Internetekiko mendekotasuna arazoak eragiten hasia da nerabeen artean
Nahiko fenomeno berria den arren, sare sozialen mende bizi direnak bat baino gehiago dira. Etengabe konektatuta egoteko premiak urduritasuna eta arreta falta eragiten ditu, baina antsietatea eta estresa eragiteraino ere irits daiteke. Adingabeak eta gazteak dira Internet eta sare sozialekiko mendekotasuna jasateko arriskurik handiena dutenak.

Sare sozialek eta Internetak gure egunerokoa eta bizitza bera aztoratu dute. Harreman moduak eraldatu dituzte eta egun, gazte jendearen artean bereziki, gutxiengoa da Facebook edo Twitter moduko sareetan profilik ez duena. Sare sozialen erabilpena harreman zuzen, azkar eta eraginkorren sinonimo dela uste izan da orain arte. Egun, baina, etengabe “konektatuta” egoteko beharra zabaltzen ari da, eta, beraz, sare sozialen mende bizi da bat baino gehiago.
Egunerokoan egiten edo gertatzen zaion oro partekatu gabe, edo bere argazkiak Facebook, Twitter ala Instagram sareetan –horiek dira gure artean erabiltzaile gehien dituztenak– hedatu gabe bizi ezin direnak gero eta gehiago dira gure artean ere. Berriak diruditen sare hauek arazoak sortzen ari dira dagoeneko eta hainbat ikerketaren objektu izan dira. Izan ere, tresna hauen neurri gabeko erabilerak ala erabilera okerrak hamaika problema eragin ditu. Gauza serioago bihur daiteke eta sare sozialekiko ala Internetarekiko mendekotasuna gara daiteke, eta, horrek, gazteengan bereziki, antsietatea eta tristura eragin dezake.
«Urduritasuna, arreta falta eta animoaren gorabeherak». Horixe da Begoña Carbelo psikologoaren diagnositakoa etengabe konektatuta egotea ezinbestekoa duen pertsona baten aurrean aurkitzen den bakoitzean. «Deskonektatzeko gai ez den jendea bada; egun bakarra euren profilak ikusi eta ‘egunean jarri’ gabe egotea guztiz ezinezkoa iruditzen zaie», gaineratu du.
Arazo honek luzera pertsonen egunerokoa baldintza dezakeela sinetsita dago psikologoa. «Sare sozialak une batez alboratzeko gai eta beste zer edo zertan zentratzeko gauza ez bada, pertsona horrek bere gozatzeko gaitasuna kolokan ikusiko du», dio larrituta. Era berean, inguruko pertsonekin ditugun harremanak ere arriskuan egon daitezke sare sozialen erabilpen kaskarrarengatik.
Antsietatea eta estresa izateraino
Internet eta sare sozialekiko mendekotasun maila handiena duten herritarrak antsietate eta estres koadroak sufritzeraino irits daitezke. Begoña Carbelo harantzago doa eta antsietatearen amaieran depresioa egon daitekeela ohartarazi du.
Gaur egun eguneko 24 orduak igarotzen ditugu konektaturik. Garraio publikoan goazela, itxaron gela batean gaituztela ala kale izkinetan zain gaudela, smartphone-ari begira dauden pertsonak ikusten ditugu nonahi. Horixe da sare sozialen mendekotasunaren adierazle argiena.
Psikologoa izateaz gain, San Rafael-Nebrija Osasun Zientzien Unibertsitateko irakaslea ere bada Carbelo, eta mendekotasunen sorrera nola gertatzen den azaldu du “Qué!” aldizkarian: «Gure neurona sareak substantzia kimikoak igortzen dituenean ohitzen gara gauzetara, eta haiek sortzen dituzten emozioekiko mendeko bihurtzen gara», azaldu du bertan. Sare sozialekiko mendekotasuna, gainera, beste edozein elementurekiko izan dezakeguna baina arinago sortzen omen da. Izan ere, psikologo eta irakasle honen aburuz, Internetak eta sare sozialek sentsazio positiboak bakarrik eragiten dituzte, eta modu oso azkar batean gainera.
Adingabeek eta gazteek osatzen dute Internet eta sare sozialekiko mendekotasunarekiko kolektiborik zaurgarriena. Izan ere, psikologoak gogora ekarri bezala, nerabeak oraindik ere emozioak kudeatzen ikasi ez duten pertsonak dira. Adingabe eta nerabeen gurasoei ere zenbait aholku eman dizkie, eta, hala, euren seme-alabengan «arreta falta, dispertsio handia eta telefono mugikorrarekiko mendekotasuna» sumatuz gero, arduratzen hasi eta laguntza eskatzeko aholkatu die.
Sare sozialei erabilpen egokia ematea, ikasketa prozesu bat da eta gure bizitzak uste baino gehiago hobe ditzaketela ziur dago Carbelo. Sare sozialen onurak, izan ere, ez ditu inolaz ere zalantzan jartzen; hala, informatua egotea edo egunerokoan ikusi ezin dezakegun jendearekin hartu-emana mantendu ahal izatea positibotzat jo ditu.
Aholku praktikoak
Sare sozialak modu kontrolatuan erabiltzeak onurak bakarrik dituela nabarmendu du psikologoak. Eta zehazki, onura horiek arreta handiagoa eta hobea, kontzentrazioa eta errendimendu altuagoa direla mahaigaineratu du.
Sare sozialekiko mendekotasunari aurre egiteko hainbat aholku praktiko ere eman ditu psikologoak. Hola nola, posta elektronikoari eta sare sozialei kasu egiteko ordutegi bat zehaztea, gure aisialdia sare sozialengandik aldenduta igarotzea, eta, egunero tartetxo batez bada ere, mugikorraz ahazteko ahalegina egitea.
Begoña Carbelok Javier De Rivera soziologoarekin batera “Deskonektatuak” izeneko esperimentua zuzendu du. Bertan, sare sozialen neurriz kanpoko erabilpenak pertsonengan dituen eraginak aztertu dituzte. Horretarako bi gazte bi aste osoz Internet konexiorik gabe, sare sozialik eta Whatsapp zerbitzurik gabe eduki dituzte, eta, bi aste horietan euren jarrerak gertutik aztertu ondoren, ondorio garrantzitsuak atera dituzte.
