Dabid LAZKANOITURBURU

Estatu Islamiarraren mendekua Irakeko suni tribu bat suntsitzeraino iritsi da

Siriako eta Irakeko hainbat lurralde eskuratu dituen Estatu Islamiarrak bere kalifato egitasmoa oztopatzen duen oro suntsitzeko prest dago. Hasieran xiitak ziren bere etsai nagusiak, gero, jezidiak («deabruaren adoratzaileak») eta kurduak. Azken egunetan, Irakeko tribu bateko ehunka kide erahil ditu. Hauen errua, yihadistei aurre egiten saiatu izana.

Estatu Islamiarrak (Daesh akronimo arabiarrez ezagutzen dena) udaberrian ekin zion bere amets izugarria errealitate bihurtzeari. Ordurako, Siria eta Irak arteko hainbat eskualdetan jaun eta jabe ziren yihadistak. Euren proiektua, Mahoma profetaren garaiko egituraketa politikoa berreskuratzea eta bere irakasgaiaren (Koranaren eta liburu santuaren interpretazioen) ustezko interpretazio moral estuena –kasu gehienetan preislamikoa bada ere– ezartzea. Horrelakoa da ezarri nahi duten kalifatoa.

Beraiena zen eta da oraindik Siriako erregimenak kontrolpean ez duen hiri haundi bakarra, Raqqa, alegia. Eta urte hasieran eskuratu zuten Falujah hiria, AEBen okupazioan irakiarren erresistentziaren sinbolo bilakatu zena. Al-Anbar eskualdeko Ramadi hiriburua ere hartzen saiatu ziren, baina auzo batzuetara baino ez ziren iritsi.

Daeshek ekainean burutu zuen benetako ofentsiba, Irakeko bigarren hiria, Mosul (2 milioi biztanle) eta, besteak beste, Tikrit (Saddam Hussein Irakeko presidentea zenaren jaioterria) eskuratuz.

Sirian indartuta

Nola liteke asko jota 30.000 mila inguru muyahidinez osatutako talde batek Irakeko lurraldeko %20 eskuratu ahal izatea? Alde batetik, Estatu Islamikoa, hiru urteko gerraren ostean, Sirian lortu duen ospeaz baliatu da. Talde matxino guztien artean gailendu da eta asko dira bere ateak jo dituzten gerrilari siriar eta atzerritik iritsitako yihadistak.

Bestetik, Irakeko iparreko eta mendebaldeko gehiengoa osatzen duten sunien haserrea probestu du Daeshek. Amerikako Estatu Batuen (AEB) okupazioaren ondotik, Bagdaden Gobernua eskuratu duen gehiengo xiitaren agintepean zanpatuta sentitzen dira suniak. Ez zaie arrazorik falta.

Baathen konplizitatea

Hirugarrenik, bere garaian alderdi guztiz ahaltsua izan zen Saddamen Baathen jarraitzaileek, zehazki, bere Armadako soldadu ohiek, babesa eskaini zieten lehen momentutik yihadistei hiri sunietako atariak zabalduz. Estatu Islamiarraren erasoaldiaren ostean boterea berreskuratuko zutela uste bazuten, oker zeuden, momentuz behintzat, eta ez dirudi ezer garbirik aterako dutenik.

Paradoxikoa suerta daiteke kalifatoaren lurreratzearen erantzule Baath alderdi «laikoa» izatea. Suerta daiteke ezetz. Izan ere, gauza batean bat datoz yihadista hauek eta Baath alderdia: Siriaren eta Iraken batasuna aldarrikatzen dute biek ala biek. Bi herrialdeen agintea izan du Baath alderdiak esku artean –Damaskon hala jarraitzen du–, baina elkarri mokoka aritu izan dira ia beti.

Estatutuetan behintzat bere burua panarabistatzat eta «sozialistatzat» duen Baath alderdiak lortu ez zuena, hau da, bi herrialde arabiarren arteko mugak desagerraraztza, Daesheko yihadista «zoroek» –edo ez hain zoroek– lortu dute. Historia birritan gertatzen da, bigarren aldian, fartsa bezala, Marxek zioenez.

garbiketa etnikoa eta izua

Teoriak eta paradoxak albo batera utzita, hasiera hasieratik ekin dio Daeshek bere proiektu teokratikotik kanpo daudenak, edo kanpoan ikusten dituenak, suntsitzeari. Eta horretarako bi estrategia ezberdin baina guztiz bateragarriak erabiltzen ditu; garbiketa etnikoa eta izua.

Bere lehen etsaiak musulmanen gutxiengoak dira. Hasiera-hasieratik, Daesh Irakeko Al Qaeda bezala jaio zenetik, biztanlego xiita izan da bere atentatuen jomuga «preziatuena». Yihadista hauentzat apostatak dira xiitak, erlijio berdinekoak, bai, baina bide okerra hautatu dutenak. Ez dago pekatu larriagorik, ezta kristaua izatea ere. Azken finean, yihadisten interpretazio erlijiosoak, wahabismoak, errespetu handiagoa dio –kasu horretan errespetu hitza erabiltzerik badago– kristautasunari, islama bezala, Liburu Sakratuaren erlijioetariko bat delako.

Horrela bada, Mosulen sartu eta ehunka soldadu xiiten exekuzioa bideoz eman zuen Estatu Islamiarrak. Gauza bera egin zuen Raqqan, Siriako Armadaren egoitza baten aurkako setioan harrapatu zituzten dozenaka soldadu siriarrekin. Asmoa, izua zabaltzea. Baita lortu ere.

Jezidien izena aipatzea infernuko amildegira ateratzea baino larriagoa da. Kurduen gutxiengoa dira jezidiak, erlijio sinkretikoa praktikatzen dutenak. Dirudienez, aintzinako Pertsiako (egungo Iran) erlijioa zen eta zoroastrismoaren aztarnak ere ageri dira jezidien sinesmenean. «Deabruaren adoratzaileak» dira yihadistentzat. Ez dute, beraz, bizitzea merezi ere.

Mosul hartu eta gero, milaka eta milaka jezidik alde egin behar izan zuten, Sinjarreko mendietan ezkutatuz. Armada kurduak (peshmergak) babesa eskaini die askori, baina lekukoek salatu dutenez, ehunka dira erahildako gizonak (eta mutilak) eta milaka bahitutako neska eta emakumeak. Daesheko kideek bortxatu egiten omen dituzte emakume horiek eta sexu harremanetarako morroi gisa eskaintzen dizkiete mundu osotik bere alde borrokatzera iritsi diren yihadistei.

Kobaneko kurduak

Azken hilabetean kurduak, batez ere, Siriako iparraldean bizi direnak, ditu jomugan Estatu Islamiarrak. Asteak daramatzate yihadistek Kobane hiria hartzeko ahaleginetan. Hiria erortzea kolpe latza litzateke kurduentzat, beren herrialdea hiru zatitan banatuta egonik, erdibituta geratuko zelako. Bide batez, Daeshek kontrolpean duen Siriak Turkiako muga zabaldu eta Irakeraino aurrera egiteko aukera emango lioke.

Hala ere, ez dirudi Kobane oso eremu estrategikoa denik, are gutxiago AEBen aire erasoetan ehunka yihadista galtzeko. Auzia politikoa da. Estatu Islamiarrak kurduek beren lurretan martxan jarri duten botere autonomo laikoa –ez Al-Assadekin, ezta ere siriar matxinoekin–, etnia eta erlijio orori irekia, suntsitu nahi du.

Erdibide arriskutsuan

Xiiak, kurduak, jezidiak... azken egunetan luzatu egin du Estatu Islamiarrak bere biktimen zerrenda. Albu Nimir tribu suniaren 300dik gora kide erahil ditu. Ramadi hiritik iparraldera du tribu honek bere gordelekua eta yihadistei aurre egitera ausartu zen joan den urrian, zituen arma xumeak agortu arte.

Egia esan, ez zuen beste aukerarik. Albu Nimir tribuak ospea lortu zuen 2007an Al Qaedaren aurka borrokatu ziren sunien artean, Al-Sawha (Esnatzea) milizietan, hain zuzen. Eta yihadistek ez dute hori ahaztu.

Bagdadeko Gobernuari laguntza eskatu zioten, baina ez zen sekula iritsi. Balak agortu, eta tribuak amore eman behar izan zuen. Baina Daeshek ez du errukirik erakutsi eta mezu odoltsua bidali nahi izan die Irakeko suni guztiei, teorian, bere sinesmen-kide diren horiei. Alegia, ez dezatela kalifatoaren agintea zalantzan jarri, bestela... badakite zer datorkien.

Irakeko giza talde erraldoienaren (Al Duleimi tribua) barnean kokatzen dira Albu Nimirtarrak. Bere garaian Saddam Husseinen errejimenarekin tirabirak izan zituzten eta gaur egun Estatu Islamiarraren jomugan daude. Eta inork ez die lagunduko. Batzuen eta besteen erdian egon dira beti. Guztiek dauzkate erruduntzat.