Jose Angel Oria

Hong Kongeko txita ez da Txinako arrautzara itzuliko

Leung Chun-Ying Hong Kongeko gobernadoreak (Pekinek karguan jarritakoak) bertako ikasleak erotu nahi dituela dirudi: egun batean Polizia bidaltzen die egurra ematera; hurrengoan elkarrizketa eskaintzen die, berehala bertan behera uzteko; eta manifestari gazteek kalean jarraitzea erabaki dutenez, elkarrekin hizketan hasteko aukera aipatu die berriz... Agintariaren azken umore aldaketa asteazkenean ezagutzera emandako bideo batek eragin du: zenbait agente manifestari bat jipoitzen ageri dira, edonor haserretzeko moduko irudietan. Edonola ere, Aterkien Iraultzarekin bat egin duten herritarrek badakite zer nahi duten, benetako demokrazia, eta ezin dute onartu Pekinek eskainitako esperimentua: «Zuek botoa eman nik aldez aurretik aukeratutako hauetako bati». Chin-Hsing Liu Taiwaneko irakasle erretiratuak bisita egin zien manifestariei. Honela laburtu du ikusitakoa: «Ezin duzu arrautzan berriz sartu jadanik atera den txita». joseangel.oria@gaur8.info