Arantxa Urbe

Hezkuntza unibertsala, beteko ez den helburua

Beranduenez 2015erako munduko neska-mutil guztiak eskolara joango zirela erabaki zuten 2000. urtean Dakarren (Senegal) 160 herrialdek baino gehiagok «Hezkuntza denontzat: gure konpromiso komunak betetzea» ekintza markoa onartu zutenean. Beranduenera iristen ari gara. Jada, 2015etik aurrera begira jarri eta eztabaidatzen ari dira garapen agendako helburuak. Atzera begiratu eta datu berriek erakutsi dute, ordea, mundua urrun dagoela ipinitako helburu oinarrizkoenetako bat betetzetik, eta milioika neska-mutilek eskolara joan ezinik jarraitzen dutela.

Unescok kaleratutako txostenen arabera, Europar Batasunak 2010 eta 2011 artean ia heren batean gutxitu zituen oinarrizko hezkuntzara zuzendutako diru laguntzak. Neurri horrek, hezkuntza arloan lorpen eskasak egin dituzten 74 herrialderi eragin die zuzenean. Horien artean daude Bangladesh, India, Malawi, Papua Ginea Berria eta Hegoafrika.

Diru laguntzak gutxitu egin dituzte eta, gainera, esleitzen den dirua ez da derrigorrez behar gehien duten herrialdeetara iristen. Hala, 2011n oinarrizko hezkuntza laguntzera zuzendutako 5.800 milioi dolarretik 1.900 soilik izan ziren diru sarrera txikiak dituzten herrialdeentzat: hau da, lehen hezkuntza unibertsala lortzeko gehien borrokatu behar dutenentzat. Oinarrizko hezkuntza laguntzeko herrialde txiroenei emandako diru laguntzak %9 gutxitu ziren 2010 eta 2011 artean: dirutan, 189 milioi dolar gutxiago. Garai berean, diru sarrera ertainak dituzten herrialdeei zuzendutako laguntzak kopuru bertsuan handitu ziren. Munduko Bankuak handitu egin zuen oinarrizko hezkuntzari eskainitako laguntza orokorra, baina hortik diru sarrera txikia duten herrialdeei zuzendutako laguntza ia laurden batean gutxitu zuen. Diru gutxiago eta okerrago banatuta. Ondorioz, dagoen dirua gero eta gutxiago iristen da behar handiena dutenengana.

Eskolara joaten ez diren haurren kopuru handienak dituzten herrialdeetatik hiru soilik daude laguntzen hamar hartzaile nagusien artean: Etiopia, India eta Pakistan. Pakistanen eskolatu gabeko haurrak 5,1 milioi izatetik 5,4 milioi izatera pasa ziren urtebetean. Gaur egun, Pakistanen Indian baino hiru aldiz haur gehiago dago eskolatu gabe.

 

«Hezkuntza denontzat» egitasmoaren jarraipen txostenaren arabera, diru sarrera txikia duten herrialdeek urtean 26.000 milioi dolar behar zituzten lehen hezkuntza unibertsala 2015erako lortzeko. Gaur egun jasotzen duten laguntzak ez du galera finantzarioa ekidin eta murrizketek galera hori areagotzea besterik ez dute eragingo. Azken hiru urteotan oinarrizko hezkuntza laguntzeko galera finantzarioa 10.000 milioi dolarretan handitu da. Pentsatzekoa da zein den arrazoi nagusia: laguntza emaileek ez dute beren hitza bete.

Munduan, bien bitartean, herrialde askok borrokan jarraitzen dute analfabetismotik aske diren lurralde bihurtzeko. Horretarako, Unescok ezarrita du marra: 15 urtetik gorako pertsonen %96k irakurtzen eta idazten jakin behar du. Kuba izan zen analfabetismotik libre izendatutako lehen herrialdea. Hori, 1961ean lortu zuen, Kubako Iraultza gertatu eta bi urtera. Hunkigarria da ikustea nola herritarrek elkarri irakasten dieten analfabetismoaren zulotik ateratzeko.

Gure inguru hurbilean, berriz, barne produktu gordinetik urtero hezkuntzan inbertitzen den zenbatekoa gero eta txikiagoa da. Espainiako Estatuan, esaterako, 2009tik gutxitzen ari da. Itxura guztien arabera kopurua jaisten joango da gobernuak Bruselarekin hartutako konpromisoak direla-eta, 2015erako %3,9 bilakatu arte. Europako batez bestekoa %5,25 zen 2011n Eurostat berak emandako datuen arabera. Barne produktu gordinaren %7 zortzi urtez hezkuntzara bideratzeak 70.000 milioi euro kostatuko lituzke. Asko dirudi... Bankuak erreskatatzea 40.000 milioi euro kostatu da.

Eusko Jaurlaritzak, barne produktu gordinarekiko hezkuntza gastua %4,01etik %3,97ra jaitsiko du, %6tik oso urrun. Horrela daude kontuak eskolara joatea jaiotzearekin bat datorrela dirudien parajeotan! •