Ainara Lertxundi

Mediterraneoak aurten 3.419 lagunen ametsak irentsi ditu

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak aditzera emandako datuen arabera, aurten 3.419 etorkin hil dira Mediterraneoa gurutzatu nahian. Mundu osoan 348.000 lagunek jarri dute euren bizia arriskuan itsaso edo ozeanoak zeharkatzeko saiakeran. Nazioarteko komunitateak huts egin duela ohartarazi du Antonio Guterresek, UNHCRko zuzendariak. «Gerratik eta pobreziatik ihes egiten duten pertsonei asiloa eta babesa eman beharrean, sarrera debekatu nahi diete gobernu askok. Hutsegite larria da hori, batez ere, gatazka armatuek eragindako errefuxiatuen kopuruak marka guztiak hautsi dituen garaiotan», salatu du Guterresek. Asteartean, 408 siriar erreskatatu zituzten Mediterraneo itsasoan Siziliako kostaldera iritsi nahian ari zirela. Horietatik 61 haurrak ziren eta 54 emakumeak, guzti-guztiak Siriakoak. Sei egun zeramatzaten nora ezean eta, dagoneko, deshidratazio sintomak zituzten. Beraiena da «pobreziaren turismoaren» aurpegi latzena.