituko zen. Baina arlo komertzial horrek aztarna digitala bere onurarako erabiltzen du. Erabiltzaileak aztertu eta edukiak pertsonalizatzea da Interneteko oinarrizko elkartrukatze ekonomikoa. Eta esaldi bat gogoratzen du: «Zuk ez badu produktua ordaintzen, zu zara produktua». Eta gutako bakoitzak profil oso bat dugu, guk emandako informazioarekin etengabe elikatzen dutena.

Aztarna digitala, arazo bat da? Aztarna digitalak gure pribatutasun eta anonimotasunarekin talka egiten du. Pribatutasunerako eskubidea Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean ageri da, baina ez dago adostasunik Interneteko pribatutasunaren gainean. Era berean, aztarna digitalarekin, anonimotasunean egindako ekintzak (erosketa bat edota bilaketa bat) profil bati lotzen zaizkio, anonimo denari nortasuna emanez.

Gailu elektroniko ezberdinek aztarna digital ezberdina uzten dute? Mahaigaineko ordenagailuek edo eramangarriek uzten duten aztarna eta smartphone eta tabletek uzten dutena oso ezberdina da. Azken hauen aztarna indiskretuagoa da. Instalatuak ditugun aplikazioak zuzenean Interneteko zerbitzuetara konektatzen dira eta eurena da kontrol osoa eta, hortaz, modu anonimoan konektatzeko aukera murrizten dute. Are, geolokalizazio informazioa ere bidaltzen dute (begiratu aplikazio bat instalatzeko eskatzen diguten baimen andana). Ordenagailuek nabigatzailearen bitartez banatzen dute informazioa. Baina kontrol gehiago eskaintzen diote erabiltzaileari (esaterako, cookie-ak ezabatzeko). Halere, Windows 8 sistema eragilearekin ikusi den bezala, ordenagailuek smartphonen gero eta antz gehiago dute. Norbere pribatutasuna zaintzeko konfigurazio egokiak egitea gomendatzen dute.

Nola kudea dezaket nire aztarna digitala? Denbora eta ahalegina eskatzen du, baina lau etapa defini daitezke: lehena, oinarrizko arazoen gaineko ulermena areagotzea (nabigatze hutsagatik egiten duguna); bigarrena, “oinarrizko garbiketa” ohiturak hartzea (posta elektronikoko helbide bat lanerako, beste bat kontu pertsonalerako, esaterako); hirugarrena, erabiltzaile sofistikatuak bilakatzea (pribatutasunaren konfigurazioa zuzentzea); eta, laugarrena eta azkena, gure pribatutasuna hobetzeko tresna espezifikoak bilatzea (programa bereziak pribatutasuna zaintzeko).

Nork jarraitzen du gure aztarna eta nola egiten du? Iragarleak, editoreak eta agregatzaileak bereizten dira. Adibidez, Google bilatzaileak, gure IP helbidearen arabera gure kokapen geografikoa aurreikusten du. Eta cookie bat sortzen da, eta gure nabigatzailean kokatu. Horrek edukiak pertsonalizatzea ahalbidetzen die, gure profila osatzen jarraituz.

Zein dinamika daude martxan aztarna digitalaren gainean? Dinamika ekonomikoa (sare sozialek hirugarrengoei saltzen dietenean), kulturala (aztarna digitala ezberdin pertzibitzen da munduko txoko ezberdinetan) eta erosotasunarena (pribatutasuna da erosoago nabigatzearen prezioa) bereizten ditu.

Nola eragiten dio legeriak aztarna digitalari? Internet globala den arren, pribatutasunaren gaineko legeria ez da globalean lantzen. Pribatutasunaren legeria desafio bat da oraindik.

Bideo interesgarriak dira, ikusteko modukoak, informazio pertsonala, ohartu gabe ere, banatzen dugulako. •