ENEEK

Nekazaritzaren «iraultza berdearen» itzal luzea

Herritar xumeok elikadurak gure organismoan zer-norainoko eragina daukan ez dakigula ageriko gauza da. Etengabe errepikatzen zaigu elikadura “orekatua” dela egokiena, baina oso gutxitan aipatzen da ekoizpen ereduak zer eragin duen ekuazio horretan. Nekazaritza industrialaren “sorreratik” 70 urte joan dira jada, eta ekoizpen eredu honek sortu dituen ingurumen eta osasun kalteak gutxika ezagutzen bagoaz ere, substantzia kimikoekiko dependentzia izugarria duen eredu hori bera da, oraindik ere, mundu osoan zehar elikagaiak ekoizteko modu zabalduena. Naiz eta ebidentziek bide okerretik goazela azaleratzen duten. Adibide garbiena organokloratuek ematen dute: duela ia 40 urte debekatu bazen ere organokloratuak nekazaritzan erabiltzea, gaur egunera arte luzatu da Kutsatzaile Organokloratu Iraunkorren (KOI) eragina. Azterketa zientifikoek azaleratzen dutenaren arabera, gainera, eraginak bere horretan jarraituko du datozen hamarkadetan ere.

Organokloratuak substantzia kimiko sintetikoak dira. Beraien ezaugarriengatik, ingurumenean oso iraunkortasun luzea daukate. Ez dira uretan disolbatzen, bai, ordea, gantzetan. Horren ondorioz, kate trofikoan zehar metatuz doaz, kate-begi guztietan eraginez eta, batez ere, katearen bukaeran dauden organismoetan (esaterako, gizakiak) kalte larriak sortuz. XX. mendearen erditik aurrera, izen txarreko “iraultza berdearen” eskutik, pozoi organokloratuen milioika tona askatu ziren ingurumenean. DDTa eta beregandik eratorritako DDEa, HCBak, PCBak, HCHak (hauetako bat da lindanoa)… neurri gabe bota ziren XX. mendeko 40ko hamarkadatik 80. hamarkadara bitarte.

Rachel Carson idazlearen “Udaberri isila” liburu entzutetsuak piztu zituen alarmak, 1962an. Hamar urte geroago, 1972an, DDTaren nekazaritza arloko erabilera debekatu egin zen Ameriketako Estatu Batuetan (Estatu espainolean 1977an debekatu zen nekazaritzarako, nahiz eta 2008ra arte Huescako Montecinca enpresa kimikoak substantzia horrekin lan egiten jardun zuen, Zinka ibaia larriki kutsatuz).

Jaiotzatik bertatik kutsatuta

Azterketa toxikologikoek erakutsi dutenez, organokloratuek osasunean duten eragin kaltegarrien zerrenda luzea da: neurotoxikoak dira, sistema immunitarioa kaltetzen dute, hormonen funtzionamendua aztoratzen dute, ugalketa sistemari eragiten diote, minbizia sortzen dute… Duten iraunkortasunarengatik eta biometagarriak izateagatik, gainera, izadi osoan zabaltzeko gai izan dira. Ipar poloko inuitak dira horren testigantza garbiena: inoiz ere PCBrik erabili ez duten inuitek daukate substantzia honen kutsadura maila altuena munduan. Arrazoia inuiten dietan dago: itsaskiak dira nagusi beraien plateretan. Egiaztatu denez, Ipar poloko arrain eta itsas ugaztunek PCB maila altuak dauzkate, eta inuitek, hauek jatean, beraien gorputza kutsatzen dute. Quebeceko Unibertsitateko ikerlari talde baten lanak (Dallaire eta beste batzuk, 2004) erakutsi zuen lotura zuzena dagoela bost urtera bitarteko inuit haurrek pairatzen dituzten otitis eta arnasketa arazoen eta beraien amek odolean duten PCB kontzentrazio altuaren artean.

Izan ere, organokloratuek gizakia kutsatzen dute, amaren sabeletik hasita. 2010ean Llop eta beste batzuek Valentziako 541 haurdunekin burututako azterketan ikusi zen guztiek zeuzkatela DDT, DDE, HCB, HCH eta PCB kutsadura maila neurgarriak. Aurten, aldiz, Bartzelonako CREAL ingurumen epidemiologiako ikerketa zentroko ikerlari talde batek, Mireia Gascon buru dutela, lan bat argitaratu berri du erakutsiz haurtxoen kutsadura umetokian hasten dela, baina gerora ere pilatuz doala. 1997an hasi eta 2011ra arte, Flix (Katalunia) eta Menorcako bi giza talde oinarri hartuta, organokloratuen bilakaera aztertu dute, amaren sabeletik hasi eta umeek 14 urte bete arte. Ondorio asko ateratzeko balio izan du lan honek, besteak beste, amak bere kutsatzaile zama transmititzen diola haurtxoari, bai zilbor hestearen bitartez bai edoskitzean emandako esnearen bitartez (ikertzaileek azpimarratzen dutenez, baina, honek ez du esan nahi edoskitzea kaltegarria denik, dauzkan onurak kalteak baino garrantzitsuagoak dira-eta). Bizitzaren lehen lau urteetan, organokloratuen kopurua nabarmen hasten dela ikusi dute, berriz ere edoskitzearen eragina nabarmenduz (izan ere, esnea da amak “deskontaminatzeko” duen mekanismoetako bat...). Jaiotzetik 14 urte bete arte, kontzentrazioak txikitzen direla ikusi dute, baina hori gorputzaren bolumena handitzeari egozten diote, kopuru absolutuak, kasu guztietan, handitu egiten baitira.

Esan bezala, amaren esnea jaso zuten umeek organokloratuen kopuru handiagoak erakutsi dituzte, baina edoskitzerik izan ez zutenetan ere, kutsadura pilatuz joan direla ikusi dute. Horrek erakusten du organokloratuak jasotzeko beste iturri batzuk ere badaudela, eta dieta jartzen dute ikertzaileek lehen lerroan. Ikerketaren beste ondorio interesgarrietako bat honakoa izan da: zenbait organokloraturen kutsadura iturriak desagertu direnean, hauen kopuruak desagertuz joan dira umeen gorputzetan. Flixeko umeekin ikusi da hori; bertan, HCBak ekoizten zituen enpresa kimikoak bere prozesuak hobetu ditu, kutsadura iturria desagerraraziz.

Organokloratuak debekatu zituztenetik hamarkada asko pasa badira ere, umeek konposatu hauek pilatzen jarraitzen dute. DDE eta PCBen kasuan, gainera, kopuruak handiagoak dira nerabezaroan jaiotzan baino. Organokloratuek osasunean duten eraginari erreparatuta, ikertzaileek nabarmentzen dute arreta berezia jarri beharko litzatekeela kutsadura iturrietan. Iturri nagusiena, esan bezala, elikadura da.

Debekutik 40 urte pasa eta gero, organokloratuez ari gara oraindik ere. Beste 40 urte beharko ote dira gaur egun oraindik ere baimenduta dauden herbizida, pestizida eta bestelako pozoien eragin kaltegarriez hitz egiteko, edo behingoz ekoizpen ereduaren inguruko eztabaida mahai gainean jarriko dugu?