Mikel IBARGOIEN

Diana Cantero

Tatami gainera igo eta arerioak menderatzen artista da Diana Cantero donostiarra. Japonian jokaturiko Karateko Munduko Txapelketa irabazita agerian utzi du hori. Modu horretan kirolari batek eskura dezakeen lorpenik handiena erdietsi du eta bere ametsetako bat bete ere. Karatea oso kirol gogor eta bortitza da, baina Diana adeitsua, apala eta gertukoa da aurrez aurreko tratuan.

Hitzordua Donostiako Meltxor tabernan egin dugu, Dianak eta bere amak daramaten tabernan, hain zuzen. Hormak Dianaren argazkiz josita daude eta apaletan irabazitako kopa batzuk ere ikus daitezke. 16.50ak dira eta barraren atzean lanean topatu dugu Diana, 17.00etan amaitzen da-eta bere txanda. Guri jarri digu eguneko azken kafea (oso gozoa) eta horrekin amaitu ditu tabernan egin beharrekoak. Hori da eliteko emakume kirolari askoren errealitatea eta Diana ez da salbuespena.

Goi mailako kirolariak izanagatik emakume askok ezin dute kiroletik bizi, eta, hortaz, lanarekin uztartu behar izaten dute (Dianak 10 ordu egiten ditu lan egunean). «Gizonen egoera erabat desberdina da. Gizonak, maila honetan, kirola egitetik bizi dira ia seguru, baina, emakumeok, aldiz, lan egin behar dugu gustatzen zaigun kirola praktikatu ahal izateko», azaldu du. Eta ez hori bakarrik, federazioak batzuetan bidaien zati bat ordaintzen dizkien arren, askotan, euren poltsikotik ordaindu behar izaten dituzte bidaiak ere, diru dezente xahutuz. Dianak, esaterako, 1.800 euro gastatu zituen Japonian jokatu berri duen Karateko Munduko Txapelketan eta ordainetan 300 euro besterik ez ditu jaso. Baina, Munduko Txapelketa irabazita, bigarren lekuan geratzen dira gauza horiek guztiak Dianarentzat. Orain, lortu duenaz gozatu nahi du. Eta ez da gutxiagorako, izan ere, oso jende gutxik esan dezake zerbaitetan munduko onena dela.

Japonian urrezko domina kolkoratuta kirolari ororen ametsa bete du Dianak. «Horren atzetik lan ikaragarria dago. Entrenamendu asko, lan asko eta sufrimendu asko, baina horrek guztiak fruituak eman ditu eta oso pozik nago. Duela zortzi urte Donostian entrenatzen hasi nintzenean horrekin amesten nuen, nahiz eta, noski, ezinezkoa zela pentsatu. Baina azkenean lortu dut», aitortu du.

Garaikur preziatua altxatzeko bi borroka irabazi behar izan zituen Dianak. Lehenengoa japoniar baten aurka, eta finala bera baina «gogorragoa» izan zela dio. Oso borroka lehiatua izan zen. Bi minutuko bi saio eta luzapena behar izan zituen finalera sailkatzeko. Gainera, aurkaria etxekoa izanik, zaleak ere alde zituen; hori bai, Diana ez zen kikildu. Aitzitik, egoera makurretan hazi egiten da. «Jendea nire aurka badago are eta gehiago motibatzen naiz eta nire onena ateratzen dut», argitu du. Azken pausoa xamurragoa izan zen. Haatik, finala ez zuen ondo hasi: aurkariak ezustean harrapatu eta erdi zorabiatuta utzi zuen kolpe bat eman zion buruan. Dena den, egoerari buelta eman eta barruan zuen guztia aterata borroka eta txapelketa irabaztea lortu zuen.

Horrelako lorpen batek ospakizuna merezi du eta ospakizunaren lehen zatia Japonian bertan egin zuen bertan zeuden karate munduko lagunekin. «Sayonara Party jaira joan nintzen. Txapelketaren ostean egiten den afari moduko bat da, eta bertan elkartu ginen txapelketako partaide guztiok. Jende askok errugbiaren ‘hirugarren zatiarekin’ alderatzen du eta primeran pasa genuen». Ospakizunaren bigarren zatia, aldiz, etxerako utzi zuen. Azken hori izan zen bereziena Dianarentzat. «Nire familia oso harro dago nitaz eta horrekin geratzen naiz. Nire gertukoen laguntza da garrantzitsuena niretzat. Karatea ez da oihartzun handia duen kirola eta beraien berotasuna eta laguntza ezinbestekoak dira egunerokoan», kontatu du.

2014. urtea ez du berehalakoan ahaztuko Dianak. Izan ere, Munduko Txapelketaz gain, Espainiako bi txapelketa eta Europako beste bi irabazi ditu (Espainiako lau txapelketa, Europako beste lau eta Munduko Txapelketa bat dira, orotara, bere lorpen aipagarrienak). Gainera, urte osoan bi borroka baino ez ditu galdu. Argi dago, beraz, lortutakoa ez dela kasualitatea izan eta punta-puntako karateka dela. Gainera, oso momentu gozoa bizitzen ari bada ere, etorkizunean are eta momentu hobeak zain izatea espero du.

Karatearen barruan modalitate desberdinak daude. Dianak praktikatzen duena kumite knock down izenekoa da. Hots, aurkaria KO uztea da helburua. Hala ere, hori ez da ohikoena izaten eta normalean epaileek erabakitzen dute garailea nor den batak besteari emandako kolpeen arabera. Beste modalitate batzuk teknikoagoak dira, honakoa, aldiz, «bortitzena» da. Testuinguru horretan, funtsezkoa da lehiak ondo hastea eta lehen kolpeak norberak ematea, alderantziz suertatuz gero borroka aldapa gora jartzen da eta. Aurkaria jotzeko orduan ere badaude jarraitu beharreko zenbait arau. Ukabilkadak, esaterako, bularretik behera jo behar dira. Alegia, ukabilkadak aurpegian jotzea debekatuta dago. Belaun eta hankekin, ordea, gorputz osoan jo ditzakete kolpeak, baita buruan ere. Tentsio handikoak izaten dira borrokak eta kontzentrazio handia eskatzen dute.

Kanpotik begiratuta oso kirol bortitza dela ematen du, baina berak ez du hala ikusten. «Egunerokoan estres handia izaten dugu eta barruan ditugun gauza negatibo guztiak ateratzeko eta gure beldurrak gainditzeko oso baliagarria da. Gainera, dena laguntasun giro batean egiten dugu. Nire buruarekin ondo sentitzeko behar-beharrezkoa dut karatea. Jende askok dio droga baten modukoa dela eta ni ados nago. Ni orain ezingo nintzateke karaterik gabe bizi», onartu du. Halaber, karatean ikasiriko zenbait balore oso garrantzitsuak dira bere esanetan, «errespetua eta lanerako gaitasuna», kasu.

Txikitatik zuen borroka arteren bat praktikatzeko desioa, baina 18 urte bete zituen arte ez zuten bat egin Dianak eta karateak. Umea zela balletean apuntatu zuen amak (Dianak judoa egin nahi zuen), eta, ondoren, igeriketan ere aritu zen, 17 urterekin etapa horri amaiera ematea erabaki zuen arte. Ostean, erabat desberdina zen kirol bat probatu nahi zuen, eta, egun batean, karate eskola batera jo zuen. Bertako kideen jotzeko moduak eta entrenatzeko erak erakarrita probatzea erabaki zuen. Hastapenetik, Pablo Estensoro goi mailako karateka donostiarra izan du bidelagun eta haren laguntza «ezinbestekoa» izan da iritsi den lekura iristeko. Lehen urratsak Altzan bertan eman ostean, Gasteizko Yin-Yang gimnasiora joaten hasi zen (300 lagun inguru daude bertan). Izan ere, garai hartan Donostian ez zegoen maila handirik eta beharrezkoa zuen urrats hori egitea aurrerapausoak ematen jarraitzeko. Oraindik ere, astean bi aldiz joaten da hara. Gainontzeko saioak Donostian bertan egiten ditu. Entrenamenduetan arlo desberdinak lantzen dituzte. Alde batetik, borroka teknikak eta kolpeak, eta, bestetik, alor fisikoari dagozkion ariketak.

Baina entrenamendua ez da karatekek zaindu behar izaten duten alor bakarra. Pisuak ere buruhauste dezente ematen die zenbaitzuei. Emakumeen kasuan hiru kategoria baino ez daude: 55 kilo baino gutxiagokoa, 65 kilo baino gutxiagokoa eta 65 kilo baino gehiagokoa. Dianak bigarren multzoan lehiatzen du, baina bertan sartzeko muga-mugan ibiltzen da beti. Hortaz, sakrifizio handiak egin behar izaten ditu txapelketak gerturatzen diren heinean: korrika gehiago egin, saunara joan, lehia aurreko azken egunetan ia-ia jan gabe egon... Ahalegin horrek guztiak, baina, merezi duela uste du, eta, halaber, txapelketetan bere %100 ematen laguntzen dio.

Egun, karate munduko erreferente bihurtu da Diana. Hala ere, bertan izandako lehen esperientzia ez zen baikorra izan. Entrenatzen hasi eta hilabete ingurura izan zuen lehen borroka eta aurkariak bular inguruan emaniko kolpeen eraginez lurrean geratu zen arnasteko zailtasun ikaragarriekin. Horrek, ordea, ez zuen kikildu. Aitzitik, akuilu izan zen berarentzat. Gogor entrenatzen jarraitu zuen pixkanaka bere maila hobetzeko asmoz, eta handik urtebetera aurkari hori bera garaitu zuen beraien arteko hurrengo borrokan. «Kirol honetan burua da garrantzitsuena. Aurkariak kolpe bat eman eta sortu dizun minean pentsatu beharrean aukera duzunean zuk zeuk kolpe handiagoa emango diozula pentsatu behar duzu, bestela jai dago!», nabarmendu du.

Munduko txapeldun izatearen ondorioz hedabideengandik arreta handixeagoa jaso du. Orain artean, ordea, apenas egin diote kasu komunikabideek, nahiz eta arestian aipaturiko txapelketa entzutetsuak irabazi. Horrek islatzen du zein den emakume kirolarien errealitatea. Hona bere hausnarketa: «Egia da agian garrantzi handiagoa eman beharko lioketela hedabideek emakumeek egiten dugunari, baina, nire kasuan behintzat, errealitatea hori da eta oraingoan leku batzuetatik deitu didate gutxienez».

Kirol munduan egindakoak baino oihartzun askoz handiagoa izan zuen Dianak telebistako reality show ezagun batean buruturiko ibilbideak. Euskal Telebistako “El conquistador del fin del mundo” lehiaketako bederatzigarren eta hamargarren edizioetan parte hartu zuen. Lehen urtekoa oso esperientzia polita izan zen berarentzat. Sei duelu irabazi zituen eta finaleraino iristea lortu zuen. «Ni esperientzia berri bat bizitzera eta irabazten saiatzera joan nintzen. Lehia ikaragarri gustatzen zait eta horrek erakarri ninduen. Finalean beste bi gizonezkoak nire aurretik geratu ziren, baina gustura geratu nintzen egindako ibilbidearekin», adierazi du.

Halaber, ikusleek ematen duten saria irabazi zuen eta horrek esanahi berezia du Dianarentzat. «Niretzat ikaragarria izan zen. Horrek erakusten du jendeak zure izaera eta lana baloratzen dituela eta hori niretzat oso sari handia da, agian, lehiaketa bera irabaztea baino garrantzitsuagoa», zehaztu du. Lehen edizio hartako partaideekin oso harreman ona egin zuen, eta, oraindik, tarteka, geratu ohi dira. Bigarren edizioko esperientzia, ordea, ez zen ona izan. Parte hartzaileetako askok «beste helburu batzuk» zituzten eta ez zen eroso sentitu. Beti esan ohi da oso lehiaketa gogorra dela parte hartzaileek pairatu behar izaten dituzten baldintzengatik (janari gutxi, lotarako leku txarrak…), baina Dianarentzat hori baina askoz okerragoa da kameren atzealdean gertatzen dena. «Egun osoa gu haserretu nahian aritzen dira, eta, gero, interesatzen zaien zatia bakarrik ateratzen dute telebistan, adierazpen konkretu batzuen atzean zer dagoen erakutsi gabe. Eta, hala, hitzen esanahia desitxuratu egiten da sarritan», gaineratu du.

“El conquistador del fin del mundo” saioan ateratzearen ondorioz jendeak kalean ezagutu egiten du eta batzuetan geratu ere egiten dute. «Ni ez nago ohituta horrelako gauzetara eta poza ematen du jendea zuregana hurbildu eta gauza onak esateak. Hala ere, denetarik dago eta bestelako komentarioak ere entzun behar izaten dira», aitortu du.

Telebistan agertzeagatik bai, baina kirol munduan jarraituriko ibilbide arrakastatsuagatik inork gutxik ezagutzen du. Egora kontraesankorra da inondik ere. «Egia esan amorrua ematen du telebista programa soil batean agertzeagatik jendeak ni ezagutzea eta egunero praktikatzen dudan kirola eta bertan lortu dudan guztia bigarren mailan geratzea. Gainera, nik lorturiko emaitzak lortu dituzten beste kirolari batzuei askoz ere garrantzi handiagoa eskaintzen dietela ikusten dut, eta horrek ere min ematen dit», kontatu du.

Dianak argi du “El conquistador del fin del mundo” saiokoa bere bizitzako beste esperientzia bat baino ez zela izan eta bere ohiko bizitzari ematen dio garrantzia. Momentuz, gustura dago egiten duenarekin eta etorkizuna karate munduarekin lotuta irudikatzen du. Hori da benetan betetzen duena. Bere palmaresari begiratuta lor daitekeen guztia jada irabazita duela ematen du, baina berak bere buruari erronka berriak jartzen dizkio eta hobetzen jarraitzeko helburua du. •