Xabier Mikel Errekondo

Olentzero maitea

Paper zurian lapitzaren ikatzak “O” erakutsi ahala uhin urduri baten ziztadak zarratatu dizkit barruak, behatzetatik besora, saihetsetatik sabelera… Kostata baina, ene behatz-nini beldurtiak behartu eta gero, amaitu ahal izan dut azkenean zure izena, Olentzero maitea.

Aitortzen dut ze opari eskatu erabaki ezinik eman dudala hilabete osoa, baina kitto! Agortu zait denbora eta zalantza guztiak gainditzeko erabakia hartua dut, zirt edo zart! Ikastolatik itzuli bezain pronto jarri natzaizu gutuna idazten. Izan ere, abenduaren 20a jada berandu izan daitekeelakoan nago, nahiz eta etxean dioten postariak oso direla bizkorrak. Behingoagatik arrazoi izatea espero dut.

Gutuna idazteko azken eguna gainera etorri izana ez da kasualitatea, egun osoa pasatzen baitut oker egiten omen ditudanak zuzendu ditzadan aginduak jasotzen. Eta, amatxok dio maite nauelako dela. Ziur nireak baino gozoagoak izaten direla zure esnatzeak mendiko bordako lasaitasunean.

Bitxia da gero niri gertatzen zaidana. Ikastolako lagunekin urteko eskubaloi partida garrantzitsuenaren azken unean berdinketa hautsi eta irabazteko gola sartzera noan unean bertan… nire amaren zintzur urrakorra eta argi piztu berriaren sua! …ene eguneroko amets kuttunenaren amaiera bilakatzen dira goizero. Eta ametsaren hondarrak oraindik itzulika dabilzkidan bitartean, ikastolara joateko lagunak laster zain izango ditudala mailukatzen dit belarrira, behin eta berriz, ene nahasmena areagotuz… Zorabioaren erdian eta begiek argi-ezpaten ziztaden aurka borrokan jarraitzen duten bitartean, nire amak agindu zaparrada jaurtitzen jarraitzen du: komunera segituan! Barrura egin pixa gero! Garbitu eskuak ahaztu gabe! Aurpegia garbitu eta orraztu… Behatzak katiluan sartu gabe gosaldu liteke… Garbitu ongi hortzak… eta eskuak. Uf! Aurten esnagailu bat ekarri behar didazu!

Olentzero maitea, nik zu bezalakoa izan nahi dut… Ametsetako bidaia gozotik pittinka esnatu, txapela jantzi eta orraztu ez edo ikastolan berehalaxe zikinduko ditudan hortzak eta eskuak egunero garbitu beharrik ez izateko. Eta, bazkarietan kontu bera gertatzen zait beti. Batere gustatzen ez zaidan baba beltzen platerkada ogia pasa eta garbi-garbia utzi arte janarazi egiten dit amak eta, aldiz, txorixo egosi goxo guztia jango nukeen arren, bost zatitxo baino ez dizkit hartzen uzten, hainbeste jateak kalte egingo didala esanez.

Nik zu bezalakoa izan nahi dut… askea, nahi dudanetik nahi dudan guztia jateko! Ikusten da zure amatxo nirea baino hobea dela, ez dagoela uneoro errieta egiten, ez garbitasunarekin, ez janariarekin, ez usainarekin. Eta nik zu bezain zoriontsu izan nahi dut. Nire amak dio horiek guztiak nire onerako direla, pertsona errespetagarria izateko edonork betetzen dituen arauak direla, baina niretzat tontakeriak baino ez dira eta itolarria eragiten didate. Eta, zenbat eta gehiagotan deitu bizar zarpailtsu, txapel handi, tripontzi eta zikin, pipa ahoan kea darizulako, orduan eta gehiago maite zaitut; halako arau tentelei kasurik ere egin ez eta zakarrontzira botatzen dituzulako. Maite zaitut, arauak ez betetzean ama haserretu badut ere, inoiz ez didazulako ikatzik ekarri. Zure masail gorriek irribarre bihurria aterarazten didatelako…

Baina, aurten amak irmo dio ikatz beltz-beltza besterik ez didazula ekarriko eta oso kezkatuta nago, ez baitut ulertzen zu bezalakoa izaten saiatzeagatik nola haserretzen den hainbeste.

Eta, nire lagun Josebak ez dit ba gaur jolasgaraian esan nire ama dela Olentzero? Baina, ze esateu! Hau burutik zeharo jota dago! Nola demontre sartuko da ba ene amatxo tximiniatik… Gainera, bazkaltzera etxeratu bezain pronto kopetilunduta galdera bota diodanean ene amatxok inoiz baino lasaiago dit erantzun muxu goxo batekin kopetan eta irribarre benetan polit batekin... Arratsaldean, berriz, Joseba bere okerraz jabetu dadin saiatu naiz, baina berean jarraitu du, are eta gehiago, iltzatuta geratu zait erantzuna: amatxok kopetan muxu emateak zerbait ezkutatzen duela esan nahi duela. Eta, burugogor naiz itzuli ikastolatik. Burugogor konturatu gabe bekain estu artetik indar bereziz agertzen zitzaidala begi ninietan iltzatutako amatxoren irribarrerik ederrena. Konturatu naizen arte bihurria zela irribarre hori. Zure masailgorrien pareko, Olentzero.

Baina, nola liteke ordea. Hain ezberdinak zarete… Ez zara eta amatxoren gustuko. Eta, ene sekretupeko ametsik kuttunena hautsi didazue gaur. Baina, ez zaitut gorroto. Orain neure sekretua baita ene amatxo maitea dela Olentzero…

Hainbeste gorrotatu arren zenbat zaitudan maite, Olentzero. Muxutxu potol-potoloak masail banatan, zenbat zaitudan maite, amatxo. Zatoz laster!

Ia bederatzi urte. Xabier Mikel Errekondo Saltsamendi, zure zain.…ene Gabonetako oroimen txuri-beltzezkoetatik. Izan ere, ametsik eta ilusiorik gaberik bizitzak ba ote du zentzurik?