Amagoia Mujika Telleria

Smartphoneak dira haurrek Internetera sartzeko darabilten bide nagusia

Egun, 9-12 urteko haur europarren %28 Internetera smartphone baten bitartez sartzen da. 2010. urtetik asko aldatu da panorama. Orduan, ingurune aberatsenetan bizi zirenek baino ez zituzten eskura smartphoneak eta, orain, aberatsen eta pobreen arteko arrakala digitala murrizten ari da. 13-16 urteko gazte gehienek smartphone bat daukate.

Haurrek ezagutzen dituzte smartphoneak. Orokorrean, gustatzen zaie gailuekin saltsan aritzea eta abileziaz maneiatu ohi dituzte.

EU Kids Online erakundeak ikerketa bat egin berri du smartphoneak haurrentzat dakartzan arriskuak zeintzuk izan daitezkeen ikertzeko eta ondorio nabarmena izan da gero eta haur gehiagok dituztela eskura telefono adimentsuak. Ikerketak 250.000 neska-mutiko izan ditu kontuan eta 2010. urteaz geroztik smartphoneak eskura dituzten haurren kopurua dezente handitu dela ondorioztatu du. «Duela lau urte, ingurune aberatsenetan bizi ziren eta baliabide gehiago eskura zituzten haurrek zituzten smartphoneak inguruan. Gaur egun, asko zabaldu da gailu horien erabilera eta berdindu egin da haur aberatsen eta pobreen egoera smartphoneei dagokienez». Alegia, aberatsen eta pobreen arteko arrakala digitala murrizten ari da.

Datu horri tiraka, gaur egun, Europako 9-12 urteko haurren %28 Internetera smartphonearen bidez sartzen dela ikusiko dugu. Hori da sarerako erabiltzen duten bide nagusia. Eta Europako 13-16 urteko gazteen gehiengo zabalak smartphone propioa dauka.

Bide arriskutsuagoa

Internetera smartphone bidez sartzea arriskutsuagoa da beste bide batzuetatik sartzea baino, izan lehenagoko telefono bat, ordenagailu eramangarri bat edo mahaiko ordenagailu bat. Hori ere jarri du mahai gainean aipatutako ikerketak. Zergatik? «Arrisku gehiagoren aurrean jartzeaz gain, smartphonea erabiltzen duten haurrak maizago sartzen direlako Internetera eta ekintza gehiagotara iristeko modua dutelako».

Bide horretan, ikerketak nabarmendu du haur txikiagoek helduagoek baino arrisku gutxiago izan ohi dituztela, «baina Interneten esperientzia desatseginen bat gertatuz gero, eragin handiagoa izan ohi du haur txikiagoengan». Hartara, gurasoek gertutik zaindu beharko lukete txikienek smartphonearekin zer egiten duten. «Zenbat eta txikiagoa izan haurra, orduan eta handiagoa izan beharko luke gurasoen inplikazioak», nabarmendu dute.

Arazoak edo arriskuak askotarikoak izan daitezke, haurraren eta smartphonea erabiltzeko moduaren arabera, baina dagoeneko igarri dute oso kontuan hartu beharreko zenbait arrisku berri daudela; «adinaren eta generoaren arabera, arriskuak desberdinak dira, baina gailu teknologiko berriek arrisku berriak dakartzate; geolokalizazioa edo ezagutzen ez dituzten pertsonekin harremanetan jartzeko erraztasuna, kasu».

Internet, beste gauza guztiak bezala, berez ez da arriskutsua. Erabilerak egiten du arriskutsu edo onuragarri. Smartphonea da, aipatutako ikerketaren arabera, Internetera sartzeko bide arriskutsuena haurrentzat. «Smartphonearen bidez aukera gehiago dauzka eskura haurrak eta, ondorioz, arrisku gehiago». Hartara, ikertzaileek garrantzitsutzat jotzen dute smartphone horiek beti zaintzapean erabiltzea, ez baita arriskurik gabeko denbora-pasa.

Era berean, ikerketan parte hartu duten adituek softwareen diseinatzaileak, enpresa teknologikoak eta komunikazio arloan dabiltzanak ere hartu dituzte jomugan eta mezu hau helarazi diete: jar ditzatela martxan gurasoen kontrola bultzatzen duten mekanismo errazak, jar ditzatela bideak haurrek Internet ahalik eta modu seguruenean erabil dezaten.

 

Haur pasiboak sortzeko arriskuaz ohartarazi dute

Gero eta nekezagoa da haurrek teknologia berrietara daukaten sarbidea kontrolatzea. Eskura dituzte eta aise maneiatzen dituzte.

Duela ez hainbeste, kezka nagusietakoa izaten zen haurrek telebistaren aurrean denbora gehiegi pasatzen zutela. Orain, haurrek –bi urtetik beherakoak barne– eta gaztetxoek smartphoneekin eta tabletekin daukaten harremanak sortzen ditu kezka eta egonezina gurasoen artean.

Adituek dagoeneko jarri dute galdera mahai gainean: smartphoneak eta tabletak al dira haurren zaintzaile berriak? Haurrek teknologia berriak noiz eta nola erabili behar dituzten jendartearen kezka iturria da.

Kezka hori gure artean suma daiteke, baina baita beste herrialde askotan ere. Duela hilabete batzuk, Japoniako Pediatria Elkarteak telefonoen eta tableten gehiegizko erabilera kontrolatzeko kanpaina bat abiatu zuen, Kanpaina horretan, gurasoei kontrol zorrotzagoa eta kanpoan gehiago jolastea sustatzea aholkatu zien.

Nabarmentzen dutenez, pantailen gehiegizko erabilerak ondorioak ekar ditzake haurraren garapenean, haur pasiboagoak sortzeko arriskua baitago. Gainera, beste pertsona batzuekin harremana eta interakzioa gutxitzen denez, horrek haurraren garapen sozialari ere kalte egiten dio.

Badaude kezkatzeko arrazoi gehiago: gero eta ohikoagoa bihurtzen ari da jolastu edo ipuinak kontatu ordez telefonoak eta tabletak erabiltzea. Ondorioz, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanaren kalitatea okertu egiten da.

Japoniako Pediatria Elkarteak gurasoei aholkatzen die gailu hauen erabilera murriztu dezatela eta denbora gehiago pasatu dezatela seme-alabekin hizketan eta kanpoan jolasean, beren garapenaren mesedetan.

Gailu teknologikoak ekoizten dituzten enpresak parean jarri zaizkie eta beren produktuen defentsan atera dira, «neurriz eta orekaz erabiliz gero», haurraren garapenaren mesedetan izan daitezkeela esanez.

Japoniarren atzetik AEBetako pediatren zenbait elkarte etorri dira eta haurrek eta gaztetxoek smartphoneak erabiltzeko moduaren inguruko aholkuak eman dituzte. Garbi daukate kontua: hamabi urtetik beherakoek ez dituzte gailu horiek kontrolik gabe erabili behar; 0-2 urtekoek ez dute teknologiarekin inolako harremanik izan behar; 3-5 urtekoen erabilera denbora mugatu egin behar da egunean ordu batera; eta 6-18 urtekoek asko jota egunean bi orduz erabili beharko lituzkete. Hainbat arrazoi eman dituzte muga horiek azaltzeko.

Ez da ona teknologiak 0-2 urteko haurren garapenean gehiegizko pisua izatea. Nabarmendu dutenez, haurren garunaren hazkuntza azkartu dezake teknologiaren gehiegizko erabilerak eta horrek bestelako arazoak sor ditzake: atentzio eskasia, arazo kognitiboak, ikasketari loturiko trabak, jarrera oldarkorrak areagotzea eta autokontrol falta.

Mugimenduarekin eta gorputzaren garapenarekin harreman zuzena duela nabarmendu dute pediatrek. Telefonoak eta tabletak neurririk gabe erabiltzeak haurraren mugimendua murrizten du eta horrek bestelako arazoak dakartza luzera: eskola errendimendu eskasagoa, alfabetizazioan arazoak eta atentzio eta gaitasunen murrizketa. Era berean, mugimendua gutxiagotuz gero, gizentasuna areagotzen da haurren artean eta horrek bestelako osasun arazoak dakartza; diabetesa eta osasun arazoak, kasu.

Loan ere eragiten dute teknologia berriek. Hainbat ikerketak bistaratu dutenez, gurasoek ez dute kontrolatzen seme-alabek noiz eta nola erabiltzen dituzten teknologia berriak. Ondorioz, ohikoa da beren logelan, gauez, telefonoekin eta tabletekin aritzea. Horrek loa eragozten du eta, ondorioz, eskolako errendimendua.

Buruko gaixotasunekin ere lotzen dira teknologia berriak. Izan ere, zenbait ikerketak nabarmendu dutenez, haurren depresio eta antsietate tasek gora egin dute teknologi hauek zabaldu diren neurrian.

Haurrek eduki eta irudi bortitzak eskura dituzte telefono eta tableten bidez eta horrek, era berean, jarrera bortitzak susta ditzake txikien artean. Hori ere kezkatzeko arrazoia da pediatren ustez.

Eta menpekotasuna ere hor dago. Azken ikerketen arabera, 8 eta 18 urte bitarteko haur eta gaztetxoen artean hamaikatik batek dauzka menpekotasun arazoak teknologia berriekin.