Beñat Gaztelumendi

Itxi begiak

Itxi begiak, egizu lo, gabon gaua izan arren edo gabon gaua delako, auskalo zergatik baina inoiz baino begi itxiagoz, inoiz baino sakonago egizu lo itsasoko piraten marrazkidun manta lodian bilduta; egizu lo eta egizu amets, batez ere amets egizu; gaur gabon gaua izan arren edo gaur gabon gaua delako egizu amets: kanpoan ez du elurrik ari, ez dabil izar usorik zeruan baina berdin dio, zortzi urtetxo baino izan ez arren badakizu mundua ez dela ipuinek dioten bezalakoa guztiz, beti dagoela zati asmatu bat, kontatu gabeko zerbait kontakizunen margena ilunetan gordeta baina egizu lo, ez entzun egurrezko pertsiana jotzen duen euri zaparradarik txingorrik haizerik; mundua urrun dago, hormaz bestaldera adibidez, eta logelan ez zaizu krisirik sartuko, ez zaizu gerrarik indarkeriarik inbidiarik begirada epailerik beldurrik zoritxarrik sartuko, zirrikitu guztiak estaltzeko moduan itxi dugu pertsiana eta badaezpada ere argitxo bat utzi dizugu zintzilik hortxe, hormako entxufe zurian, hara begira lo egin dezazun, mundua ere lotan balego bezala; eta badakizu ez dela hala, badakizu kanpoan badela esna dagoenik, badela amets egiten ahaztu zaionik baina egizu lo, gaurko gaua luzea izan da, inoiz ikusi gabeko irribarrez irabazi dizu aitonak kartetako partida, inoiz kontatu gabeko sorgin istorioak kontatu dizkizu amonak eta inoiz baino isilago egon dira aita eta ama; hotzagatik izango da agian edo bihar jai delako edo gaurko arkumea inoiz baino goxoagoa dagoelako, nork daki zergatik, baina inoiz baino isilago egon dira eta presaka bezala sartu zaituzte zure pirata marrazkidun manta artean eta ia muxu ematea ahaztuta esan dizute gaueroko «ondoloin» hori, haizea bezala pertsianako zirrikituetatik ihesi joan dena eta badakizu gaurkoa berezia dela baina ez dakizu ziur zergatik; jangelako zuhaitz azpian jarritako zapata berriekin oroitu zara, badakizu bihar zerbait izango dutela gainean edo hala espero duzu behintzat, baina jada ez zara oroitzen zer den egotea nahi duzun hori eta, egia esan, ez dizu askorik axola, begiak itxi nahi dituzu baina iazkoarekin oroitzen zara, nola intxaurrak falta ziren eguberri egunean jangelako egurrezko saskitxoan eta sagardo botila bezperan baino hutsago zegoen, eta klasean baten batek esana dizu ume jolasak direla horiek, mundua ez dela horrelakoa; futbola existitzen dela eta zigorrak eta etxeko lanak eta oraindik gustatzen ez zaizkizun hainbat gauza, zure munduan kokatzen asmatzen ez duzun hainbeste gauza baina oroitzapen hori uxatu nahi duzu, tonu laranja iluneko argitxoari begiratu eta bihar zuhaitzaren azpian aurkituko duzuna imajinatu, baina gero eta zakarrago jotzen ditu haizeak zure pertsianaren zirrikituak eta euria erotuta ari du hormen kontra, etxeko egurrezko egitura hizketan hasi da hotza jasan ezin balu bezala, nahiz eta gaur elurrik ari ez duen, gaur dena dago biziago, munduak zerbait esan nahiko balizu bezala, zer den ez dakizun arren edo jakin nahi ez duzun arren; zaratak entzuten dituzu pasilloan, pausu hotsak gurasoen logelatik jangelarantz, ixten den ate bat, papera eta zeloa, xuxurlak jangelan baina ez zaitez ohetik jaiki, haurtzaroa kontakizunak biltzeko paper hauskor bat besterik ez da, ez jarri hanka-puntetan etxeko zapatilak ohe ertzean utzita, ez ireki gelako atea kristalezkoa balitz bezala, ez zeharkatu pasilloa, ez hurbildu jangelako atera arren, ez hurbildu jangelako atera, hogei urte pasa dira zu zaren haurra izan nintzenetik baina oraindik goizegi da papera apurtzeko, mundua esna dago eta zure logelako pertsianako zirrikitutik logelara sartu zaizu haizea, sartu zaizu euria, baina itxi begiak, arren, itxi begiak beste pixkatxo batean.