ENEEK-Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua

Elikagai ekologikoak kontsumitzeko bederatzi arrazoi on

Elikagai ekologikoak kontsumitzeko arrazoiak asko dira, baina laburbilduz, hona hemen bederatzi arrazoi on:

1.– Osasuntsuak dira: Elikagai ekologikoak osasuntsuak dira, ez dauzkatelako nekazaritza konbentzionalean ohikoak diren pestizida, antibiotiko, ongarri sintetiko, gehigarri eta kontserbagarri kimiko zein bestelako substantzia toxikoen arrastorik. Epe ertain-luzean, mota hauetako substantziek gure organismoa kalte dezakete, funtzio metabolikoetan arazoak sortuz. Nutrizio adituen arabera, gaixotasun degeneratiboetariko askok elikaduran dute jatorria. Elikagai ekologikoen beste ezaugarri bat da mantenugaien kontzentrazio handiagoa izaten dutela. Izan ere, ekoizpen eredu honen oinarria da lurra bera orekatuta mantentzea, laboreak eta abereak orekatuta egon daitezen. Horrek egiten du elikagai ekologikoek bitaminen kontzentrazio handiagoak izatea (nabarmenki, C bitaminarenak), oinarrizko mineral gehiago edukitzea (kaltzioa, magnesioa, burdina, kromoa…) eta antioxidatzaile, karbohidrato eta proteina kopuru altuagoak izatea.

2.– Gehigarri sintetikorik ez dute: Elikagai ekologikoek ez dute gehigarri sintetikorik. Substantzia hauek osasun arazo ezberdinen jatorrian egon daitezke, hala nola, gutxiegitasun kardiakoak, osteoporosia, migrainak eta hiperaktibitatea. Ikerketa ezberdinek erakutsi bezala, substantzia sintetikoak ez dira ezinbestekoak, ez elikagaien ekoizpenean ezta berauen kontserbazioan ere. Gure organismoaren behar nutrizionalak asetzeko, sasoiz kanpoko elikagaien beharrik ez daukagu, nahikoa da sasoian sasoikoa jatearekin.

3.– Pestizidarik ez dute: Nekazaritza konbentzionalean ohikoa da ehunka pestizida kimikoren erabilera. Horiek horrela, egunero kontsumitzen ditugun elikagai konbentzionaletan pestiziden arrastoak daude. Ikerketa toxikologikoek erakutsi dute pestiziden eta minbiziaren, alergien edota asma bezalako patologien arteko erlazioa.

Zentzu horretan, ezin ahaztu pestiziden erabilera oso kaltegarria dela nekazarientzat. Arazo hori are larriagoa da garapen bidean dauden herrialdeetan, non pestiziden erabilera oso lausoki araututa dagoen. Esan gabe doa substantzia hauek ingurumenari sortzen dioten kaltea ere nabarmena dela. Pestiziden erabilerak gizartearentzat dauzkan kostuak kalkulatzeko orduan, ez da kontuan hartzen hauek sortutako kutsadura garbitzeak zer suposatzen duen.

4.– Genetikoki eraldatutako organismorik ez dute: Nekazaritza ekologikoan ez da onartzen genetikoki eraldatutako organismoen (GEO) erabilera. GEOen landaketak eragin kaltegarriak dauzka ingurumenarentzat zein osasunarentzat. Gainera, monolaborantzaren eskutik, GEOekin egindako nekazaritzak laboreen uniformetasun genetikorantz garamatza, horrek etorkizuneko izurri eta gaixotasunen aurrean suposatzen duen arriskuarekin (alegia, landare guztiak genetikoki berdinak badira, izurri edo gaixotasun baten aurrean denek jokatuko dute berdin, eta, ezin badiote aurre egin arazoari, uzta osoak galduko dira).

5.– Antibiotikorik ez dute: Abeltzaintzan antibiotikoez egiten den erabilerak larritasuna sortu du, bai gizakion osasunean honek izan dezakeen eraginarengatik eta baita antibiotikoen erabilera masiboak berauen eraginkortasunaren galera dakarrelako. Ekoizpen ekologikoaren araudiak antibiotikoen erabilera sistematikoa debekatzen du. Aziendak tratatzerako orduan, homeopatia, fitoterapia eta bestelako sendabide alternatiboak lehenesten dira, tratamendu alopatikoak soilik salbuespeneko egoera oso konkretuetara mugatuz.

6.– Jasangarriak dira: Ingurumena zaintzea da ekoizpen ekologikoaren lehentasunetako bat. Elikagai ekologikoak jatean, ingurumenaren zaintzan laguntzen dugu, lurraren, airearen eta uraren kutsadura saihestuz. Kutsadura gutxien sortzen duena da, karbono dioxido gutxien emititzen duena, ekoizpenean erabilitako energia unitate bakoitzarengatik elikagai kopuru handiena ekoizten duena… Finean, nekazaritza ekologikoak klima aldaketari aurre egiten dio, eta, aldi berean, kutsadurarik ez du sortzen. Energiaren aurrezpenean laguntzen du, lehengaiak ahalik eta hobekien aprobetxatuz. Nabarmentzekoa da, beste alde batetik, aniztasun biologikoaren gutxitzea dela egungo ingurumen arazoen artean garrantzitsuenetako bat. Nekazaritza ekologikoak tokian tokiko espezie eta barietateen erabilera sustatzen du (espezie eta barietate modernoen erabilera baztertu gabe, bistan da), hauen biziraupena bermatuz.

7.– Kalitate maila gorena dute: Ekoizpen eredu ekologikoaren trazabilitatea baserritik mahairaino bermatzen da, Europako Batzordearen 834/2007 Erregelamenduan ezarritako baldintzen bitartez. Ekoizpen gunetik salmenta gunera arte, kateko eragile guztiak ikuskaritza eta kontrol sistemaren barnean daude: erabili diren lehengaiak, jarraitutako eraldatze prozesua, etiketatua…

8.– Abereen ongizatea errespetatzen dute: Aziendaren estresa gutxitu aldera, araudiak neurri zehatzak ezartzen ditu ukuiluen zein belardien tamainari buruz, abereak erabateko askatasunetik gertu dagoen egoera batean bizi daitezen. Era horretan, animaliak beraien erritmo naturalean eta bizi baldintza egokietan hazten dira. Hormonen erabilera ez da onartzen. Belarjaleen elikadura larreetan oinarritzen da, pentsu eta bazka ekologikoekin osatuz. Abere gazteen kasuan, amaren esnea da oinarria lehenengo hilabeteetan. Estresik gabeko abereak osasun arazo askoz gutxiago dauzka, eta, ondorioz, produktu hobeak ematen ditu.

9.– Natura errespetatzen dute: Nekazaritza ekologikoak lurra zaintzen du, desertifikazioa geldotuz; uraren mantentzea sustatzen du eta ez ditu akuiferoak kutsatzen; bioaniztasuna indartzen du, ekosistemak mantenduz eta basapizti, intsektu eta bestelako espezieen biziraupena ahalbidetuz. Oreka ekologikoa dago erdigunean. Hori lortzeko tresnak dira laboreen txandakatzeak eta elkarketak, ongarri berdeak, ezkaiak, abeltzaintza estentsiboa bera… Finean, baliabide naturalen erabilera zentzuduna egitean datza eredu ekologikoa, nutrienteak berriz ere sisteman sartuz, konpostaren bitartez. Landa eremuen garapen jasangarria sustatzen du nekazaritza ekologikoak, naturaren oreka jarduera ekonomikoaren lehen lerroan jarriz.