Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Angel Olaran
Afrikan misiolari

«Oraindik beharrak handiak dira, baina Etiopiakoa loratzen ari den gizarte bat da»

Hernaniarra jaiotzez, afrikarra gorputz eta gogo. Tanzanian lehenbizi eta Etiopian orain, jendarte bat eraikitzen laguntzen ari da bere eskuekin. Berea sentitzen duen jendartea eta mundu ikuskera, beharrak eta balioak egiatakoak dituena.

Hernanin kalean dabilela batek eta besteak agurtzen dute. Bertan jaio zen duela 76 urte, baina badira 50 baino gehiago Afrikan eta Afrikarako bizi dela. Lehenbizi Tanzanian hogei urte eman zituen lanean eta dagoeneko hogei baino gehiago daramatza Etiopia iparraldean, goseak gogor zigortzen duen Wukron (Tigray). Bertan Abba Malaku esaten diote, “Jainkoaren aingerua”.

Urtean bizpahiru hilabete ematen ditu Hernani inguruan. Eta hala esan behar da, inguruan, ez baita erraza izaten bertan harrapatzea; Bartzelona, Paris, Bilbo... joan-etorri dezente izaten ditu hitzartuta Wukroz hitz egiteko eta haren alde lanean segitzeko. «Hemen nagoenean ere benetan kezkatzen nauena Wukro da, hemengo kontuak baino askoz gehiago», aitortu du. Batek baino gehiagok esaten omen dio Euskal Herrira «indarrak hartzera» etortzen ote den. Garbi dauka ezetz, energia ematen dioten gauzak Wukron dauzkala, ez hemen. Aldrebes, hemengo bizimoduak maiz atsekabetu egiten du.

 

Zure lana ezagutzera Wukrora joandako guztiek aitortzen dute ukituta eta hunkituta bueltatu direla handik. Zer dauka Wukrok jendea era horretan harrapatzeko?

Penaz ikusten dut jendea gehien harritzen duena, gehien hunkitzen duena, bertakoen xalotasuna dela. Haurrak korrika etortzen zaizkizu, eskutik heltzen dizute, oso modu xumean, natural. Han ez diot inori entzun “ze ume pisua, joan dadila bere gurasoekin”. Hona etortzen naizenean, esaterako, ez zait inor etortzen korrika besoetara, nirekin jolastera, nire ondoan egotera besterik gabe. Bestetik, han bizitza oso soila da, oso gutxirekin bizi dira. Eta hemendik joandakoak berehala konturatzen dira hemen muntatu den guztia ez dela beharrezkoa zoriontsua izan eta gustura bizitzeko.

Wukroarrek kanpotarrak nola hartzen dituzten ere berezia da. Jendea oso abegitsua da, oso gozo hartzen du kanpokoa, baina ez zerbait lor dezakeelako edo dirua utziko duen turista bat delako, gustura sentiarazi nahi duelako baizik. Gauza txiki horiekin liluratuta geratzen da hemendik joaten dena.

 

Zu, aldiz, Hernanira bueltatzen zaren aldiro deserosoago sentitzen zara.

Gustura etortzen naiz nire familia hemen dagoelako, baina egia da hemengo bizimodua ez zaidala gustatzen. Dena eskura dago, gauza gehiegi; han ez dago gauza asko, baina oinarrizkoa han dago. Esaterako, asaldatuta nago argitara atera diren korrupzio kasuekin. Tira, korrupzioarekin baino, herria horren aurrean zein lokartuta dagoen ikusita. Hemen oso jende prestatua dago, ikasia eta profesionala. Arlo guztietan hain jende ona egonda, hain jakintsua eta profesionala, nola gerta daitezke horrelakoak? Harritu egiten naiz. Arazoa ez da korrupzioa egiten ari direla, herria hori onartzen ari dela baizik. Beste herrialde batzuetan ikusi dugu herria kalera atera dela protestara eta mugiarazi dutela beren herrialdeko egoera. Hemengo gizartea lokartuta ikusten dut. Soldatak gero eta txarragoak dira, lan baldintzak kaskarragoak, baina, hala ere, jendea beldurrez dago protesta egiteko eta kalera ateratzeko, daukaten gutxi hori galduko dutelakoan. Penagarria iruditzen zait agintariek herritarrak egoera horretan jarri izana.

 

Eta gero agintari askok «demokrazia afrikarrak» aipatzen dituzte mespretxuz.

Eta asko haserretzen nau horrek, badutelako zer ikasi Afrikaz. Esaterako, Kataluniarekin sortu den harrabotsa izugarria iruditzen zait. 1991n Etiopian zegoen Gobernua agintetik bota zuten eta borroka horretan lagun izan zituzten eritrearrak. Gobernua lortu eta urtebetera, eritrearrek gogorarazi zieten beren independentziaren alde egitearren borrokatu zutela, hori zutela jomuga. Etiopiak erreferenduma egin zuen eta eritrearren %95 independentziaren alde agertu zen. Herriaren hitza errespetatu zen eta kito. Eta berdin Hegoaldeko Sudanekin geroago. Baina Espainian nola debekatu diezaiokete herriari bere ahotsa demokraziaren izenean?

 

Hala ere, ez dirudi zilegi Afrikarekin konparatzea, ezta?

Zalantzarik gabe. Afrika Europaz askatzen hasi zen 60ko hamarkadan. Orduan, apenas zegoen unibertsitaterik Afrika osoan, hamar bat baino ez zeuden. Armada eta Polizia bazegoen, soberan eta nonahi. Eta zeuden politikariak Europakoen neurrira egindakoak ziren, eta Europari begira eta Europarentzat gobernatzen zutenak. Klase akademiko eta profesionalik gabe kontinente batek ezin du aurrera egin. Komunikabideen presentzia ere oso eskasa zen, eta hala segitzen du –biztanleen portzentaje oso txikiak irakurtzen du prentsa, esaterako–. Horregatik, ez zait justua iruditzen Europa eta Afrika konparatzea.

60ko hamarkadan Europaz askatu zen bezala, Afrika orain bere politikoez askatzen ari dela iruditzen zait, Europaren neurrira diseinatutako politikari horiez esan nahi dut. Ni Etiopiara iritsi nintzenean, 1991. urtean, hiruzpalau unibertsitate zeuden eta orain 30etik gora daude. Bankuetan, bestelako erakundeetan eta politikarien bulegoetan dauden askok 35 urte baino gutxiago dauzkate. Lehen ez zegoen prestatutako jenderik, orain hasi da agertzen teknikoki, akademikoki eta profesionalki prestatutako jendea. Hori guztia kontuan hartuta, kasik gustu txarrekoa ere bada Europa eta Afrika konparatzea.

 

Nahiz eta gauza askotan Afrika aurretik doan.

Zalantzarik gabe. Orain hemen Podemos-Ahal Dugu alderdiaren inguruan eta gizarte zibilaren garrantziaz asko hitz egiten da. Etiopian, gizarte zibil konstituzionala existitzen da. Alkate baten bulegora joaten zarenean han ikusten duzu hiriaren edo herriaren organigrama paretan: lehen agintea gizarte zibila da eta horren azpian daude alkatea eta botere judiziala. Alegia, bai alkateak eta bai epaileak gizarte zibilaren aurrean erantzun behar dute, horri zor dizkiote argibideak. Eta gizarte zibil konstituzional horretako kideek ez dute dirurik kobratzen. Wukron, esaterako, 220 pertsonako parlamentua dago. 250 biztanleko ordezkari bat aukeratzen dute. Ordezkariak ez dira hautagai bezala aurkezten, inork ez du bere buruaren aldeko kanpaina egiten. Herritarrek aukeratzen dute ordezkatuko dituen pertsona. 220 ordezkari horietan batzuk analfabetoak dira, baina hori ez da arazoa, irizpide kontua da. 220 ordezkari horiek beren lehendakaria aukeratzen dute –lehendakaria eta bere idazkaria dira soldata duten bakarrak, lanaldi osoan aritzen baitira– eta bost batzordetan banatzen dira. Lauzpabost hilero, batzorde bakoitzak bere arloan egin diren ekimen guztien txosten ekonomiko zehatza jasotzen du. Eta batzordeak in situ ziurtatzen du txosten ekonomikoa bat datorrela errealitatearekin.

 

Hemengo errealitatetik urrun samar.

Bai. Parlamentu horretako kideek maiz ez daukate ezta bizikleta bat toki batetik bestera mugitzeko eta bere lana egiteko. Parlamentua hartzen duen eraikinean bulego gutxi batzuk daude, mahai gutxi batzuk hiruzpalau aulkirekin... eta bilkurak areto zabal batean egiten dituzte. Gizarte zibil horren gastuak izugarri txikiak dira, baina bere egitekoak sekulako pisua dauka, agintarien lana gainbegiratzen baitu etengabe. Duela gutxi alkate batek esaten zidanez, «nire lana ondo dagoela esaten didaten bakoitzean, gustura lo egiten dut». Pentsa.

 

Baina, hala ere, ustelkeria egon badago.

Legea egina, tranpa egina. Ustelkeria kartzelarekin zigortzen da, eta berriz agintera bueltatzeko debekuarekin. Duela gutxi kazetari batzuei laguntzen egon nintzen Wukroko kartzela batean. Eta han ezagutu zituzten hiruzpalau politiko ustel, preso daudenak. 1.000 euro lapurtzeagatik hamabost urteko kartzela zigorra zeukan horietako batek. Kazetari espainolak erabat harrituta geratu ziren. Ustelkeria oso gauza larria da. Herritarrek konfiantza jarri dute zugan eta zuk huts egin duzu. Benetan larria da hori, aukeratu zaituzten horiei huts egin diezulako. Hori ezin du ahaztu agintariak.

Gatozen zuk egiten duzun lanera. 1993an iritsi zinen Wukrora nekazaritzarekin lotutako gaitasunak lantzeko eskola bat martxan jartzeko ideiarekin. Zer topatu zenuen?

Oso panorama latza eta beltza. Etiopia gerra luze batetik zetorren, hamazazpi urtekoa. Aurretik sistema feudal batetik zetorren eta, gainera, Gobernuak erabat bazterrean utzita zuen iparraldea. Wukron ez zegoen ezer. Behar handia zegoen, hori soberan eta toki guztietan. Adibidez, aireportua edukiontzi bat zen, barran mahai bat eta aulki bat zituena. Bertan langile batek begiratzen zituen hegazkin txartelak. Orain aireportu xume bat dago, baina dagoeneko badauka bere kontrol dorrea eta suhiltzaileak bertan daude, zerbait gertatzen bada ere. Eta suhiltzaileen autoa ez badabil, hegazkinek ez dute lur hartzen. Duela hogei urte hori pentsaezina zen. Adierazgarria da aireportuarena. Beste adibide bat: gure eskola jartzeko zortzi hektareako lursaila utzi ziguten. Bertan, zuhaitz bakarra zegoen. Egun, 20.000 landare eta zuhaitz baino gehiago daude.

 

Etiopia loratzen ari dela esan daiteke?

Bai, izugarri. Ni iritsi nintzenean beharrak oso larriak eta latzak ziren. Azpiegitura gutxi zeuden eta, gainera, horiek erabiltzeko gaitasuna zuten langileak falta ziren. Eskola eta unibertsitate oso gutxi zeuden eta hezkuntzarako atea itxita zuten haur eta gazte askok.Apenas zegoen dendarik, eta orain asko daude. Zerbitzuak hobetu egin dira. Ez zegoen apenas fabrikarik, industria ez zen existitzen, eta orain Wukron industria garatzen ari da. Azken hamar urtean gauzak aldatzen ari dira. Oraindik beharrak handiak dira, baina loratzen ari den gizarte bat da.

 

Azpiegiturak hobetu direla diozu.

Bai, esaterako, erietxeak ere asko hobetu dira. Nik ikusi izan ditut usoak erietxean gaixoaren ohearen gainean. Ez zegoen leihorik, zuloak bazeuden paretan, baina kristalik gabe. Ez zegoen babesik; ez zegoen zementurik, dena lurra zen, eta ez zegoen sabairik, uralitako teilatu bat besterik ez. Osasun eta garbitasun baldintzak oso eskasak ziren. Etxe gutxitan zegoen komuna. Normalean, erabiltzen ez zen lursail bat erabiltzen zuten beren beharretarako, eta hori gaixotasunak kutsatzeko toki arriskutsua bihurtzen zen. Gauzak asko hobetu dira, eta Etiopia hegoaldean ere hala dela esaten dute. Etxeak eraikitzen ari dira. Baina ez da Euskal Herrian bezala. Hemen eraikitzaile batek etxe multzo bat eraikitzen du eta gero saldu egin behar ditu. Wukron, bakoitzak bere etxea eraikitzen du. Daukazun diruaren arabera, herriko igeltseroari eskatzen diozu eraikitzen joateko, faseka. Zimenduak jartzeko dirua daukazula? Ba zimenduak jarri eta gelditu. Eta eraikitzeko baldintzak Gobernuak jartzen ditu, normalean berak emandako lursailak izaten baitira.

Eta, gosea?

Ni Wukrora iritsi nintzenean haur asko zeuden burua tente eutsi ezin zutenak. Gose kronikoa zegoen, oso latza. Orain, nahiz eta badauden, sabela puztuta duten haurrak gero eta gutxiago ikusten dira. Orain dagoena «gose pasiboa» da. Gaizki elikatutako haurraren garapena ez da ona.Alegia, lau urteko haur batek itxura osasuntsua izan dezake, korrika eta saltoka ibili, jolastu, baina bere buruaren garapena bi urteko haur batena izan. Malnutrizioaren ondorioak dira. Garuna garatzeko urte horietan zailtasun horiek badaude, horren arrastoa bizitza guztirako izaten da. Malnutrizioa da zalantzarik gabe Wukron dagoen arazo larriena, eta Gobernua indar handia jartzen ari da lanpostuak sortzen, bereziki emakumeentzat. Frogatuta dago emakumeek lana izateak mesede handia dakarrela bere ingurune sozialean.

 

Zuek baduzue malnutrizioaren kontrako programa bat.

Bai, Gobernuarekin elkarlanean. Hiru hilabetez 300 haur hartzen ditu gure programak. Lehen, jaten ematen genien, baina amentzat arazoa zen egunero gure jangelara gerturatu behar izatea. Orain, hainbat elkarteren laguntzaz, nutrizio balio oso onak dituen papilla bat egiten dugu eta osasun zentro desberdinetan banatzen dugu. Eta bertako medikuak eta langileak arduratzen dira haur horien jarraipena egiteaz. Hartara, programa horretan parte hartzen duten haurrei hiru hilabetez papilla hori ziurtatzen diegu. Hiru hilabete eta bost urte arteko haurrak dira, bere pisuaren %80tik behera daudenak. Papilla hori emaitza onak ematen ari da, baina tristeena da beti daudela 300 haur baino gehiago programan parte hartzeko zain.

 

Prostituzioan aritzen diren emakumeei beste aukera bat emateko programa ere baduzue.

Emakume horiek zailtasun handiak dituzte mikrokredituak lortzeko, ez baitute abalik izaten. Guk ez ditugu emakume horiek aukeratzen. Wukron bada elkarte bat, emakumeen egoera oso ondo ezagutzen duena, eta haien bidez iristen zaizkigu eskaerak. Mikrokredituak lortzen laguntzen diegu, gehienak 200-300 eurokoak, eta beren bizitza goitik behera aldatzen da horiei esker. Bai emakume horiena eta bai beren familia osoarena ere. Wukron emakume askok ez dauka lan mundura sartzeko modurik eta asko izan dira beren gorputzarekin negoziatu behar izan dutenak aurrera egiteko. Asko amak dira, bikoterik gabe, eta maiz haurra lokartzeko zain egon behar izaten dute bezeroa etxean hartzeko. Garbi ikusi dugu emakume horien egoera hobetuz, bere inguruko guztiena asko hobetzen dela. Bide hori oso ona da.

 

Nekazaritzan aritzeko teknikak ere hobetzen ari zarete.

Gazteekin ubideak eraikitzen ari gara. Dagoeneko asko daude eginak eta horrek asko hobetzen ditu uztak, ura aurrezten da eta lursail handiagoak landu daitezke. Bestetik, Gobernua gazteen eskura jartzen ari da erlauntzak eta posible den kasuetan, baita lursailak ere. Hartara, diru pixka bat ateratzeko modua eskaintzen die. Hori nekazaritza guneetan ematen da batez ere. Hirietan gazte asko dago lanik gabe. Asko unibertsitarioak dira, ikasketak amaitu eta lana topatu ezinean dabiltzanak. Hartara, horiei kaleak asfaltatzen erakutsi zaie, eta Wukroko kaleak asfaltatzen lan egiten dute. Lan horretan ari diren bitartean diru pixka bat ematen zaie, jan ahal izateko. Eta behin amaituta, mikrokreditu baten %20 ziurtatzeko adina diru ematen zaie, beren bidea hasteko modua izan dezaten. Helburua da gazte horiek lanpostuak sortzea. Proiektu txikiak dira, baina eragin handia dute ekonomikoki, sozialki eta baita ingurunean ere.

 

Eta herritarren aldartean, ezta?

Bai, baina wukroarrek ez daukate halako tristura eta garraztasunik. Euskal Herrian jendea kezkatuta ikusten dut; lana ez duenak ez duelako, eta duenak galtzeko beldurra duelako. Wukron oso gutxi behar dute bizitzeko, eta umorez eta patxadaz hartzen dituzte egoerak, nahiz eta maiz larriak diren. 60 zentimorekin egun osoan jan dezake pertsona batek; etxeetan ez dago ez mahairik, ez aulkirik, ez platerik. Lurrean eseri eta ontzitik bertatik jaten dute denek eskuekin. Bonbilla bakarra dago etxe osoan, gela berdinean lo egiten dute lauzpabost lagunek... Gastuak minimoak dira, eta txarrena da maiz gutxi horiek ziurtatzera ere ez direla iristen. Baina orduan ere ez daukate antsietaterik eta depresiorik. Bizitzaren ikuskera oso desberdina da.