Saioa Iraola

Maletak

Maleta egin eta banoa. Maletak egin behar izan ditugu eta bagoaz. Maletak egiteko aukerarik gabe eta bota gaituzte. Maletan bi kontu sartu eta alde egin behar izan dut. Maletak egin eta bidali ditugu, ezinezko maletak, imajinatu ditugun maletak.

Maletak gure genealogiaren eramaile dira ganbarako apal zaharretan hautsak hartuak daudenean. Gure bizi proiektu osoaren eroaleak izan litezke, hara eta hona ibiltzeko bidelagunik fidelenak. Askatasunaren sinbolo eta lekuko dira hainbatetan eta beste batzuetan aldiz, jauzi eginez bizirauteko aukera bakarra.

Azken aldian, maleta asko ikusten ditut kalean, zubi azpian, gurasoen etxera itzuliak. Etxea, bizitokia kendu eta kaleratutako herritarrak ehunka dira Euskal Herrian, eta beste asko bizi dira etxea galtzeko beldurrez. Bankuak diru publikoz enpo egiten ari diren bitartean, oinarrizko beharrak asetzea askoz zailagoa da gure jendartean. Depresioa eta etsipena eragiten du oinarrizko behar bat ezin asetzeak, lo-bizileku bat ukatua izateak, alegia. Eta muturreko egoera hauetan bada, maletak egin gabe, behartuta, joatea erabaki duenik, betirako. Maletak ez dituzte behar izan...

Txikitatik esan digute dirua sortzeko, gure denbora eta lan indarra kapitalari saldu eta ordainetan ateratako soldata ongi-ongi gordetzeko eta aurrezteko. Etxe bat erosteko, gogoz ikasteko lan finko eta on bat lortzeko, bikote heterosexual izan eta ezkontzeko... Baina, ni motxila egin eta banoa. Pare bat kulero, xaboia, hortzetako pasta eta eskuila, lo zakua, e-booka eta beste hainbat kontu soinean hartuta, ezer ez baita betirako. •