Maider Iantzi

Adur erreketan igeri

Ahotsak gero eta urrunago, ulergaitzago, ametsekin nahasten dira. Eta burua, ezin tente eutsi, atzera doa. Ahoa irekita, adurra bere bidea egiten hasi da, gorbata bustiz. Erreka bat jaio da trajean.

Kamera abil batek bete-betean harrapatu du begiak zabaldu eta lehenbiziko nahasmen horretan –non nago? zein egun da?–, eta geroko disimuluan ere bai.

Ingurura begiratu ea inork ikusi duen, lepo mindua zuzendu, mikrofonoan dagoenaren hitzak aditzearen itxurak egin... Ze barregarria diputatuaren trantzea! Eta politikari atrakatzaileei buruzko txisteak...

Ahoa zabal-zabalik, ozen egiten du irri 24 urtez Pujol familiaren lapurretak ikertzen ibili den pertsonak –zergatik atera diren argitara hain berandu galderari hala erantzun dio: «Bazen garaia!»–. Irri bitxi horietakoa du, kutsakorra, eta guk ere ajarika bukatu dugu, gizonak irri noiz egingo, gu ere bestara batzeko. Eta ongi pasatu dut, baina erran behar dut aspertu naizela egunero iruzurti esku luzeak ikusten, eurekin gosaldu, bazkaldu eta afaltzen.

Umorea egiten da haiekin, baina egiatan, umore gehiago egiten dute haiek gurekin. Eginak egin, eta argitaratuak argitaratu, ez baitzaie deus gertatzen. Barkamena eskatu eta eskuak sakela beroetan sartu.

«Barkatu», erran du Mariano Rajoyk ustelkeria onartuz. Zurbil, ahituta, irri gutti presidente espainiarraren aurpegian, gainbeheraren ispilu, leherketaren beldur. Ongi etorria eztanda, eta instituzioen ordezkariek beren onena emateko duten ardura oroitzea. Baita gurean ere, adur erreketan igeri egitera ohituta, beren ametsetik ernatu eta gure ahotsa aditzea eskatzen ahal diegun guttienekoa dela atzentzen zaigulako. •