Oihane Larretxea de la Granja

Leire Larretxea

Kreatibitatea da bere bizitza eta bizimodua. Umetan paper zurian aritzen zen, egun konposizio bizi eta erakargarriak egiten ditu ordenagailuan. Diseinatzaile donostiarrak, ordea, kaiola horretatik atera eta oihaletan inprimatu ditu bere irudiak, ondoren produktu ezberdinak josteko. Lëlë izenarekin merkaturatu ditu jada poltsak, kuxin zorroak eta zapiak.

Ordenagailuaren pantaila mihise zuri bat bezalakoa da beretzat. Pintzela beharrean, ordea, sagua erabiltzen du. Loreak, txoriak, hostoak, irudi geometrikoak… buruan irudikatzen duen oro marrazteko gai da Leire Larretxea, Lëlë markaren atzean ezkutatzen den diseinatzaile donostiarra. Arte Ederretan lizentziatua, diseinu grafikoko ikasketekin osatu zuen bere formakuntza. Olentzerori urtero margo kutxa bat eskatzen zion opari, eta berdina egiten zuen txokolatezko pasteletik kandelak itzali behar zituen bakoitzean ere. Beti, beraz, kolorez inguratuta egon da. Bere mundua horixe dela dio; izan ere, arrainak ura bezala, sormena behar du, eskuekin lehen ez zegoena sortu. Uneotan, mundu digitala bere «pasioa» dela dio.

Orain bost urte Donostiako Goiuri bikini dendara heldu zen, izen bereko markari irudiak jartzeko. Joerak, teknikak, baliabideak… asko aldatu eta garatu dira Joseba Lizarralde nagusiaren eskutik lehen ikasgaiak jaso zituenetik. Esaterako, gaur egun Photoshop programa baliatzen dute estanpatuak egiteko. «Modan oso ikusia dagoen errekurtsoa izan arren, bikinien munduan ia ezezaguna da. Ikerketa lan handia egiten dugu Goiurin, eta proba asko. Inspirazioa, bestalde, mundu mailako diseinatzaileetan, bidaietan edota arte erakusketa batean topa dezakegu. Nahigabe, zerbait berezia transmititzen dizun hori aurki dezakezu, gero marrazkiaren abiapuntu izango dena», kontatzen du.

Diseinatzen den guztia, ordea, ez da bikinien tailerrera heltzen. «Denboraldi bakoitzean zortzi bat estanpatu egiten ditugu bainujantziak josteko, baina bidean beste hamaika gelditzen dira. Arrazoi ezberdinak tarteko, hautaketa egitea ezinbestekoa izaten da –azaltzen du–. Diseinu batzuk bidean gelditzen dira, besteak ‘neberan’, besteak ‘zabor birtual’ bihurtzen dira… Ohartu nintzen azken urteotan lan mordoa gelditu zitzaizkidala ordenagailuan, zain, eta sormen hori guztia ‘kaiolan’ ikustea oso frustragarria zen niretzat», dio.

«Frustrazio» horrekin zerbait egin behar zuelakoan ekin zion Leire Larretxeak «bilaketa pertsonal» bati Goiuritik kanpo, eta horretan dabil buru-belarri gaur egun: bere oihal propioak estanpatzen. Izan ere, pantailatik kanpo nahi zituen, libre, oihaletan. Hori da beretzat pozgarriena, diseinu bati «bizitza ematea».

Hala ere, oihal zurien bilaketa lana ez da batere erraza izan, oro har, enpresek gutxieneko metro kantitate handiak eskatzera derrigortzen baitzuten, eta horrek ez zuen diseinatzaile donostiarraren proiektu txikia bideragarri egiten. Aitzitik, orain dela gutxi, gazte batek martxan jarri berri duen enpresa batekin akordioa lortu du. Honek bai, metro erditik aurrera nahi beste eskatzea ahalbidetzen dio. Hain justu, gazte ekintzailearen saria jaso du gazteak.

«Inoren menpe» egotea gustatzen ez zaionez, prozesuaren etapa guztietan parte hartu nahi zuela argi zuen Leire Larretxeak. Alegia, diseinuan eta josketan. «Eta orain oihalekin zer?», zioen. Josteko ideiarik ez zuenez, Egia auzoko El Estudio arte akademian eman zuen izena, orain urtebete eskas bi gaztek abiarazi duten tailer txikian. «Zerbait erraza aukeratu behar nuen abiapuntu gisa, orratzik erabiltzen ere ez bainekien… Gauza praktikoa izatea ere nahi nuen, eta, hala, poltsa txikiak eta nezeserrak egiten hasi nintzen».

Epe motzera lehen emaitzak ikusita, motibazio handia jaso zuen hasitako bidetik jarraitzeko. «Denoi gustatzen zaigu lanean jarri eta emaitzak ikustea; beste kontu bat da epe luzera hobeto egitea, eta horretan nabil, baina horretarako denbora gehiago behar dut –onartzen du–. Momentuz, onena zer egiteko gai naizen ikustea izan da».

Kontaktu zuzenaren garrantzia

Josten ikasi bitartean, jostuna den senide bati laguntza eskatu zion Larretxeak Lëlë bezala bataiatu duen proiektuan parte hartzeko, lana banatzeko. «Denbora-pasa gisa hartu genuen hasieran, esan nahi dut gauza handirik espero gabe, baina inguruko jendeak, lagunek... oso ondo erantzuten zuten produktu eta oihalen aurrean. Beraz, lana indartu genuen», azaldu du.

Momentu aproposean toki egokian egotea garrantzitsua da, eta, neurri batean, halaxe gertatu zitzaion. «Jostuna den lagun batek moda azoka batean hartu behar zuen parte udako egun hartan, Donostian. Postutxoan, bere arropekin batera, nire gauzak eramateko aukera eman zidan. Lehen ekoizpena txikia zen, dozena bat ale besterik ez, baina termometro bikaina izan zen jendearengana gerturatu eta haiek pentsatzen zutena neurtzeko. Oihalek oso harrera ona izan zuten. Poltsak, nezeserrak, kuxin zorroak, zapiak, tablet nahiz liburu elektronikoentzako zorro bereziak… eguneroko objektuak dira, baina, nire kasuan, estanpatuak dira bereizgarria, amua».

Azoka horren bidez berekin harremanetan jarri ziren eskuartean proiektu berri bat zuten lau gazte: hilero igande batean Donostiako Igara auzoan arte eta diseinu feria bat antolatzea –The Gallery Igara–. Dagoeneko bi aldiz hartu du parte eta abenduaren 13an eta 14an ere bertan egongo da, esperientzia emankorra izaten ari delako.

Hain zuzen, mundu honetan ezagutzera emateko eta jendearengana heltzeko halako ekimenak oso garrantzitsuak direla dio Leire Larretxeak, bere iritziz, on line saltzea oso zaila delako. «Kontaktua da inportantea, hau da, aurrez aurrekoa. On line dendak (www.leirelarretxea.com) balio du jendeak zer eskaintzen dudan ikus dezan, baina emankorrena azokak dira, eta jendearen ahoz ahokoa, hori da publizitate zintzo eta eraginkorrena». Zentzu horretan, sare sozialek eman dioten bultzada ere errekonozitzen du, jendearekin feedback handia sortzen dutelako. «Argazki bat argitaratzean jasotzen dut beste aldean interesa –azaltzen du–. Gerta daiteke saltzea edo ez, baina erakarri egiten ditu pertsonak». Bere kasuan, Instagram eta Facebook sare sozialak erabiltzen ditubereziki.

Momentuz oihalekin egindako produktuak eskaintzen ditu bakarrik, baina, Gabonei begira, zeramika baliatuta «zerbait» egingo duela aurreratu du, baita gizonezkoentzat osagarriren bat ere. «Orokorrean kolore oso alaiak erabiltzen ditut, baina mutilez ez dut ahaztu nahi, beraz, beraientzat aproposagoak diren koloreak erabiltzen ere hasi nahi dut».

Etorkizunari begira, gustatuko litzaioke bezeroak nahi duen irudia nahi duen euskarrian inprimatu eta jostea, baina, momentuz, ekoizten duen neurrian saltzen du. Bezeroen eskaerei erantzuten ere saiatzen da, betiere honek eskatu duen oihal hori gelditzen bazaio. «Etxean ahalik eta oihal barietate handiena izaten saiatzen naiz, bereziki oso gustukoak direnak, baina ez ditut bakoitzetik metro gehiegi erosten, oraindik produkzio txikiekin lan egiten baitut. Pixkanaka, proiektua sendotzen doan neurrian, hori ere indartu nahiko nuke». Material berriekin ere probak egiten ari da, besteak beste, larruan inprimatzeko.

Lan eta lan ari dela, uneotan gertatzen ari zaionarekin «disfrutatu» egin nahi duela dio, ireki zaizkion ate guztiak aprobetxatu eta ikasi. Izan ere, bere ustez, «ez dago motibazioa bezalakorik zerbait aurrera ateratzeko».