Iratxe Esnaola

Gabonetako argazki behartua

Memoriako egutegiaren hasieratik, edota jaio nintzenetik, Gabonetako bizipenak urteroko aldagai bat dira niretzat. Erabat lotuak daude nire egoera pertsonalarekin. Horren isla bilakatzen dira. Argazki bat. Argazki derrigortu bat, aurrez ezarritako datetan, nik erabaki gabe, nire argazki hori ateratzeko unea izan ala ez. Bai, Gabonak argazki bat dira: urte amaierako ispilu pertsonal bat.

Txikitan Olentzeroren misterioak eta magiak sorginduta bizi nituen Gabonak. Opari pila bat jasotzen nituen. Alta, zirrara hori bizi nezakeenean ere, gure etxean ez zegoen, familia giroko otordu oparo eta goxoez gain, Gabonen gaineko izpiritu berezirik. Ez apaingarririk, ez zuhaitzik, ez mahatsik ez ezer. Eta Erregeen egunean abstenitu egiten ginen, gurasoen erabakiz. Gabon gaua, Eguberri eguna, Urtezahar gaua eta Urteberri eguna jandako guztiaren tripako minak bereizten zituen, familiako kideen konpainiaz harago. Gabonetarako ilusio berezirik ez, hortaz, baina ezarriak datozen egun horietan guk ere ia gainontzeko guztiek egiten duten hori egiten genuen: mahaiaren bueltan elkartu, eta jan.

Nerabezaroan, Gabon gaueko eta Urtezaharretako lagunarteko poteoek hartu zuten indarra. Afaltzera ardo batzuk edanda ere iristen nintzen, ohartu gabe (nerabezaroa, familian berriketarako faserik konplikatuena den horretan). Urteberria ere parranda luze eta ero batekin hasteko garaia zen. Unibertsitateko urteetan, nerabezaroko bizipenekin jarraitzeaz gain, herritik kanpo bizi ginen lagun guztiok elkartzeko garaia ere bazen. Gabonek bazuten, hortaz, ‘funtzio’ bat oraindik.

Nik unibertsitatea bukatu eta gutxira aitak utzi gintuen, 2005eko uztailean. Eta horrek, bizitzan, oro har, eta Gabonetan, bereziki, inflexio puntu bat ekarri zuen. Hor hasi nintzen Gabonetako ispiluaren drama aurrez inoiz ez bezala sentitzen. 2005eko lehen Gabon haiek oso gogorrak izan ziren. Arraroak. Bagenekien lehenak zirela, eta horrek dramaren dimentsioa handitzen zuela, baina urteek erakutsi didate Gabonetako argazkietako bat beti izango dela aitaren falta. Eta une horretan, Gabonekiko harremanean gainbehera ikaragarri bat sentitu nuen. Ordurako hain gustuko ez nituen Gabonak, gorrotagarri bilakatzen hasi ziren. Eta horrela jarraitu du izaten, gutxiago edo gehiago, izeba izan nintzen arte.

Ilobak berarekin dakar umearen inozentzia eta ametsetarako berezko prestutasun eta gaitasuna. Berarekin dakar Olentzeroren itzulera eta bere magia guztia. Eta iloba gai da hori guztia inguruko guztiei transmititzeko. Umeek familia-giroa astintzen dute. Begirada eta arreta lapurtzen dizkigute. Eta Gabonen drama ahazten edo lausotzen ere laguntzen dute. Baina halere, ilobak ez du lortu Gabonekiko nire distantzia guztiz desagertzea (beharbada ni neu ama izatean aldatuko da, aldatzekotan, eta bestela, sekula ez).

Aurten, Gabonei planto egitea erabaki dut, erdizka bada ere. Planto horrek, noski, ezarritako ohiturak astintzea dakar, jakinik ere, Gabon izpiritu berezirik ez dela inoiz izan nire etxean. Baina badakar aldaketa bat, eta ingurukoen halabeharrezko onarpena.

Aurten urte berria lagun talde batekin Euskal Herritik urrun hastea erabaki dut. Gabonetako argazkia behartua den heinean, nire buruari egin diezaiokedan oparirik handiena benetan desio dudan argazkia lortzeko ahalegina baita: badu ihes puntu bat, noski, baina hori da aurten atera nahi dudan argazkia.