Ramon Sola

Beren subkontzientea gure kontzientziari deika

Aurpegia behar da, porlanezkoa, Yolanda Barcinak botatako azkena ahoan ibiltzeko: «‘Ustelkeria zero’ duen lurraldea da Nafarroa». CAN, Nafarroako Kutxaren lapurretaren azken atala ezagutu eta biharamunean esan du UPNko buruzagiak, lotsagabeki. Aurretik bagenekien beren poltsikoa diruz betetzeko, itxurazko gune bat ez, bi (bata bestearen barruan) espreski sortu zituztela. Ezkutuan zutena agerian geratu zenean onartu egin zuten, barkamena eskatu, bai eta sos batzuk itzuli ere hainbat kasutan. Baina ez zuten egia osoa esan, orain ikasi dugunez. Barcinaren kasuan, horrezaz gain, 2.603 euro patrikaratzen zituen hitzaldi bat entzutera zihoan bakoitzean. Langile arrunt batek hilabete eta erdian, bi hilabetetan, hiru hilabetetan ez denean... eskuratzen duen diru kopuru berdina, ordubete edo ordu eta erdiz eserita entzule egoteagatik. Hona Barcina andrearen «ustelkeria zero» delakoa. Eta jakiteko faltako zaiguna...

Nola hartu, orduan, UPNko hautagaiaren adierazpen horiek, hauteskundeetarako urte erdi eskasaren faltan? Errealitatearen kontzeptua galduta ote du? Disimulatu nahian dabil oraindik, disimulatzea dagoeneko ezinezkoa denean? Edo probokazio hutsa al dira, nolabait, gu guztion kaka jateko gaitasuna norainokoa den neurtu nahiko balu bezala?

Soka oso luzea du ustelkeriak Nafarroan, Urralburutik hasi eta Barcinara heldu arte. Beste hiru presidente ere auzipeturik izan dira: Del Burgo, Otano eta Sanz. Azkeneko sei agintarietatik, bost, beraz: munduko errekorra izan daiteke. Gauzak txukunxeago egin dira gainerako herrialdeetan, ez dago Nafarroako errejimenarekin konparatzerik, baina bistan daude ere Abiadura Handiko Trenaren alde ilun guztiak edota Bizkaiko hainbat herritan ia astero agertzen diren auziak eta susmoak. Eta hara non Joseba Agirretxea EAJko diputatuak lerroburu harrigarria utzi digun ‘‘El Diario Vasco’’ri emandako elkarrizketa batean. Erdaraz idatziko dut, berauk adierazi bezala, itzulpenak ezer bihurritu ez dezan: «Los políticos vascos somos excesivamente cuidadosos con el dinero público». Ez zait bururatzen ordezkari politiko baten ardura nagusiagorik, hori baino diru publikoa zuzen erabiltzea, agintzen duenean, edo zuzen erabiltaraztea, oposizioan badago. Hori baita politika egitea, oso hitz gutxitan esanda. Eta horregatik, berriro burura datoz Barcinaren boutadeak sortzen dituen galderak: Benetan sinesten al du hori Agirretxeak? Edo probokatu nahian dabil, nonbait ustelkeriak hiritarrengan eragindako haserreak egoneza eragiten diola adierazi baitu?

Askoz zatarrago, noski, jokatzen ari da Javier Maroto, Gasteizko PPko alkatea. Ikuspuntutik askotatik kritikatu daiteke bere kanpaina. Jatorri zehatz bateko etorkinen erabilerak bozak lortzea helburu duela ukaezina da, esaterako, baina funtsean bere subkontzientean oinarrizko soldata horren aurka dagoela uler daiteke, gizabanako batzuen biziraupenaren kontra alegia. Banketxeak bai, kapitalak bai, baina pertsonak, bizitzak, ez direla babestu behar uste du Marotok. Gizatasunik ez duena, gizakion ordezkari izan daiteke?

Argigarriak dira garai hauek, adierazpen hauek, politika ulertzeko molde hauek. Subkontzienteak inoiz baino gardenago mintzo dira, eta gu guztion kontzientziari oihuka ari dira. Hainbat irizpide segurutzat jotzen genituen, baina ia ohartu gabe galbidean jarri dituzte: diru publikoa guztiona da eta txukuntasuz osoz kudeatu behar da, xahutu gabe, are gutxiago lapurtu gabe; gizartean ez dago inor soberan, eta ondasunaren banaketaren arazoa ez dago DBEn bilatzerik, ‘‘Forbes’’en zerrendan baizik. Iraultza etikoa suspertzen ari dira. Eta iraultza politikoa hortik datorrela ematen du, azkenean. •