Oihane Larretxea

Memoriak ez du preskripziorik

Hutsik egin gabe, egunero oroitzen dut nire amona zena, Lutxi. Entziklopedia zen; hura eta besteaz izugarri irakatsi zidan, eta gutxik bezala maitatu ninduen. Aitzitik, azkenaldian bereziki gogoratzen naiz berekin, frankismoan gizateriaren aurkako krimenak egin zituzten arduradunak hizpide diren egunotan, zehazki.

Gerraren alaba zen. Oso ume zen krudelkeriak eztanda egin zuenean, baina ihes egiteko bere amarekin, Axun birramonarekin, trenetan egindako bidaia haiek, Donostiatik Bartzelonara lehendabizi, Estatu frantsesera ondoren… ez zituen inoiz ahaztu, ezta Francoren eskutik ondoren etorri ziren 35 urte gordinak. Gerrak, zauriak eta diktadura tarteko, ama eta alaba ez ziren sekula banandu.

Berandu, oso berandu bada ere, Justizia, letra nagusiz, Argentinatik etor daitekeela dirudi. Justizia eskatzen duten senideak ikustean, gure birramonaren azal ximurraz oroitzen naiz, itsu gelditu zitzaizkion begi urdin haiez… Akaso ikusi zituen ankerkeriek lausotu zioten bista. «Guztiaren errua Martin Villak dauka», esan ohi zuen.

Axun eta Lutxi bezalako emakume –nahiz gizon– kementsuek pasadizo hauek ahaztu ez zituzten moduan, geuri dagokigu euren testigantzak berreskuratzea eta bizirik zeudenean izan ez zuten errekonozimendua eta egia ematea. Ez du Madrilek egingo. Mari Serivini epailea tarteko, Interpolek hemeretzi buruzagi frankisten aurka eskatutako «berehalako atxilotzea» ez du ahalbidetuko, hilketen preskripzioak eta 1977ko Amnistiaren Legea argudiatuta.

Francoren itzala luzea da oso. «Ez naiz hilda dagoenik ere fio», zioen amonak. Nik barre egiten nuen, baina akaso ez zitzaion arrazoirik falta. •