Naiara Garzia

Edertasuna eta «establishment»-a

B artzelonan erosi nuen 2009. urtean “Le Magazine Litteraire” aldizkariko 16. zenbakia edertasunari buruzko monografiko bat da. Azalean horren inguruko ezinbesteko galdera hauek topa ditzakegu: «La beauté. Spirituelle ou sensuelle? Norme ou exception? Tyrannie ou libération?».

Hiru urte geroago Aix-en-Provencetik Voltairen (1694-1778) postal batekin itzuli nintzen. «Les beaux esprits se rencontrent», irakur daiteke bertan. Edertasuna, beste ikuspuntu batetik.

Kasualitatez Frantziari bi aipamen egin dizkiot, bai, «hainbeste artelan eta edertasun eman dituen herrialde horri», esango lukete batzuek, baina Jean Cocteauk (1889-1963) “La Difficulté d'etré” lanean beste ikuspuntu bat ematen du. «Zerk ematen dio Frantziari halako handitasuna? (...) Verlainek, Baudelairek. Nekez bizitu ziren pertsona horiek guztiak polizian amaitu zuten. Frantziatik bota nahi zituzten. Ospitalean hiltzen utzi zituzten».

Establishment-ari eta marjinalitateari buruz pentsarazten digu horrek, eta gizarte mailan aipatutakoak edertasunarekin izan duen harremanean. Ez dut establishment-ak berak duen bipolaritate horretan sinesten, Van Gogh gaixo eta txiro bat erabateko pobrezian hiltzen uzten duen kanon horretan, eta urte batzuk geroago bere arte lanak goraipatzen dituen eta milioika eurotan saltzen dituen sisteman. Gizakiari barre egitea dela deritzot.

Hasteko eta amaitzeko edertasuna mundua goxoago egiten duen zerbait dela esanen dut, baina baita erosotasunetik esnarazten gaituen soinu karrankari hori ere.•