Nagore Amondarain

Hor zaudete, ez gelditzeko baina

Hilabete berdinean iruntzi ditut hurrenkeran, Lander Garroren «Gerra txikia» nobela, «Barrura begiratzeko leihoak» dokumentala eta Markel Ormazabalen «Hemen nago, ez gelditzeko baina» kronika liburua. Agian neuk topatu dut hurrenkera hori, batzuetan hari mataza handi bat desegin duzula konturatzen baitzara hari batetik tiraka hastean. Hari mataza hori litzateke, Ormazabalek ondo definitzen duen moduan, gizartearen angelu itsua den kartzela. Idaztearen idazteaz ezabatu nahi da denbora, eraiki nahi dira zerumuga berriak, eman nahi dira besarkada eta musuak edo konta daiteke ezezaguna den hori.

“Gerra txikia”-k ezer gutxi esaten du zigor ziegez, baina orriak pasatu ahala irakur daiteke errefuxiatuen seme-alabentzat mundua ziega zarratu bat nola bihur litekeen. Dokumentalak kartzelaren errealitatea kontatuko digu kanpotik, eta, kronika liburuak, kartzelatutakoaren ahotsetik, barrutik, alegia.

«Kartzelari buruzko erreferentzien collagea» egin duela liburuan diosku Ormazabalek eta esaldiak edo atalak antolatzerakoan ez eze, ederto osatu du collage hori aurkibideko irudiekin eta atalen bukaerako erreferentziekin. Munduan kokatzeko modu bat egin dugunon geografia antzekoa topa daiteke bertako erreferentzietan. Kadentzia ezagun baten konpasak denak. Kartzelako kaiera bat iruditu zitzaidan aurreneko unean, kartzelako egonaldi batean lagun batek idatzitako apunteen koaderno bat.

Ez naute sekula preso hartu, beraz, ezin dezaket ikuspuntu horretatik idatzi. Baina hurbilean izan ditut bertan kontatzen diren hausnarketa zenbait. Hiztegi oso bat idatz daiteke, aldiz, kanpoan erabiltzen den espetxearen inguruko hizkuntzaz edo bizipenez. Tabua izan daiteke aitortzea, egun, zein desatsegina izan daitekeen bisita aurreko eta osteko gorputzaldia. Sartu aurretiko logalea eta nekea, metalen detektagailuaren zorroztasuna eta sartuko zaren ziurgabetasuna. Eta bisita osteko hutsa. Herrira bueltatzean entzuten diren «zelan daude?» galderari erantzuteko, tabua izan daiteke esatea baina, pertsonalki, asmakizun zentzugabekoa iruditzen zait «gogor» erantzuna. Ez esatearren «zigorraldiaren denbora letretan laburtzen» edo «ahal den ondoen denbora xahutzen».

Horrek ere kronika liburu oso bat behar luke. Liburuan esaten den bezala, gizakia ez baitago preso bizi izateko prest.

Esan dut ezin dezakedala kartzela barrukoaz idatzi, baina Ormazabalen kronika liburuak etxean gordetzen dudan kartzelako koaderno baten antz handia du. Patioko presoen ibilbidea, gehienetan, erlojuaren kontrakoa norabidean izaten dela idatzi zuen preso ohi baten kaiera, hain zuzen. 2007ko uztailarekin hasten da kontakizun desberdinen pilaketa, tartean egunkarietako zatiak, gutunak edo irudiak. Garai horretan irakurritako liburuetan presoak topaturiko pasarte gustukoenak, zein “kosetxa propia” moduan sinatzen diren olerkiak. Boligrafo desberdinez idatziriko pasarteak tartekatzen dira koadernoaren azalera guztian, bazterreko ertz zuriak ere idatzita daude, papera bera ere gordetzeko merkantzia pisutsua delako espetxean.

Iruditzen zait asko idatziko dela oraindik kartzelatik eta kartzelaz, «ni»-az eta «gu»-az. Baina, kalean gaudenok kontuan hartu beharko genuke gutun bat jasotzea laztan bat jasotzea lakoa omen dela kartzelan. Hortik, idazteak izan dezakeen garrantzia espetxealdian. •