Oihana Llorente Arretxea

Sukaldaritzako 4.134 hitz eta esanahi jaso eta sarean jarri ditu Edorta Agirrek

Lau urteko sukalde lanaren ostean, «Elikadura Hiztegia» eta «Elikadura Hiztegi Entziklopedikoa» osatu ditu Edorta Agirrek. Erreminta dinamiko eta eskuragarriak izan daitezen sarean eskegi ditu. Euskarak sukaldaritzari lotutako lexikoan duen hutsunea bete nahi izan du lan hauekin.

Bart alitak afaldu nituen» eta halakoak entzun orduko sutu egiten da Edorta Agirre (Donostia, 1949). Itzultzailea da ofizioz eta gastronomiako kazetari afizioz. Bi pasioen batuketak “Elikadura Hiztegia” eta “Elikadura Hiztegi Entziklopedikoa” lanak eman du emaitza gisa.

Egunean hirutan eta bizitza osoan zehar errepikatzen dugun ekintza da jatea. Agirreren aburuz, alabaina, sukaldaritzari lotutako lexikoan euskarak gabezia nabarmena du. «Zulo tamalgarri eta lotsagarri hori betetzen» lau urte eman ditu eta sarean eskegi ditu elikadurari lotutako terminoak eta esamoldeak barnebiltzen dituzten bi lanak.

A bitaminatik hasi eta ziazerbara arte 4.134 termino aurki daitezke “Elikadura Hiztegia” deiturikoan. Aspaldian jatetxe propioa edukita, sukaldaritzaren inguruan mila artikulutik gora eta bost liburu idatzi ostean, tiradera batean gordeta zituen hitz gehienak Agirrek. Haiek antolatzearen eta txukuntzearen ondorio dira lanak.

Erabilpen anitz

125 orrialde ditu “Elikadura Hiztegia” aleak eta sei zutabetan banatu du termino bakoitza. Euskarazko hitzak ematen dio sarrera eta, ondoan, termino horrek izan ditzakeen sinonimoak ageri dira. Hirugarren zutabean termino zientifikoa dago, hitzak izaki bizidun bati erreferentzia egiten dionean. Hurrenkeran hurrena gaztelaniazko terminoa da; frantsesezkoa bosgarrenean dago; eta azkenekoan, ingelesezkoa.

“Elikadura Hiztegi entziklopedikoa”-k erabilpen ugari dituela sinetsita dago Agirre, baina, bereziki, teknologia berriarekin lotura duten belaunaldi berriak ikusten ditu erabiltzaile gisa. «Lehen sektorean, baserritar, arrantzale ala artzain gazteak izan daitezke. Bigarren sektorean, txerriki saltzaileak, arrain saltzaile gazteak... eta hirugarren sektorean, kontsumitzaile guztiek erabili dezakegu. Aldez edo moldez jende guztiak erabili dezakegu», dio, seguru.

Nutrizioaren inguruan munduan hedatuta dauden termino eta moduak bildu dituen arren; esaterako, á la boulangere edota á la crezy, euskal herritarrek sukaldaritzaren gainean duten ikuskerari ere tartea egin dio, eta sorgin-afaria edota zikiro-jana moduko ohiturak zer diren eta nondik datozen jaso du egileak.

Sarean eta eskura

Jakintza hauek internauten esku daude bakarrik, baina ez diru premiagatik soilik. Lanaren bolumen handiak, 850 orrialde ingurukoa hiztegi entziklopedikoaren kasuan, ez du, egilearen ustez, erreminta eroso egiten; «gainera, zenbat zuhaitz moztu beharko lirateke horretarako?», galdetu du.

Hala eta guztiz ere, hiztegia «bizirik» mantentzeko nahiak bultzatu du bereziki hiztegiak sarean eskegitzera. 4.000 terminotik gora jaso dituen arren, «beste hainbeste» falta direla uste du eta soilik sareak duen bat-batekotasunak eskaintzen dio sortzen doazen hitz berriak gehitzeko aukera.

Erabakiaren atzean hiztegia berritzen joateko konpromiso sendoa dagoen arren, Agirrek argi utzi nahi izan du konpromisoa «berea eta bakarrik berea» dela. Izan ere, kexu da eskuratu duen finantzabide ezdeusarekin. Lau urtez hamaika erakunderen atea jo eta «limosna eskean» aritu ondoren, elikadura eta euskara batzen dituen proiektu honentzat xentimorik ere ez egotea «lotsagarria» iruditu zaio. Diru premia «aitzakia» delakoan dago eta gogor kritikatu du erakunde publikoen diru-kudeaketa.

Lan hau plazaratzea Agirreren betebehar «politiko eta kulturala» izan omen da, eta gure herrian «euskaldun asko, bai, baina euskaltzale gutxi» daudela kexu da. Euskara eremu orotan erabil dadin dabil ekinean.