Maider Eizmendi

Alatzne Etxaburua

Nahigabean eta ondo nola heltzen zitzaion jakin gabe eutsi zuen sega lehenengoz orain lau urte; «erabat harrapatu zuen». Gozoak eta gazixeagoak izan diren uneak pasa ditu, baina aurrera baino ez du begiratzen. Segarekin nahikoa ez eta trontzan eta harri tiraketan ere aritu da aurten Alatzne Etxaburua.

S ega lagun berria du; baina denbora gutxian lagun-min egin zaio. Oraindik ere gogoan du orain lau bat urte lehendabizikoz eskuan hartu zuenean ez zekiela ondo nondik eta nola heldu behar zion. «Koinatuak oraindik ere barre egiten du hura gogoratzen duenean, zein trakets heldu nion oroitzen denean», aitortu du Alatzne Etxaburua segalariak.

Tolosan jaioa, herri kirolen giroa ezezaguna zitzaion, harik eta ezkondu eta Zizurkil bizileku hartu zuen arte. «Jaiak zirela eta, herritarren arteko herri kirol erakustaldia egitea erabaki zuten eta bertan parte hartzeko eskatu zidaten; behiak jezteko edota segarekin aritzeko proposatu zidaten niri eta, zalantzarik gabe, segan hobeto moldatuko nintzela pentsatu nuen, inoiz aritu gabea banintzen ere», oroitu du irribarrez.

Aitzakia horrekin heldu zion segari lehenengo aldiz eta orduz geroztik apenas utzi du zokoratuta. Joxe Gabirondo gazteluar segalari ezagunak erakutsi zion segan egiten jaietako erakustaldi hartarako eta hura pasatakoan ere behin eta berriz deitu zion entrenamenduetara bertaratu zedin. «Presiorik gabe, baina belarra moztu behar zuten aldiro egiten zidan joateko gonbita». Etxaburuak lehen unetik hartu zion gustua belarra moztean sentitzen duen horri: «Ez dakit ondo nola azaldu. Niri segak jarraitzea eskatzen dit; kolpe bat eman eta hura ondo egin dudala ikusteak, bestea ematea eskatzen dit», deskribatu du.

Gazteagotan igeriketan eta, ondoren, bizikleta txapelketetan aritutakoa, hilabete batzuk beranduago iritsi zitzaion segan lehendabizikoz lehian aritzeko parada. «Maitzaren 21a zen eta ondo gogoratzen dut, nerbioak dantzan nituela, nora nindoan ere ondo ez nekiela», azaldu du. 35 metro koadroko eremu bat moztea zen lehiaren helburua eta uste baino emaitza hobearekin itzuli zen etxera, bigarren postua eskuratuta, «pozik».

«Etsitzeko tentaziorik gabe»

Emaitzak eta txapelak berehala hasi ziren iristen, baina une guztiak ez dira gozoak izan, Etxaburuaren esanetan. «Pasa den urtean inoiz baino gehiago entrenatu nintzen; banekien sasoiko nengoela eta asko prestatu nintzela, baina lehiaketa egunetan huts egiten nuen, batez ere, azkartasuneko probetan», oroitu du. Etsitzeko tentaziorik gabe, aurten, «segan gutxiago arituta», etorri zaizkio bueltan iaz egindako esfortzuaren fruituak. Gipuzkoako txapela Zizurkilen bertan jantzi zuen buruan, ingurukoak ondoan zituela, eta Euskal Herrikoa, berriz, Aian.

Gabirondoren laguntza ezinbestekoa izan duela errekonozitzen du: «Gaizki aritutako egunean, beti asmatu izan du lasaitzeko moduren bat, belarra ez zegoela ondo, sega kamustuta zegoela... norberaren kulpak zuritzeko aitzakiaren bat izaten du beti». Azken bi urteetan, ordea, Igor Esnaola segalariarekin batera ari da entrenatzen eta lehiatzen. «Gabirondoren bueltan jende asko geunden eta Igor ere txapelketetan dabilenez, eta belarra behar izaten duenez, harekin batera joaten naiz, segarako gutxi behar izaten dut eta», aipatu du txantxetan. Zentzu horretan ez dutela zailtasun handirik izaten nabarmendu du, badute eta beti belardiren bat uzten dien Amasako lagun bat.

Laguntzailearen garrantzia

Arituaren arituaz, belarrari tankera hartzen ikasten ari dela dio, baina oraindik ere alboan zer eta nola egin behar duen esango dion pertsona bat ezinbestekoa zaiola uste du. «Behin, kazetari batek, elkarrizketa batean, belarra nola zegoen galdetu zidan eta niri burura etortzen zitzaidan erantzun bakarra ‘berdea’ zegoela zen», gogoratu du barrez.

Laguntzailea izatea ezinbestekoa da, eta berak Esnaolaren animo hitzetan konfiantza osoa du. «Igorrek badaki zein modutan hitz egin behar didan, presioa ez dut ondo hartzen, ez eta ‘lasai, zurea izango da’ esatea ere. Lasaitasun hitzak dira niri benetan laguntzen nautenak», azaldu du. Kirioak apaltzea da, hain zuzen ere, Etxaburuak txapelketan edo lehian duen eginkizun handienetako bat: «Ikasiko dudala esaten didate, baina ni oraindik ere gosaldu gabe joaten naiz probetara eta, maiz, aurreko egunean afaldu gabe ere bai», aitortu du.

Txapelak pilatu ditu bata bestearen atzetik segan –guztiak eskeintzen dizkio anaiari– eta arlo horretan bere buruari ikusten dion bidea oraindik ere luzea dela dio. Segarekin nahikoa ez, ordea, eta aurten trontzan eta harri tiraketan ere aritu da. «Trontzan egina nintzen aurretik ere, baina, egun batean, Jasone Aranburuk eta biok erdi txantxetan aipatu genuen aritzeko aukera», azaldu du. Gainerakoan bezala, pentsatu eta egin. Bide txarrik ez du egin bikoteak, Gipuzkoako txapelketan bigarren postua eta Euskal Herrikoan hirugarrena eskuratu baititu. «Gustura geratu gara egindakoarekin», azaldu du.

Harri tiraketan Ibarrako taldean aritu da. Gustura dago, taldeko lana erakargarri zaio eta, baina desasbantailarik ere ikusten dio: «Ni, orain arte, bakarkako kiroletan aritu naiz beti; entrenatzen badut, niretzat dira emaitzak, eta zelaira atera eta behar den bezala erantzuten ez badut, berriz, niretzat nire lanaren ondorioak. Taldeko lanean nik egiten ez dudana besteek egin behar dute ezinbestean eta hori erantzukizun handia da», iritzi dio Etxaburuak.

Ez dago trantze horretan, «etxean duen laguntzari esker»; izan ere, datorren denboraldian ere hiru arloetan aritzeko asmoa du, hori bai, bakar bat aukeratu behar balu, ez du zalantzarik, segarekin geratuko litzateke. «Harrapatu egiten du norbera segak eta ni ondo harrapatu nau», aitortu du kirolariak.

Horregatik, hain zuzen ere, gustu handiz ikusten ditu Joxe Gabirondoren alboan segan egiten ikasten aritzen diren neska-mutilak. Zaila da kirol honetan jarraitzea, besteak beste, alboan beti norbait izatea, mozteko belarra lortzea edota segak zorrozten dakien pertsona baten laguntza lortzea oinarri oinarrizkoak direlako. Gustatuko litzaioke jarraipena duen kirola izatea, eta bide horretan eman dituen urratsak beste norbaiten eredu balira, bada, «primeran».