Dabi LAZKANOITURBURU

Zein kolorekoa da obamaren porrota, txuria ala beltza?

2008an hauteskunde presidentzialak irabazi zituenean sekulako iskanbila sortu zen, Europako ezker «onanistatik» Amerikako Estatu Batuen (AEB) eskuin muturreraino. Batzuen ustez, Obama ez da hasieratik benetako beltza izan. Gure artean ere ez da falta «belztasunaren» agiria banatzeko eskubidea duela uste duenik. «Obama Oreo!» mezua irakur zitekeen orain dela gutxi Zestoan bertan, galletak bezala, gainazala beltz baina bihotza zuri duela irudikatuz. AEBetako Tea Partyrentzat, ordea, Barack Hussein Obamak ez ditu inola ere estatubatuarra izateko baldintzak betetzen. Eta ez –bakarrik gehituko nuke– beltza delako, musulmana eta «komunista» omen delako baizik. Pozik egongo dira, beraz, batzuk eta besteak, politikari txuri-beltzak, «faxistak» edota «sozialistak» astearteko hauteskundeetan jasan duen porrotarekin. Bejondeiela. Sekula irabazi ez duenak ez du inoiz atzemango porrotaren kolorea.