Gorka Zozaia

Fusioaren iraultza

Aurreko astean, komunikazioaren kudeaketaren inguruko ikastaro batean, berriz ere atera zen mezu baikor eta ezezkorren egokitasunaren arteko kontraesana. Funtzionatzen duten mezuak baikorrak ei direla, baina gero aglutinazio handiena beti ematen dela «ez, ez, ez» lema deklinatzerakoan. Adibide andana jarri ziren mahai gainean iritzi baten zein bestearen aldeko argudio gisa, baina, ekologismoaren kasuan adibidez, nahiko agerikoa da “Garoña ez”, “Fracking ez” eta antzerako lemek duten pisua eta konbokatoria gaitasuna. Izan ere, baliabide energetikoekin jarraituz, oso argi dugu zer ez dugun nahi, baina ez hain garbi zer nahi dugun.

Aste honetan Euskal Herria eta energia lotzen dituzten albiste bi izan ditugu. Batetik, Nuklenorrek Garoñaren esplotazioarekin jarraitzeko izapideak epe barruan egin dituela, eta, bestetik, Shell eta Capricorn konpainiek Bizkaiko golkoan hidrokarburoak bilatu nahi dituztela. Lehena ez da berria, baina bigarrena bai. Antza, 2013ko abuztuan egin zuten eskaera euskal kostaldetik 60 eta 100 kilometro arteko distantzian 4.500 kilometro koadroko eremua aztertzeko. Bi hilabete daude orain alegazioak aurkezteko, baina, tira, baimenak ematerako luze joko omen du prozesuak. Kontua da, berriz ere, galdera bera planteatzen dela: ona al da Euskal Herriarentzat halako baliabideak eskura izatea?

Noski, energia izanik eztabaidaren erdigunea, milaka ikuspegi izan daitezke: baliabide naturalen ustiaketa, ingurugiroaren iraunkortasuna, ekonomia bere eskala guztietan, burujabetza politikoa bera... Hain urrun joan barik, eta energiaren alorrean gakoa kontsumoaren murrizketa dela aintzat hartuta, egia da eskala handiko (industriak, azpiegitura handiak, metropoliak...) energia sorkuntzak ataka batean jartzen gaituela: nola sortu energia modu iraunkorrean? Hau da, etorkizuna hipotekatu gabe, ingurumenarekin bat, nola ustiatu bertatik atera ahal den energia. Batzuen ustez, fusio nuklearra da erantzuna. Ez soilik egungo beharrak asetzeko gakoa, baizik eta aurrera begira iraultza bat suposatuko lukeen aurrerapen teknologikoa. Horixe pentsatuko dute ziur aski aste honetan bertan, Donostiako Kursaal jauregian, 28th Symposium on Fusion Technology (SOFT) nazioarteko biltzarrean parte hartu duten zientzialari eta ingeniariek. Arraroa da, baina oso gutxi hitz egin da nazioarteko biltzar honetaz gurean. Are, estatuko hedabide nagusietako zientzia atalek ere ez dute berria jaso! Ditudan susmoak aipatzera ausart ninteke, baina nahiago dut atal hau fusioa eta fisioa bereizteko baliatzea...

Fisioa, munduan kontsumitzen den energiaren %17 sortzen duten 436 erreaktore nuklearrek erabiltzen duten erreakzioa da. Fisioan, neutroiek bonbardatuta, nukleo pisutsu bat bitan zatitzen da energia pila eta bizpahiru neutroi gehiago askatuz. Horiek nukleo gehiagoren aurka jotzean, kate erreakzioa ematen da, eta prozesu horixe kontrolatzean dago erreaktoreen gakoa. Bistan da kontrolak huts eginez gero ondorioaren tamaina zein den, baina, ondo joanda ere, mende luzetarako oso kutsakorrak diren hondakinak dituzu, eta, erregaia berriz, oso lekutua (Kazakhstan, Kanada, Australia, Namibia, Errusia, Niger).

Fusioan, alderantziz, bi nukleo dira berri bat sortzeko batzen direnak. Bi nukleo, hidrogenoaren bi isotopo izaten direnak (deuterioa eta tritioa), helioa, neutroi bat eta fisioak baino lau bider energia gehiago askatzeko. Deuterioa ur pisutsutik ateratzen da, itsasoko uraren %0,015 dena; tritioa litioaren desintegraziotik lortzen ahal da, eta, esan beharrik ez da, helioa ez da kaltegarria. Arazoa, baina, erreakzioa eman dadin erreaktiboak asko berotu behar direla da, eta hortxe du teknikak erronka: behar adina erreaktibo mantentzeko «ontziak» eraikitzea.

Erronka teknikoari pisurik kendu gabe, fusioaren etorkizuna antzemateko, nire ustez, gehiago begiratu behar zaio energia nuklearraren aldeko lobby indartsuari eta xake partida globalari. Hots, kosta egiten zait kosta duen herrialde orok fusioaren energia iturri miresgarria dueneko agertokia irudikatzea. Kostatzen zait, baina halakorik ematekotan, trantsizio hori ematen bada, ez da teknika kontua izango. Fusioaren iraultzak berak ere, estrategia da behar duena; baiezkorako bidea eraikitzea, alegia. •