Eleno Alkain eta Saioa Aginako

Jakin-mina ase nahian

Psikologia mundu zabal eta anitza da; ikasi dugunok badakigu. Hala ere, ikasketak hasi aurretiko pentsamendu eta aurreiritzietara une batez bueltatzen bagara, psikologiaren profesionalak garenok zein ez zaretenok, psikoterapia kontsulta batean gerta daitekeenaren irudi bat eginda daukagu gure burmuinaren mapa korapilatsuan. Akaso, gela argiztatu bat, bi besaulki, mahai bat beharbada, bi pertsona, bat betaurrekoduna, agian arkatza eta koadernoa eskuan, eta elkarrizketa bat. Negarrak? Beldurrak? Lotsa? Lasaitasuna? Ongizatea?.

Maiz jasotzen ditugu lagun eta ezagunek gure lan egiteko moduaz dituzten zalantzei buruzko galderak. Edota psikoterapian hasi nahi duen pertsona batek aukera dezakeen psikoterapia motari buruz helarazitako dudak. Badaude psikoterapia aurrera eramateko modu ezberdinak, beraien artean elementu komunak elkarbanatzen dituztenak zein beraien artean zerikusirik ez dutenak ere. Psikologian korronte izena hartzen dute eta korronte horietatik nabigatuko dugu gaurkoan, zalantzak argitu nahian. Goazen ba!

Ezagunetarikoa dugu psikoanalisia. Korronte honen aita S. Freud izan zen, eta, ondoren, eskola berriak sortu zituzten M. Klein edo J. Lacan bezalako profesionalek ere; ildo horiek gaur egun arte iraun dute eta egunotan ere eskola berdinak aurki daitezke.

Freud maisuak garatutako tratamendu psikoterapeutikoa inkontzientearen azterketan oinarritzen da, asoziazio askea izeneko metodologia erabiliz. Pazienteak hitzez adieraziko ditu momentuan datozkion irudiak, burutazioak, pentsamenduak, emozioak, oroitzapenak, gogoetak, inolako mugarik gabe, esandakoak zentzurik ez duela iruditu arren.

Sufrimendua edo egonezin psikikoa sortzen diguten baldintzak (orokorrean inkontzienteak) sakonki ulertzen saiatzen da psikoanalisia; mina sortzen diguten sintomen eraketa mantentzen duten baldintzak dira eta pertsonaren nortasunaren esparruen berregituratze zabala lortzen saiatzen da psikoanalisia.

Aurkeztuko dugun ondorengo korrontea kognitibo-konduktuala da. Pentsamendu, sentimendu eta ekintzen artean sortzen den erlazioan oinarrituta dago. Sentimenduen kontrola izatea bilatzen da, sentimenduok sortzen dituzten pentsamendu eta ekintzak identifikatuz. Korrontearen aitzindari B.F. Skinner eta J.B. Watson psikologoen ikerketak ditugu.

Korronte humanistaren barnean begirada teoriko eta terapeutikoak anitzak dira, eredu teoriko bakarra eraiki ahal izateko. Hortaz, psikologia humanistaren ezaugarri batzuk ezagutzera emango ditugu. Humanisten arabera, pertsona bakoitza errepikaezina da, eta, hortaz, norbanakook errepikaezina dugun hori garatzeko zeregina dugu, horretarako jolasa eta sormena ezinbestekoak direlarik. Jarraituz, burua eta gorputza bat bezala ulertzen ditu humanismoak; emozioen, intuizioaren eta kontenplazioaren lanketari garrantzia ematen dio, arrazionalaren eta irrazionalaren arteko oreka bilatuz. Adierazleekin amaitzeko, pertsonok bestea osotasunean ikusteko ahaleginak egiten ditugu, ez bakarrik bestearengan baliagarriak zaizkigun ezaugarriak baloratuz, baita baliogabeak zaizkigunak ere kontuan hartuz ere. Hemen C. Rogers eta F. Perls bezalako profesionalek bultzatutako eskolak, besteak beste, aurkitzen ditugu.

Amaitzeko, korronte sistemikoaren ezaugarriak azalduko ditugu. Korronte hau gizakion arteko elkar eragin eta komunikazio ereduen asalduren adierazpenak sortutako desoreka, disfuntzio eta gaixotasunen tratamenduan erabili ohi da. Bestalde, familia-terapiak, familiak osatutako sisteman gertatutako komunikazio eta harreman disfuntzioak aztertzen ditu, elkar laguntzeko eta babesteko baliabideak eraginkorki erabiltzeko gaitasuna garatuz eta eskuratuz. Adituetako bat S. Minuchin dugu.

Goiko paragraforen batean xumeki aipatu arren, nabarmendu baita korronte bakoitzaren barruan eskola ezberdinak ere badaudela, bakoitza bere berezitasunekin. Gehiegi luzatuko ginateke, ordea, denak orain aipatuko bagenitu; esan bezala, psikologiaren mundua zabala da eta. Gaurko ekarpena zalantzak uxatzeko baliagarria suertatu izana espero dugu, eta eskerrik asko jakin-minagatik. Ondo izan!. •

durundia@gmail.com