Floren Aoiz Monreal

Nafarroa: noiz erortzen da erregimen bat?

«Erregimenaren indarrak higatzea eta kontraesanak biderkatzea zaila izan bada, askoz ere nekezagoa izanen da alternatiba gauzatzea.  Uzta egin eta alternatiba eraikitzea da oraingo aupada»

Barcina bere bakardadean pentsakor
Barcina bere bakardadean pentsakor

Lehengoan, GARAko kazetari batek tirabira bitxia izan zuen Nafarroako Gobernuaren bozeramalearekin, honek emandako hondarreko Urrezko Dominaren harira. Galdera zorrotzak luzatu zizkion Aritz Intxustak, frankismoa aipatuz, dominaren zergatiak ikertu nahian, bozeramalea lelo ofizialetan gotortzen zen bitartean.

Ez zen, ziurrenik, lehen aldiz gertatuko, baina bien artean piztu zen galdera-erantzunen joan-etorriak harritu egin ninduen. Hormaren kontra atzematen zuen bere burua Juan Luis Sanchez de Munianek, nabarmenki. Esaldiak doi-doi bukatzen zituen, gero eta urduriago zegoelarik. Pentsaezina zen halako zerbait duela urte batzuk, baina, to, ikuskizun ederra zen ene ordenagailuaren pantailan. Harridura areagotu egin zen gerora, non eta Nafarroako telebista kaskar horietako batean pasartearen berri eman zutenean (ez ditut bereizten: aitortzen dut, batzuetan bat baino gehiago ote diren zalantzak ditut). 

Nafar Parlamentuak dominaren kontrako jarrera agerrarazi zuen, nahiz eta gerora Gobernuak erabakia aurrera eramateko asmoa berretsi duen. Prentsaurrekoan gertatutakoa ez zen gertaera isolatua, beraz, erregimenaren gainbeheraren beste adierazpen bat baizik. 

Beste une batzuetan, erraz baztertuko zituen bozeramaleak halako galderak, egilea (GARA edota kazetaria bera) satanizatuz, joera erasokorragoa hartuz edo gorrarena eginaz, zuzenean. Beste une batean, Parlamentuak ez zuen halako erabakirik hartuko. Eta ez da susmo bat: oso ezberdina izan da hainbat alderdik iraganean Uharte eta oro har frankisten gorespenen aurrean hartu duten jarrera. Aldaketa nabarmena da, beraz, eta ene ustetan aldakuntza joera sakon eta zabalean kokatu behar da. 

Koiotearen harridura

Duela hilabete batzuk, irri egin nuen nork eta gure Zizek filosofo ezagunak asko maite dudan irudi bera erabiltzen zuela ikusita. Irudian, Correcaminos (Bidelari hemendik aurrera) pertsegitzen duen Koiotea, bat-batean, konturatzen da ez dagoela jada lurraren gainean, amildegian baizik. Ohartu bezain laster (eta ez lehenago) erori egiten da. 

Badirudi bat-batean ulertu dutela, Koioteari gertatu bezala, amildegiaren gainean zeudela. Orain arte, akaso, Bidelari harrapatzeko obsesioak itsuturik (asma ezazue nor izan daitekeen istorio honetan), ez diote erreparatu arazoaren larritasunari. Iritsi zaie, ordea, oinen azpian lurrik ez dagoela konturatzeko unea, eta, hala, Koiotea bera bezala, izutu eta jauzika hasi dira, hertzera hurbildu nahian. 

PSNren hondamendia aintzat hartuz eta UPNren barnean zabaldu den nahaste-borrastea ikusita, erregimenaren etorkizuna kolokan den usteak ez dirudi tokiz kanpokoa. Barcina eta Robertico lehen mailatik joan izana beranduegi iritsitako neurri desesperatuak izan daitezke, ez baitute, oraingoz bederen, bi alderdion itxaropenetan hobekuntza argirik ekarri. Barcina estalkia zela nabarmena izanik ere, ez dakigu zer aterako den botilatik, eta, beharbada, hautagaia aukeratzeko prozesua bera, alderdia indartzeko baino, ahultzeko beste parada bat bilaka daiteke. Nekez piztuko du ilusiorik Barcinaren menpeko norbaitek, baina zaila dirudi zuzendaritzak barne lehia galdu zuen sektoreko norbaiti ateak irekitzea. Zaila baina ez ezinezkoa, Sanzen taldekoek, gaur egun, besteek baino kokapen hobea dutelako atxikimendu krisiaren mailaketan. 

UPNren baitan jakin behar zuten dagoeneko, edonola ere, izen batzuk aldatzea ez dela aski. PSNren bilakaera begiratzea besterik ez zuten. Egia da Chivite ez dagoela beste batzuk bezain erreta, eta agian gauza bera pentsatuko dute UPNren baitan Catalan edo Salanuevari buruz, baina suak jada eraikin baten egitura hartu duenean ez da aski erretako egurtxoak kanporatu edo ur balde pare bat botatzea. Azaleko kosmetika operazioak baino gehiago beharko dituzte bi alderdiok eta, finean, haietatik harago doan erregimenak, ireki den krisia egoera gainditzeko.

 

«Navarrometro»-ak eragindako lurrikara

Sumatzen genuenari beste bultzada bat gehiago eman dio “Navarrometro” bezala ezagutzen den aldian aldiko azterlanak. Erregimenak kolpe handiak hartu ditu eta mailarik baxuenean dauka sinesgarritasuna. Azterlanaren aurreikuspenek irakurketa ezberdinak ekarri dituzte, baina ukaezina da herritarren haserrea izugarria dela. 

Aldaketa nabarmenak atzematen dira erregimenaren oinarriak izan diren ataletan: Foru Hobekuntzarekiko atxikimendua, Hego Euskal Herriko beste lurraldeekiko harremanak, instituzioen zilegitasuna, jendartearen kezka nagusiak… Krisia ez da azalekoa eta ez da PSN eta UPNren gainbeherara mugatzen. Balioespen hutsak dira eta ez hauteskunde emaitzak, berriz esanen dut, eta zalantza handiak agertu dira azterlana egiteko baliatu duten metodoaren inguruan, baina, honakoa ere nabarmendu beharra dago: beste hainbat esparrutan nabaritzen diren joerekin bat datoz emandako datuak eta horrek sinesgarritasun ukitu bat behintzat ematen die, ñabardurak ñabardura. 

Ene ustetan, arrazoiak daude “Navarrometro”-aren hainbat datu kolokan jartzeko. Gerta daiteke Podemos-Ahal Duguren igoera handirik, baina hilabete batzuk falta dira oraindik maiatzera iristeko eta galdera ikur zabala agertzen da alderdi berri honen gainean. Sinesgarria da, ene ustetan, jende askok Podemos-Ahal Dugu aipatzea haserrearen adierazpen gisa, batez ere erregimenarekiko nolabaiteko atxikimendua izan duten batzuek: zapuztuta daude, baina zaila egiten zaie EH Bilduri edo Geroa Bairi boza ematea. Podemos-Ahal Duguren definizio ezak laguntzen du hori, gainera: besteak baino askoz ere apustu errazagoa da. Halakoak lortzeko, jarrera argia baino onuragarriagoa da hartu duten frankizia profila. Hori esanaz ez dut indar politiko berri honen emankortasuna ukatu nahi: nabarmena da beste eragile batzuek zailtasun handiak dituztela hainbat jendarte esparrutan gertatutako erregimenaren higadura aldaketarako atxikimendu bilakatzeko. 

Podemos-Ahal Duguren agerpenak aukera berriak ireki ditu. Ez dakigu zein izanen den alderdi honen bilakaera, baina erregimenaren kontrako indarrak ugaltzeko lagungarria izan daiteke. Baten batek kolokan jarri du hauteskundeetara joanen ote diren ere, baina zaila egiten da halakorik pentsatzea, egia esan. Aurkezten badira, Estatuan lortu duten ikusgarritasunari esker, protagonismo handia izanen dute lehia gehienetan, eta aldeko haizea dabilkie, nabarmenki. Kasu egin beharko diote, baina, haizeari, norabidez aldatzeko joera izaten baitu, eta, agian, aldatzen hasi baita jada, segituan aipatuko dugunez.

Esparru guzietan atzematen da Podemos-Ahal Duguren igoera, baina ez maila berean: inkestak oso emaitza onak ematen dizkio EH Bildu koalizioari, bigarren indar gisa agertuz. Gertatu zen jada europar hauteskundeetan, eta kezka handia ekarri zuen orduan, baita oraingoan ere, aukera horrek. Batetik, erregimenaren esparruan ederki dakitelako EHBilduk estrategia argia eta erronkari aurre egiteko indarra, malgutasuna eta irudimen politikoa dituela, instituzioetatik harago doan eraldakuntza egitasmo baten baitan gainera. Bestetik, Geroa Bairen lidergo asmoak ahultzen dituelako, berriz ere, PSNrekiko irteeraren aukera zailduz.

Erregimenaren ikuspegitik, EH Bildu ez da, inondik inora, “jangarria”: kooptazioa ez da posible koaliziorekin. Ez dakit gauza bera pentsatzen duten Podemos-Ahal Duguren inguruan, baina, zuek, erantzun baino lehen, mesedez, pentsa ezazue une batez zer gertatuko zatekeen “Navarrometro”-ak EH Bildu lehen indar gisa aurkeztu izan balu, eta gertatu denarekin alderatu. Iruditzen zait ariketa horrek argi pixka bat ematen ahal digula jokoan dagoena hobeki ulertzeko.

 

Lurrikaren ondotiko lurrikarak

Inkesten ezaugarritze performatiboa aipatu ohi da eta oraingoan ere gertatu da. “Navarrometro”-aren argitarapena ekintza politikoa izan da eta ondorio politikoak izan ditu, eskaini dituen datuak oso fidagarriak ez izanda ere. 

Hasteko, erregimenaren krisia areagotu egin du, eliteen urduritasuna areagotuz. Batzuen ustetan horixe zen helburua, erregimenak erantzun bat eman beharko baitu hemendik aurrera, hainbat zama gainetik kenduz eta ilusioa edo beldurra (edo biak) pizteko gaitasuna landuz. Aldaketaren aukerak gorputza hartu du eta horrek izua zabaldu du hainbat esparrutan, fitxak mugitzeko beharra ageri-agerian utziz.

Baina hori ez da “Navarrometro”-ak utzitako ondorio bakarra. Aipatu dugunez, Podemos-Ahal Dugu lehen mailan jarri da, baita Nafarroan ere, eta hori gertatzean bere ahulezi eta kontraesanak denon begien bistan gelditu dira. Ordu gutxi batzuk pasa eta espektakulu harrigarria eman zuten alderdiko eledunek, batek harropuzkeria alarde bat egin eta halere lehendakaritza Uxue Barkosi eman behar ziotela esanez, eta beste batek argi utziz gauza bakarra dutela argi: azken erabakia Espainian hartuko da eta ez Nafarroan. 

Laster etorri dira hitz horiek abiatutako suak itzaltzeko saioak. Batzuek Nafarroako Podemos-Ahal Duguk hartutako erabakiak onartu ezean alderdia utziko dutela aurreratu dute. Beste batzuek argitu digute Nafarroako alderdiaren batzarrak erabakiko duela zer egin, baina, arazorik egonez gero, azken hitza Espainiak izanen duela. Hala izatekotan, erabakiko duena ez da zuzendaritza izanen, alderdian parte hartzen duten guztiak baizik. Baten bat lasaituko da horrekin, agian. Niri, berriz, PSNren aldarrikapen batzuen oroimena etorri zait gogora. Hala irudituko zitzaien, agian, Orkoiengo Podemos-Ahal Duguren zirkulua osatzen zuten lagunei ere. Izan ere, “Diario de Noticias” egunkariaren arabera, taldea desegin dute, piztu den lehian argi gelditu delako azken hitza Madrilen izanen dela. 

Ikusi beharko da zertan gelditzen den Podemos-Ahal Duguren indarra, eta batez ere, zein izanen den bere jarrera. Alderdiko buru batzuek esana dute jada EH Bildurekin ez dutela itunik sinatuko eta horixe da hainbat esparrutan, mahai azpian, zabaltzen ari dena. Edonola ere, ez da hori Podemos-Ahal Duguri boza emateko asmoa duen jende askoren asmoa, eta, hortaz, alderdiak sakoneko arazoari egin beharko dio aurre: Nafarroan indarra eman diezaiokeenak kendu egiten dio Estatuan. Hori horrela, Podemos-Ahal Duguren estrategiaren oinarria argitasun eza izanen da, eta auzi honetan ere erantzun argiak emateari ihes egin nahi izanen diote, erraza izanen zaienik ez dirudien arren.

Lurrikararen beste ondorioa EH Bilduren gain eroritako ardura da. Hobe esanda, egiaztatutako ardura. EH Bilduk Podemos-Ahal Duguren agerpenaren erronkari aurre egin beharko dio, besteak beste. Mehatxu gisa har dezake, horrela ikusi du jada jende askok. Baina aukera ere bada, zuhurki kudea daitekeen parada. Arerioak eta bidelagunak okertzea akats handia izan daiteke. Egia da goizegi dela bi joera horietatik zein nagusituko den Podemos-Ahal Dugu eta EH Bilduren arteko harremanean, baina Adolfo Araiz zerrendaburu duen koalizioak argi utzi du jada ez duela sektarismo terminoetan erantzunen. Gaur egun, jende orok daki Nafarroan EH Bilduk aldaketarekiko konpromisoa hartua duela, gertatzen dena gertatu ere.  Hori horrela, “Navarrometro”-ak eragindako lurrikararen errepikapenek agerian utzi dute EH Bildu dela erregimen aldaketaren gakoa, beste batzuek mezu ilun, kezkagarri eta kontrajarriak eskaini dituzten bitartean, koalizioak indar oroz piztu duelako estrategia argi baten itsasargia.

Politika munduko gai nagusi den eta izanen den erabakitzeko eskubidearen eta esparruen inguruko eztabaida zabaltzen lagundu du gertatutakoak. Erraza da gai honen inguruan posizio ahul eta indartsuak non dauden marraztea eta ulergarria da erregimenaren aldekoen antsietatea. Gobernu berri baten aukerak kezkatzen baditu, askoz gehiago arduratzen ditu estatusaren inguruko lehia demokrazia terminoetan jartzeak, aspaldiko komodinak («que vienen los vascos», ETAren mehatxua…) gero eta indargabetuago agertzen baitira. 

Arduraz jokatzeko tenorea

Edonola ere, ez dut uste iritsia denik Koioteak lurrean utziko duen zuloaren zain gelditzeko unea: ez da erregimenaren azken jauzia eserita itxoiteko garaia. Aipatu lurrikarek krisiaren neurriaren berri ematen digute, baita erregimena erorarazi eta ordezkatzeko erronkaren tamaina oroitarazi ere. Erregimenak ez dira erortzen norbaitek behera bota eta beste bat eraikitzen ez duen arte. Eta, gurean, erregimenaren indarrak higatzea eta kontraesanak biderkatzea zaila izan bada, askoz ere nekezagoa izanen da alternatiba gauzatzea. 

Egingarria da, ordea, eta egin beharra dago. Hurrengo hauteskundeetan lehia erraldoia antzeztuko da, baina borroka askoz zabalagoa da. Horregatik akats handia da, ene ustez, auzia orain ala inoiz ez terminoetan aurkeztea. Izan ere, etxera joanen gara, zapuztuta, hilabete batzuetan lortzen ez badugu? Ez, jakina: ziklo luzeko ikuspegia lagun, urrats eta lehia guztiak dira garrantzitsuak. 

Erregimena ez da berez eroriko, eta indarrean jarraitzeko era guzietako estrategiak erabiliko ditu. Finean, erregimena indar harremanen kristalizazioa da (Laclau gogoan, honetan ere…)  eta eliteek ez dute kiroltasunez hartuko beren porrota. “Navarrometro”-ak ez du argitzen (ezin du) zenbat herritarrek eginen duten bat erregimenarekin arrisku larrian ikusten badute. Datu ezezagun hori, aldiz, erabakigarria izan daiteke hauteskunde egunean. Kasu, beraz!

Urteetan luzatutako salbuespen egoera bereziki onuragarria izan da erregimenarentzako: ilegalizazioak, joko arau zikinak… Azken urteotan, espainiar Estatuak altxatu behar izan ditu salbuespen neurri batzuk eta horrek min egin dio erregimenari, min handia, baina lehia, berriz ere esanen dut, ez da bukatu. Aukera handia ireki du urteotako borrokak. Uzta egin eta alternatiba eraikitzea da oraingo aupada.