Iker Barandiaran

OLE ENT(Z)ERO, SAN CHESKI ETA BEDEINKATU EZIN DIRENAK

Gabonak ez dira inoiz bereziak izan. Ez diegu garrantzi berezirik eman. Aitak hilabeteak egiten zituen atzerrian lanean eta amak nahikoa zeukan elurra sarri egiten zuen negu gogor haietan seme-alabok polo gorrotagarri eta partxez betetako panazko prakez ondo babesten; baita Guardia Zibila kuarteletik irteten zen bakoitzean haien gehiegikerietatik gu aldentzen ere.

Izan ere, ni txikia nintzenean errepideetako barrikadak Seat 850 txikiekin egiten ziren, baina inoiz zibilak izan ez diren guardien bortizkeria eta inpunitatea itzela zen, ia gaur egun bezala.

Erraz antzeman daiteke gauza batzuk ez direla askorik aldatu, baina beste batzuk, eguraldia kasu, bai. Txikia nintzenean negu guztietan egiten zuen elurra eta ugari, gainera. Sasoi hartan askotan ematen zizkiguten oporrak ikastolan, elurraren eta izotzaren erruz berogailuak lanik egin ezin zuelako. Gaur egun, aldiz, elurra belaunaldiz belaunaldi egiten du, gure ondorengoei zertan datzan azaltzeko, besterik ez.

Olentzero ere urtero etortzen zen gurera, noski. Baina aitak Afrikako iparraldean lanean hiru hilabete pasatu zituen aldi batean, hango eguzkiak belztuta etorri zelarik, etxera bueltatzean ez nuen ezagutu eta Olentzero zela pentsatu ei nuen. Halakoak pasatu eta gero, aitak gutxiago bidaiatzeko ahalegina egin zuen, eta Olentzero, beste etxeetara bezala, gurera gauez etortzen hasi zen. Gabonetako apaindura berezirik jartzen ez bagenuen ere, Olentzeroren etorrera oso estimatua zen guretzat, jakina. Eta aitona-amonen etxetik ere pasatzen zen. Han egiten genituen zenbait bazkari eta afari, familiaren beroan, erabat modernoa zen aitonarekin eta goxoetan goxoena zen amonarekin.

Modernoarena diot, aitona barazki-jalea nuelako. Bere aitaginarreba, artzaina zena, Gerra garaian mendian frontetik hurbil bizi izandakoaren erruz hilzorian egon zen eta petrikilo batek ia mirakuluz salbatu zuen. Haragia ez jateak salbatu zuela esaten zuen; eta hala bada, aitonak irakaspen horiek zuhur jarraitzen zituen Gabonetan ere.

Olentzerorekin haserre

Olentzeroren harira bueltatuta, berarekin erabat haserretu nintzen. Sasoiko gaztetxo guztiok patineteekin ibiltzen hasi ginen. Ez pentsa orduan skate hitza hona etorrita zegoenik, ezta haren gainean zutik ibiltzeko gai ginenik ere, nahiz eta handik zenbait urtera errefuxiatuta bizi izandako lagun batek atzerritik halako bat ekarri eta guk estralurtarra bailitzan begiratzen genion tramankuluari. Gure artean izugarri zabaldu ziren Sancheski izeneko patinete laranja kolorekoak. Bada, nahiz eta neuk behin eta berriro eskatu, nire etxera ez zen Sancheski delakorik heldu, pixka bat txikiagoa zen eta ipurdia gainean ozta-ozta jarri nezakeen koadrotxoz jositako Amaia izeneko patinetetxoa baizik. Ze lotsa eta amorrua, Sancheskian jesarritako lagunez inguratuta, Gorabeherako aldapa jaisten ahalegintzen nintzen bakoitzean. Ez nion Olentzerori luzaroan barkatu!

Horregatik Gabonei bizkarra ematen hasi nintzen eta beste gauza batzuk deskubritzen. Santomas jaiekin batera hartzen genituen oporrak, parranda giroan. Kalean, tabernetan, gustura ibiltzen ginen. Garai hartakoak dira, esaterako, Herrera de la Manchan zeuden presoei elkartasuna emateko egiten ziren autobus txangoak.

Olentzero faltan, han zeuden euskal presoei berotasun pixka bat helarazteko egiten zen bidaia, eta estepa antzeko hartan hainbeste jende batuta presoengandik hain hurbil eta aldi berean urrun bizitakoa ezin da deskribatu. Ezta harako joan-etorria ere, abentura hutsa baitzen esperientzia berriak deskubritzen ari ginen gaztetxoentzat.

Gabon horietan kaleratu zuen, hain justu, Herrera de la Manchan lehen kontzertua egin zuen Negu Gorriak taldeak ‘Hator hator’ eguneratu eta azkartu zuen single arrakastatsua, herriko disko dendatako erakusleihoak bete zituena, eta Gabonen soinua, usaina eta hutsunea tabernetara, kalera, ekarri zigun halabeharrez.

Gerora, nagusitu ahala eta batez ere Unidad Alavesa eta UPN delako frankiziak Olentzero boikotatzen aritu izanaren ondorioz, berrartu nuen ikazkinarenganako xinpatia. Eta, zer esanik ez, gurasoa naizenetik… Baina guztia ezin da kontatu.