Oihane LARRETXEA DE LA GRANJA

Nafarroako Erriberan, hizkuntzaren lorea egunero ureztatzen

Euskaltegiek, gurasoek, ikastolek… nork bere eremutik, euskararen lekua aldarrikatzen dute. ErriGora ekimenak berriro abiarazi du Erriberan ekoiztutako kalitatezko produktuez betetako saskien kanpaina. Bertako enpresa txikiak laguntzeaz gainera, dirua bertako euskalgintzako hiru proiektutara bideratuko da.

Keinu txikiek, txikiak izateagatik, ez dute indar gutxiago, eta asmo handienak dituzten ekintzek baino onura aberasgarriagoak ekar ditzakete. Ideiak sinplea dirudi: lurreko produktu onenekin hornitutako saskia salgai jarri, Nafarroako Erriberan euskararen alde lan egiten duten eragileak eta proiektuak bultzatzeko. Gure hizkuntza itolarrian dagoen leku horietan, alegia, oxigenoa barreiatzeko.

Hori bakarrik aipatzea, ordea, istoriaren erdia kontatzea baino ez da, izan ere, ErriGora elkarteak aurkeztu berri duen hirugarren kanpaina borobilagoa baita, norabide bikoitzekoa. Zer esan nahi dugu honekin? Etekina ateratzen duen bakarra ez dela euskararen alde lan egiten duen eragilea, baita beren produktuak saskian jartzen dituzten ekoizleak ere, guztiak Erriberakoak direlako, eta Erriberan egiten dutelako lan. Honenbestez, bertako lehen sektoreari bultzadatxoa emateko balio du ekimenak, ekoizpena sustatuz eta kontsumoa erraztuz.

Irudimena astindu ostean asmatu zuten kanpainaren formularekin bultzatzaileek. Ondo asmatu ere. Iazko zenbakiek hala berresten dute: 8.000 saski baino gehiago saldu ziren eta 112.000 euro bildu Nafarroako hegoaldeko euskalgintzarako.

Euskara ofiziala ez den eremu horretan 220.000 biztanle inguru bizi dira. Horietatik, %3,9 baino ez da euskalduna eta %10 ia euskalduna, ErriGorak zabaldutako datuen arabera. Honi euskaraz ikasteko zailtasunak gehitzen zaizkio: derrigorrezko eskolaratzean 1.400 haurrek baino gehiagok batez beste 20 kilometro egin behar dituzte egunero.

Euskara ikasi nahi duten helduek ere ez dute erraza. Esaterako, Kaparrosotik eta Zarrakaztelutik gertuen dauden euskaltegiak 28 eta 32 km-ra daude, hurrenez hurren.

Erriberako nekazaritzaren osasuna ere ez dago bere onenean, eta atzerritik ekartzen diren produktuek, besteak beste, zerikusi handia dute gainbeheran. 2010ean, adibidez, Nafarroan 2,5 milioi kilo zainzuri ekoitzi ziren, aldiz, Txinatik eta Perutik 60 milioi kilo ekarri ziren.

Arrazoi ezberdinak tarteko, lantzen diren hektareak asko murriztu dira azken urteotan, Jatorri Izendapena duten mahastiak, kasu. 1990 urtean 17.500 hektarea lantzetik, egun 11.500 hektarea lantzera pasa dira. Beste hainbeste Lodosako pikillo piperrekin –205 hektarea (1990), eta egun 78 baino ez–, eta zainzuriekin –7.025 hektarea 1990ean eta 938 hektarea 2013an–.

Ikasleen kemena

ErriGorak aurtengo kanpaina iragan astean jarri zuen martxan, eta indarrean egongo da datorren azaroaren 12ra arte. Oraindik, beraz, badago saskia eskatzeko tartea.

Zainzuriak, piper gorriak, potxak, karduak eta bi botila olio, baita mahats zukua, orburuak, tomate saltsa, barazki krema, pikillozko marmelada eta botila bat ardo beltz ere, horietako asko, gainera, produktu ekologiko direnak. 50 euroan jarri dute salgai, alegia, merkatuan produktu hauek guztiek duten salneurri berean.

Saskia eskatzeko jarraitu beharreko urratsak errazak dira. Nahikoa da www.errigora.eus gunean sartzea, eskaera egiteko etxetik gertuen dugun lekua zein den jakiteko. Hobekien datorkigun lekura bertaratu eta eskaera egin besterik ez dugu. Banaketa hilaren 17aren eta 30aren artean egingo dute, eta erosleak saskia eskatu duen leku berera gerturatu beharko du, hura jaso ahal izateko. Datorren abenduaren 1etik 7ra bitartean, berriz, kontsumitzaileak ordainketa egin beharko du jasotako lekuan bertan.

Aurkezpenean aurreratu zutenez, aurtengo dirua Lodosako ikastolak, Erriberako AEK-k eta Sortzenek abiarazi duten “Euskaraz bizi eta ikasi” ekimenaren Hamarratz proiektua izango da, baina edizio honen asmoa haratago doa, hain justu, ahalik eta etxe gehienetara heldu ordez, heltzen diren horien kontsumo aldaketa proposatzea duelako xede.

Iazko erantzuna aintzat hartuta, itxaropentsu eta gogotsu daude hauspoa jasoko duten eragileek. Euskalgintzaren kasuan, Hamarratzetik Kepa Ramirezek beharrezkotzat jotzen ditu laguntzak, Gobernuak jartzen dituen hamaika trabei nolabait aurre egiteko balio dutelako. «Erriberan euskaraz bizi nahi izatea, oztopoak bata bestaren atzetik igarotzea da, etengabeko ahalegina egitea da», dio.

«Bigarren mailako nafarrak» sentiarazten dituztela ere iritzi du, dagozkien eskubideak aitortzen ez zaizkielako. Zentzu horretan, momentuz, mesfidantzaz hartzen ditu aita honek Nafarroako Legebiltzarrean PSEk, I-Ek, Geroa Baik eta EH Bilduk iragarri berri duten Vascuencearen Legearen aldaketa, «gauza mordoa daudelako argitzeko». Adibidez, «Lodosako guraso batek eskubidea bermatuta izango duen edo ez, edota Andosilla edo Karkarreko batek garraioa ordaindu beharko duen edo ez…», aipatzen du.

Txikitan edo nerabetan ikasteko aukerarik ez, eta heldutan euskarara hurbildu direnen esperientziak ondo baino hobeto ezagutzen ditu Alizia Iribarren AEK-ko irakasleak. Ezinbestean, ikasleen meritua eta egiten duten ahalegina goraipatzen ditu, harrotasunez. Euren «konbentzimendua» apartekoa dela uste du, beste inguru batzuekin alderatu ezin den horietakoa. «Euskara ez da lanerako behar eta, modu batean esatearren, ezta bizitzeko ere. Baldintzak kaxkarrak dira, eta hala ere bere horretan jarraitzen dute. Atxikimendu berezia dute euskararekiko».

Iazko kanpainan bildutako diruari esker, adibidez, ikasleentzat beka sistema jarri zuen martxan euskaltegiak. Horrek bidea samurtzen die, ez baitute inongo diru laguntzarik ikasketak egiteko. Aurten bildutakoa proiektuak gauzatzeko baliatuko dute, eta martxan dauden horiek indartzeko.

Ikasgelatik at euskarazko espazio ezak ere ez du egoera errazten, euskaltegiko orduak eta elkarrekin antolatzen dituzten jarduerak ez baitira nahikoa, Iribarren ustez. Zentzu horretan, berarekin bat dator Tuterako Argia ikastolako Tere Rosano irakaslea. «Nik esango nuke Erriberan ezin dela euskaraz bizi inolaz ere, ez bada, Aliziak esan duen bezala, lagun artean, euskaltegian eta hortik egiten diren ekintzetan, edo ikastolan. Baina, egia esateko, eguneroko bizitzan erdaldunak gara guztiak. Seme-alabekin gauza bera gertatzen zaigu: Ikastolan ematen dute egun osoa baina jolastokira ateratzen direnean gazteleraz egiten dute, etxera etorri eta, nahiz eta gurasoak euskaldunak izan, erdarara jotzen dugu guztiok, eta denda batera joaten garenean, beste hainbeste. Euskaraz gure artean egin egiten dugu, baina batzuetan hori ere ez, inguruko batzuek ulertzen ez dutelako. Hori da joera. Neurri batean lotsa sentimendua ere badago», uste du.

Puntu honetan, Ramirezek «zerbait erantsi» nahi duela dio. «Azpimarratu nahi dut oztopo guztien gainetik Erriberan euskara maite dugula, eta horren lekuko direla ikastolak, baita herri mailan, adibidez, Lodosan antolatu dugun Euskararen Eguna, Valtierrako napar kulturaren eguna… 200 lagundik gora bildu gara jai horietan, eta bada zerbait. Asko, esango nuke. Iribas Hezkuntza sailburuak argudiatu ohi du euskara ez dela sekula hitz egin Erriberan, eta hori gezurra da».

Bere aburuz, gertatzen dena normalizazio falta da. «Badirudi kanpotarrak garela geure herrian. Hori izan da Vascuencearen Legearen ondorioetako bat, egoera normalizatu batean euskarak bere bidea egiten duelako». Adibidetzat jartzen du Noaingo herria, non 2007an D eredua txertatu baitzen. Geroztik, euskaraz ikasteko matrikula etengabe hazi da.

Iribarrek ere atxikimenduaren mezua indartu nahi du, jendea ez dadin nahastu. «Euskara maiteko ez bagenu, ez ginateke hemen egongo. Eta egia da, ehuneko oso txikia da euskara ikasleena, baina ehuneko horrek sekulako atxikimendua eta errespetua dio hizkuntzari. Ikasteko prest egoteaz gainera, borroka egiteko prest dagoen jendea da».

Enpresa txikiei bultzadatxoa

Euskara maite dute ErriGorako nekazariek eta ekoizleek ere bai. Angel Iturrik ez daki euskaraz hitz egiten, ezta bere emazteak ere, baina bikoteak beren seme-alabak, dagoeneko helduak, ikastolara eraman zituzten txikitatik. Horregatik, besteak beste, ez zitzaion «beste batzuri irudituko zaien bezala, txineraz ari zirela iruditu». Elkar-ulertzea erabatekoa izan zela dio: «‘Ate egokia jo duzue’, esan nien Peruri eta Xabiri proiektuan parte hartzeko proposamena luzatu zidatenean», oroitzen du Iturri Kontserbak enpresako arduradunak.

Pentsatu gabe onartu zuen, «filosofia eta kanpainaren arrazoiak» bere egiten dituelako. «Baietz esateko osagai guztiak batzen ziren. Saldu nahi dugu, jakina, baina, horretaz gain, esaten badizute euskararen alde egingo duzula, zer hobe? Lizarrako ikastolan betiko borroka izan dugu. Poz bikoitza da guretzat».

Saskien banaketak enpresan izango dituen onurak ere aipatzen ditu krisialdiari eutsi dion enpresa txiki honek. Zainzurientzat, esaterako, 18 laguneko lan taldea du; lekaleentzat, berriz, 6koa. Atzerritik ekartzen diren produktuekin lehiatzea erraza ez dela dio, baina «zorionez» Euskal Herrian bertako produktuak kontsumitzeko usadioa gero eta handiagoa dela dio. «Bedeinkatua asteburuetan ruta gastronomikoa egiteko jendeak hartu duen ohitura! Han txistorra, hemen zainzuriak, bestean ardoa… ahoz ahokoak jarri gaitu mapan», dio harro. ErriGoraren saskian zainzuri lata bat eta bi lata pikillo piper jarri ditu.

Bertakoa eta txikia da, halaber, Zangotzago Mendiko upategia. 2001 urtean sortua, Ibero familiak darama. Nafarroako jatorrizko izendapena duten ardo ekologikoak ekoizten ditu, eta horixe da, hain zuzen, saskian eskaintzen duena.

Nafarroako ardoek garai gogorrak pasa dituztela dio Imanol Iberok, bere ustez, beste ardo batzuen itzalpean gelditu direlako. Orain, ordea, uste du «ekoizleen eguneroko lanari esker» miresmena irabazi duela. «Inurri lana egin dugu ezagutzera emateko, kanpora ateratzeko… eta orain uzta jasotzen ari gara. «Horrek kontraesanak sortzen dizkigu kontseilu erregulatzaileak egiten duen lanarekin, izan ere, ikusten dugu geuk, upategiek eman diogula prestigioa kontseiluari eta ez alderantziz. Errioxan hala gertatzen da, kontseiluan izena eman baduzu, hortik bizitzeko aukera izango duzu, baina Nafarroan ez da hala gertatzen. Horregatik, inurri lanari esker ari gara ematen ezagutzera, eta kontseiluaren beraren izena zabaltzen».

«Poliki-poliki» bada ere, Nafarroako ardoak Gipuzkoako eta Bizkaiko etxeetan sartzen ari direla dio, baina onartzen du lurralde horietan oraindik lan eskerga gelditzen dela egiteko. Horregatik, aukera ezin hobea da Mendiko upategiarentzat ErriGoran egotea.

Babes ekonomikoa alde batera utzita, duen garrantzia gutxietsi gabe, denak bat datoz halako kanpainek ematen duten bultzada animikoa goraipatzean. «Zeure begiz ikustea Euskal Herriaren babesa duzula, ez zaudela bidean bakarrik, horrek alaitasuna ematen digu, eta bizirik sentiarazten gaitu, zalantzarik gabe», dio Tere Rosanok, hunkituta.

Elkartasun keinuak dira, Ramirezen irudikoz, zailtasun egoerek uzten duten pozgarririk handiena, eta «bizitzarako irakasgai» handia direla aipatzen du, «jendearen eskuzabaltasuna», kasu. «Hori da gure bultzada bidean jarraitzeko».

Zeintzuk dira datozen asteetako urratsak?

“Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka” kanpaina, Zazpiak Bat, Sortzen Ikastolen Elkartea eta AEKrekin elkarlanean ErriGorak landu duen kanpaina da. Esan bezala, azaroaren 12ra arte egongo da indarrean. Asmoak, ordea, harago doaz, eta datozen hilabeteetan ere beste kanpaina batzuk jarriko dituzte martxan.

Hala, otsailean, “Nafar hegoaldeko uzta, eskutik eskura” olioaren kanpaina egingo dute. Urte osoko beharrizanen arabera, olio eskaria egiteko aukera zabalduko du ErriGorak ildo hau garatuko den herrietan.

Aurrerago, maiatzean, “Nafar hegoaldeko uzta, eskutik eskura” kanpainaren bigarren atala aurkeztuko dute, oraingoan kontserbetan oinarritua, olioarekin bezala, urte osoko kontsumo kantitatea eskatzeko aukera eskainiko dute.

Azkenik, data zehatzik ez dago, eta mahai gainean dagoen asmo bat da, baina Nafarroako hegoaldeko herriren batean egun pasa bat antolatu nahi lukete. Olio, errota, upategi, baratze edo ekoiztetxeren bat bisitatu, elkar ezagutu eta euskarari lekua emateko «aitzakiaz».

ErriGora asmoak zehazten doan neurrian eskainiko dituzte xehetasunak, baina bertaratzeko deialdia egina dago herritar, eragile eta, oro har, euskaltzale orori. Hori, ordea, udaberrian izango da.