Joxean Agirre

A-9

Maila kolektiboan iraultza baten ametsarekin eta maila pertsonalean hobekuntza handien esperoan bizitako belaunaldia da gurea. Maila pertsonaleko hobekuntza horrek forma lausoa zuen, intuizio baten antzekoa.

Nire kasuan, emakume liluragarri bat agertuko zitzaidala uste nuen edo asebeteko ninduen proposamenen bat egingo zidatela neure lanbidean edo bizimodua aldatuko zidan enkontruren bat edukiko nuela noizbait norbaitekin.

Uliako Maritxurengana edo beste igarle batzuengana joaten nintzen eta konfirmatu egiten zizkidaten nire intuizio horiek: zerbait handia ikusten dut hemen, esaten zidaten mahai gaineko tarotari begira, eta nik pentsatzen nuena errepikatzen zidaten, alegia, emakume bat izan zitekeela edo arlo profesionaleko eskaintza bikain bat.

Baikortasun inozo samar horren erruduna ama zen seguru asko, hura ere, gajoa!, konbentzituta baitzegoen bere seme-alabak auzoko listoenak eta goapoenak ginela.

Gaur ere, bizirik balego eta esango baliote mundu mailako sari bat edo kargu bat eman behar zidatela, ez zen harrituko eta pentsatuko zuen bazela garaia niri emateko.

Iraultzarekiko baikortasunaren errua, berriz, marxismoarekin jasandako betekadek dute. Anaia gaztea atxilotzen zuten bakoitzean, amak autore bizardun guztiak erretzen zituen baserriko ekonomikan, eta arratsaldeak ematen zituen horretan. Ez zen iraultzarik gertatu, baina Katalunian gertatzen ari denak baditu amesten genuen iraultza haren ezaugarri batzuk.

Beharbada, berandu samar bada ere, nire intuizioak gauzatzen hasi dira. Auskalo!, emakume liluragarriren batek eramango nau aurki bere ohera edo, oraindik auskaloago dena, A-9 bat markatuko dugu aurki euskal egutegietan. •