Arantxa Urbe

Magiak piztutako zortzi begitxo

Olentzero maitea aurten ere hemen nabil eskean, baina aurten dena dakit, eskatuko dizkizudanak asko dira, baina ez ekarri denak. Konformatzen naiz jada handia naiz eta!! (...) Eskerrik asko urte hauetan hain sekretu polita gordetzeagatik. Nora

Sinaduraren alboan, amaren ezpainetako gorrienarekin estanpatutako bi ezpain.

Ipuin batean bezala gertatzen da. Adarraren uluak adi ipiniko gaitu. Manex, Nora, Haizea eta Ganix beren sudur txikiak leihoko kristalera pega-pega eginda ikusiko ditut, ilunaren erdian etxera hurbiltzen ari den argi txikiari begira. Olentzero ikusiko dute gerturatzen, mantso, bizkarrean zakua duela. Etxeko aldaba jo eta atea zabaltzean nekatuta dirudien Olentzero agertuko zaie, bizar zurikoa eta argala. Izan ere, gurera etxe guztietatik pasatu eta mendirako bidean doala etortzen da, lan-gau luzearen ondoren. Eta noski, ulertuko dute zein nekatuta egongo den Olentzero ordurako. Magiak piztutako zortzi begitxo! Une hori da Gabonek duten memento liluragarriena eta zirraragarriena, nire ustez.

Norak 9 urte ditu. Aurreko urtean jakin zuen Olentzerorena. Gabon gaueko afalostean, etxeko txikienek alde egin zutenean, kontatu zigun, erdi barrez-erdi lotsatuta: «Hau lotsa, nik denei esaten nien Olentzero ez dela lodia, Olentzero flakoa dela. Hau lotsa!». Eta ohartu nintzen gure Norak, guri egokitu zitzaigun bezala, Olentzeroren defendatzaile lanetan ibili behar izan zuela.

Egun hauetan eskandalizatuta dabil Nora, ordea. Irratian, merkataritza gune ezagun bateko iragarkia entzun du: «Utzi haurrak Izotz Jauregian eta etorri opariak erostera». Ulertu ezinik dabil hain ongi gorde beharreko sekretua, berari argitzea hain gogorra egin zitzaiona, lau haizetara horrela zabaltzea: Haizearen eta Ganixen belarrietara hel daiteke... Nola liteke!

Adin bera du Manexek. Iaz aurkitu zion erantzuna herri eta bazter bakoitzean ikusten zituen olentzeroak desberdinak izatearen zergatiari. «Alkatea da Olentzero», esan zigun. Eta guk gure sekretua ba ote dakien ala ez zalantzan jarraitzen dugu. Tankera hartu diot badakien arren ezjakinaren itxurak egiten dituela, ohartu delako guretzat garrantzitsua dela eta ez dadin bera izan gure ilusioa zapuztuko duena.

Eskolak, magia gordeleku

Eskolak dira abenduko egun hauetan magia gordeleku handienak, seguruenik. Eskolara joaten jarraitzeko zortea dugunok, plazerez entzuten ditugu haurren teoriak. Bost urteko Eñautek zioen erne ibiltzeko, Olentzerok entxufeen zuloetatik ikusten duela dena. Horrela eman zion azalpena Olentzerok dena ikusi eta entzutearen fenomenoari.

Sei urteko Danelek, berriz, amari esan zion Olentzerori gutuna idatzi eta azal zuriko arreba eskatzeko. Izan ere, ezin zuen ulertu gurasoek ekarri behar zuten arrebak zergatik izan behar zuen beltza Olentzerori nahi dena eska badakioke.

Hiru urteko Unaik, aldiz, Olentzero zeruan dagoen parke moduko batean bizi dela kontatu zigun. Jolastokian geunden, abenduko arratsalde eguzkitsu batean, eta bere teoria indartzeko, hegazkinek zeru urdinean marraztutako ke arrastoak seinalatu zizkigun. «Olentzero ateratzeko lekuak dira», esan zigun, serio.

Zenbaitek pentsatuko du gezur handi bat elikatzen laguntzen dugula Olentzeroren istorio eta ipuin horiekin guztiekin. Krudelkeria dela hori umeentzat. Zenbaitetan niri ere sortu zait zalantza ea ez ote garen gure fantasia muturreraino eramaten ari; azken batean, maila batean guk eta beste maila handiago eta bortitzago batean merkatuak asmatu duen negozioan sakontzen jarraitzeko.

Norak Olentzerori amaren mesanotxean utzi dion gutunak uxatu ditu nire zalantzak. Gezur handi baino sekretu polit moduan sentitu du txikitatik aitona-amonen etxean ikusi eta bizitu duena. Bestalde, ez zait iruditzen Gabonek ekartzen duten gezur edo zurikeria sorta guztitik ankerrena hura denik... Olentzerok gure etxean erakutsi digu ipuin batean bezala bizi daitekeela, batzuetan munduari falta zaizkion koloreak guk geuk margotu diezazkiokegula.

Irrikaz nago Olentzeroren adarra noiz entzungo, Manexekin, Norarekin, Haizearekin eta Ganixekin Olentzeroren sekretuaren magian murgiltzeko. Eta sekretuaren eta magiaren jabe garenez, Olentzerori bere bizkar jarri ditugun erantzukizunak ken diezazkiokegu, azkenean: presoak etxera ekartzekoa, herri hau libre egitekoa, gu zoriontsuagoak egitekoa...

Ez naiz originala izango, baina bihotz-bihotzez, egun zoriontsuak opa dizkizut. Zure baitan duzun maitasunak bizitzeko indarra eta zentzua eman diezazkizula. Urte berri on!!